Berriak
Eu

Lan munduan aurkitzen dituzte euskal emakumeek euren autonomia garatzeko zailtasun handienak

2013.eko uztailak 01

Emakunderen ikerketa baten arabera, 18 eta 64 urte bitarteko emakumeentzat euren ahalduntzea erabateko lehentasuna da 

Arlo pribatuan Aurrera egin dela onartzen dute, baina %80ak diskriminazioa ikusten du, bereziki arlo publikoan

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak “Emakume helduen ahalduntze prozesuak Euskal Autonomia Erkidegoan” azterlana aurkeztu du gaur goizean. Azterlan honek Emakundek bultzatutako ikerketa-ildo bat ixten du: EAEko emakumeek, eguneroko praktiken bidez, belaunaldiz belaunaldi zuzenean transmititutako ahalduntze-prozesuaren egoeraren jakintzara bideratutako ildoa, hain zuzen ere. Lehen azterlana nerabeei buruzkoa izan zen, 2009. urtean egina; bigarrena, aldiz, 65 urteko edo gehiagoko emakumeei buruzkoa, 2012an egina. Eta honako honek 18 urtetik 64 urtera bitarteko emakumeen ahalduntze-prozesuen egungo egoera eta negoziazio-ahalmena aztertzen du. 

Emakundeko zuzendariak, Izaskun Landaidak, eta ikerketaren egileak, Marce Masak, “Emakume helduen ahalduntze prozesuak Euskal Autonomia Erkidegoan” azterlana aukeztu dute gaur goizean. Azterlan honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren emakume helduen, hots, 18 urtetik 64 urtera bitarteko emakumeen ahalduntze-prozesuen egungo egoera eta negoziazio-ahalmena zein den jakitea da. Ikerlan honetako helburu bereziak izan dira emakume hauek hautematen duten autonomia indibidualaren maila zein den jakitea; emakume kolektibo horrek egun zer praktika sozial egiten dituen jakitea, jarduerak pribatuak/etxekoak diren edo publikoak/kolektiboak diren bereiziz; eta ahalduntze indibidualaren eta ahalduntze sozial edo politikoaren artean zer desberdintasun dauden jakitea.

Kolektibo horretan 704.000 lagun inguru daude gure autonomia erkidegoan, hau da, hiru emakumetik ia bi, eta hiru lagunetik bat, biztanle guztiak kontuan hartuta. Pisu kuantitatibo horrek agerian uzten du zein garrantzitsua den emakume “helduek” ahalduntzeari buruz zer iritzi duten jakitea. Dena den, azterlan honetan kontuan hartu da emakumeen kolektibo zabal horren barruan dagoen aniztasuna, oso bestelakoak baitira bai belaunaldiak, bai bizitza-ibilbideak. Horregatik, hiru adin-talde handitan segmentatu dira emaitzak (18 urtetik 30 urtera, 31 urtetik 45 urtera, eta 46 urtetik 64 urtera), horrela hobeto hurbilduko baikara errealitate konplexu horretara.

Konklusio nagusienen artean euskal emakumeentzat, autonomia indibidualak erabateko lehentasuna duela ikusi da, bizitzaren zutarrietako bat iruditzen zaie. Erabakiak nork bere kasa hartzea ez den oro, erabakimen hori errazten edo ahalbidetzen ez du oro, kritikagarria zaie. Gainera, emakumeek identifikatuta dute zein diren ahalduntze-prozesuaren erritmoa baldintzatzen duten elementuak. Hori dela eta, ahalduntzea, "bizi-aspirazio” modura izendatu du ikerketak. Euskal Autonomia Erkidegoan, emakumeak ahalduntzeko prozesua oso sendoa da, norbanakoaren baitan; autonomia hori, batez ere, ingururik hurbilenekoenetan –edo pribatuetan– gauzatzen da; baina, lan munduan, ahalduntze-prozesuak ez darama erritmo hori, eta hain zuzen ere gaur egun hortxe daude oztoporik adierazgarrienak.

Norbanakoaren garrantziak geroz eta oinarri sendoagoa du, hortaz, ahalduntze-prozesuan. Emakumeek, lehentasunak jartzeko orduan, beste edozeren aurretik, bizitzan eragina duten erabakiak nork bere kasa hartzeko autonomia baloratzen dutela gehien-gehien. Bestetik, ikerketak erakusten digu emakumeek uste dutela autonomiaren aldetik, erabakiak hartzeko orduan, aurreko belaunaldiak baino hobeto daudela. Konparaketa horren emaitzak adierazten duenez, aukera-berdintasunerako bidean badago progresibitate bat, "aurrera" egin dela uste dute. Eta, gainera –hau oso esanguratsua da-, emakume-mugimenduetan parte hartu izan duten andreak dira, garbiago eta indar handiagoz, uste horretakoak, alegia, emakumeen berdintasunean aurrera egin dela irizten diotenak.

Gehienek uste dute –gaur egun errazagoa zaienez gizarteko esparru guztietara “iristea”– bereizkeria leuntzeko ahaleginean ere aurrera egin dela, nahiz eta azpimarratzen duten oraindik bereizkeria egon badagoen, batez ere lan-arloan eta matxismoak hortxe jarraitzen duelako, kultura modura.

Emakume horien % 18,5ek uste du gaur egun ez dagoela emakumeak bizitzaren arlo guztietan lehen baino ageriago egoteko aukera gehiago; % 30,5ek esaten du gaur egun emakumeak gizonak baino autonomia txikiagoa duela erabakiak hartzeko orduan; ia % 80k esaten du gaur egun, gure gizartean, emakumea bazterturik dagoela, batez ere lan-arloan, kultura matxistak ere hortxe dirauelako.

Euskadin bizi diren 18 eta 64 urte bitarteko emakumeen artean, autonomia indibiduala garrantzi handiko balioa da. Esan daiteke, hala ere, autonomia hori batez ere etxean eta etxekoekin gauzatuko eta bideratuko dela, maila pertsonalean edo “pribatuan”, lan-arloan baino gehiago. Ahalduntze-prozesua autonomia indibidualaren mailan horrela sendotu izanak eta ingurune pribatu horretan praktikan jarritako estrategiek berebiziko garrantzia dute.

Lan munduan ikusten dituzte oztopo handienak. Eta uste dute, lan-arloaren “gizontasuna” errotik edo gogotik eraldatzen ez bada, ahalduntzeak nekez egingo duela "aurrera” gizartean eta politikan, edo zaila izango zaiola norbanakoen baitan edo plaza "pribatuan" bezain kementsu edo arin egitea.

Gazteenak, 18 eta 30 urte bitartekoak, genero-berdintasunaren diskurtsoan sozializatu dira, beste belaunaldiak baino askoz ere indar handiagoz; eta, emaitzetan ikusi denez, uste dute gaur egun beren eguneroko bizitzetan berdintasun handiagoa dutela. Baina gerta daiteke, ordea, emakume horiek, heldutasunean aurrera egin ahala, gizartean nagusi den diskurtso hori, poliki-poliki, gezur hutsa ez ote den irudipena sentitzea.

Ikerketan ikusten denez, beraz, emakumeek hainbat estrategia erabili dituzte –formalak eta informalak, publikoak eta pribatuak–belaunaldiz belaunaldi, kontzientzia hartzeko eta ikusteko zein garrantzitsua den nork bere autonomia izatea, nork bere erabakiak hartu ahal izatea. Estrategia horiek, batez ere, praktika pribatuetan eta pertsonaletan gauzatu dira. Emakundek uste du oso garrantzitsua dela ahalduntze prozesu hori bizitza sozialaren beste arlo batzuetan garatzen joatea, bereziki lan arloan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)