Eu

Lehendakaria: “ Gizarte osoaren helburu bilakatu behar da euskararen erabilera areagotzea”

2013.eko ekainak 28

Euskararen Aholku Batzordeak legealdi honetako lehen osoko bilkura egin du gaur Lehendakaritzan, Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan duela. Bertan, Lehendakariak txalotu egin du Euskararen Aholku Batzordearen lana.

Lehendakariak adierazi duenez gaurko Eusko Jaurlaritzaren iparrorratza Euskara 21 prozesutik sortutako printzipioak, lehentasun eta lan ildo nagusiak dira. Gaineratu du Euskadi “mundu zabalean eredu gisa ikusten den hizkuntza biziberritzeko prozesua bideratzen ari dela”, eta esan du “euskara biziberritzeko lanean erabakigarriak diren faktoreak lege estatus nahikoa, hitzkuntza politika eraginkorra eta bitartekoez hornitua, eta herritarron borondate eta atxikimendua” direla.

Urkullu lehendakariak adierazi du “hein berean adostasuna dela hizkuntza politika publikoen oinarririk sendoena eta gizartearen kohesioaren partida hizkuntza bizikidetzaren zelaian ere jokatzen dela.”

“Eusko Jaurlaritzak garbi ikusten du euskararen erabilera zabaltzeko lanean gizarte osoak eta beraz ordezkari politiko guztiok dugula eginkizuna eta erantzukizuna, bi hizkuntza dituen eta izan nahi dituen gizarte baten lehen ardura bi hizkuntza horien arteko oreka lortzea baita”, esan du lehendakariak.

“Gaur eguneko elebitasuna desorekatua da, bi hizkuntza ofizialen arteko orekarantz eramango gaituen bidea egiten jarraitu behar dugu. Elkarren errespetuan eta elkartasunean egin behar dugu aurrera euskararen normalizazioan ere, eta ahal dela, inor atzean utzi gabe”, azpimarratu du lehendakariak.” “Gizarte osoaren helburu bilakatu behar da euskararen erabilera areagotzea”, zioen lehendakariak.

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak bestalde aipatu duenez, “hiru zutabe nagusiren gainean eraiki nahi du Gobernu honek bere hizkuntza politika: adostasuna, elkarlana eta eraginkortasuna. Eta garantís berezia du Euskararen Aholku Batzorde honek, adostasunaren eta eraginkortasunaren etengabeko bilaketan. Adostasun sozial eta politiko zabala, askotarikoen artekoa, kolore politiko eta ideologiko ezberdinen artekoa, euskaraz dakiten eta ez dakitenen artekoa…denak baitira ezinbestekoak hizkuntza politika garatzeko.

”Bere aldetik Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Batzordearen funtzionamendua eta 2013/14 aldirako lan-programa azaldu ditu osoko bilkuran, eta osatuko diren batzorde-atalen zereginak zehaztu. Euskara 21 batzorde-atala izan du mintzagai, eta batzorde-atal horren eginkizun nagusiak zehaztu ditu sailburuordeak.  Euskararen Aholku Batzordeak eta Eusko Jaurlaritzak 2012an onartu zuten Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren (ESEP) diagnostikoa osatzea izango du zeregin nagusi, eta, horrekin batera, ekintzen adierazleak aztertu eta fintzea.

Horrez gain, Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren lan ildo nagusiak azaldu dira bileran, eta EAEko herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko V. Plangintzaldiaren irizpide nagusiak aurkeztu ditu sailburuordeak.

Euskararen Aholku Batzordeak lau kide izendatu berrirekin egin du gaurko osoko bilkura. Eusko Legebiltzarrak proposatu eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak astean izendatutako bost kideetatik bi dira benetan berriak, Xabier Olabarrieta eta Paul Bilbao, hain zuzen ere, beste hirurak kargu berresteak izan baitira (Lorea Bilbao, Garbiñe Mendizabal eta Alberto Lopez Basaguren). Adituen artean ere bi  izendapen berri egin ditu sailburuak: Lurdes Auzmendi, aurreko legealdiaren zatirik handienean Hizkuntza Politikarako sailburuorde izana, eta Iñaki Martínez de Luna, UPV/EHUko Komunikazio eta Gizarte Zientzien Fakultateko Soziologia irakaslea eta Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteko kidea. Honenbestez, 59 kide ditu orotara Euskararen Aholku Batzordeak, honela banatuta: erakundeetako ordezkariak 14 kide dira, Eusko Legebiltzarrak proposatuak 5, eta kide adituak azkenik, 40.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)