Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Eusko Jaurlaritzak datu publiko irekien ataria estreinatu du

2010.eko apirilak 07

Eusko Jaurlaritza da datu publikoak Interneteko atari espezifiko batean eskaintzen dituen Espainiako lehenengo administrazioa. Horrela, Sektore Publikoaren Informazioa Berrerabiltzeari buruzko 37/2007 Legea bete du (2003/98/EE Zuzentarauari gainjartzen zaio lege hori) eta Gobernu Irekiaren ereduranzko joera gauzatu du.

Open Data Euskadi zerbitzua Justizia eta Herri Administrazio Sailaren mendeko Herritarrei Arreta Emateko Zerbitzuak darama eta Eusko Jaurlaritzaren datu publikoak eskuratzeko http://opendata.euskadi.net atarian gauzatzen da. Gaur aurkeztu dute Tecnimap-en, Zaragozan. Sektore infomediarioaren parte-hartzea izan duen sail arteko proiektu baten erakusleihoa da; Jaurlaritzak sustatzen dituen gardentasun, parte-hartze, zerbitzu eta eraginkortasunaren balioak agerian uzten ditu, eta erregistro publikoetarako sarbidea izateko eskubidea eta datu pertsonalen babesa uztartzen.

Open Data Euskadik, pribatutasun-, segurtasun- eta jabetza-murrizketarik gabeko datu publikoak erabiliz ezagutu eta eraikitzeko gonbitea egiten du. Informazioa behin eta berriz erabili daitezkeen formatuetan eskaintzen du, jabetza-lizentzia irekien pean. Lizentzia horiek aukera ematen dute datuak helburu komertzialekin banatu eta ustiatzeko. Irekieraren helburuak, balioa eta aberastasuna sortzea (hirugarrenen berrerabileraren bidez), gardentasuna sustatzea (kudeaketa publikoa aztertu eta ebaluatzeko balio baitu) eta administrazioen lankidetza erraztea dira. Esate baterako, Euskalmeten eguraldi-iragarpena widget formatuan eskaintzen du eta informazio hori herria aukeratuz pertsonalizatu eta gero edozein udaletako web orrian jarri daiteke.

Hasiera batean zazpi kategoriatan egituratu da datu-katalogoa: datu estatistikoak, geografikoak, meteorologia-datuak, turistikoak, laguntzak, kontratazio administratiboak eta beste administrazio-prozedura batzuk. http://opendata.euskadi.net atariak hainbat motatako edukiak biltzen ditu: EAEko argazkiak, estazio meteorologikoetan bildutako informazioa, balio erantsi industrialaren bilakaera eta Euskadiko upategi eta ostalaritzako lokalen zerrenda.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko