Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Euskadik Europako trenbide zabalera edukiko du 'euskal Y' trenbide-sareari esker

2013.eko ekainak 28

Euskal Autonomia Erkidegoak hemendik gutxira Europako trenbide-zabalera bera edukiko du euskal trenbide-sare berriari, «euskal Y»ari, esker. Horrenbestez, ez da Hendaian trenez aldatu beharrik izango. Europako zabalerara edo zabalera estandarrera egokitzea oinarrizko beharra da Euskadiren trenbide-garraiorako; izan ere, horri esker, Euskadi eta Europa lotuko dituzten bidaiarien eta merkantzien trenak etenik gabe ibili ahal izango dira, mugan trenez aldatu beharrik gabe edota ardatzak egokitzen aritu beharrik gabe. Orain artean hori egin behar izaten zen, sistema iberikoak eta frantsesak desberdinak baitira. Gainera, «euskal Y»ari eta Bordele-Tours linea berriari esker (biak aldi berean ari dira eraikitzen), etorkizunean abiadura handiko trenean joan ahal izango gara Bilbotik, Gasteiztik edota Donostiatik Bordelera edota Parisera, eta beste tren-zerbitzu batzuk ere hobetuko dira.

Frantziako trenbide-sarean egingo dituzten hobekuntzak direla eta (Bordele-Hendaia, kasu), denbora laburragoa beharko da batetik bestera joateko. Hori urrats positiboa izango da Euskadirentzat. Nolanahi ere, Euskadiren lehentasun erabatekoa nazioarteko zabalerako erreietarako sarbidea izatea da, egungo trenbide-isolamendua gainditzeko. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak oso aurreratuta dauzka lanak, proiektu hori oso urte gutxiren buruan errealitate izan dadin.

Irun-Paris da gaur egun penintsulatik Parisera, Bruselara eta Europa iparraldera iristeko biderik laburrena (denboraz eta distantziaz), eta hala izango da etorkizunean ere. Berdin du Bordele-Hendaia linea beranduago berritzea; izan ere, Frantziak epeak berriro antolatu izanaren ondorioz.

Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoa berretsi du. Rousset Akitaniako Presidenteak eta Urkullu Lehendakariak Bordeleren eta Euskadiren arteko trenbide-komunikazioa hobetzeko konpromisoa sinatu zuten martxoaren 13an. Halaber, beste behin ere eskatu zieten Frantziako eta Espainiako gobernuei berma ditzatela prestazio handiko trenbide-sare berria abian ipintzeko beharrezko lanak, penintsula eta Paris bide naturaletik lotzeko (naturala bai luzerari bai bidaiatzeko denborari dagokionez). Halaxe lortuko litzateke Europako eskualde handi honen garapen ekonomikorako, sozialerako eta kulturalerako baldintzak hobetzea.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko