Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritza zerga-hobariko sistemaren aurrean egiteko lanean dago

2013.eko ekainak 28

Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri du Jaurlaritzak «ahal duen guztia» egingo duela tax lease izeneko zerga-hobariko sistemaren ondoriozko laguntzak itzultzeko Europak egindako eskaera dela-eta ontziolek duten egoerari aurre egiteko. Eusko Jaurlaritza Galiziako eta Asturiasko Gobernuekin harremanetan ari da ontziolen bideragarritasun-plan bat Espainiako Gobernuaren aurrean aurkezteko eta Europar Batasunaren barruan berau landu ahal izateko. Sektorearen lehiakortasun-maila nabarmendu du lehendakariak.Herritarren aurrean «EBk duen bihozgabetasuna» deitoratu du, eta ohartarazi ezin dela enplegua babestu eta «aldi berean ontzigintzaren sektorea hil». Hobariak itzultzeko Europaren eskaerak Euskadiko 3.000 eta 6.000 arteko langileri eragiten die zuzenean edo zeharka.

Iñigo Urkullu lehendakariari elkarrizketa bat egin diote Herri Irratian, gaur goizean Lehendakaritzan. Gaurkotasuneko hainbat gai aztertu dituzte.

Asteazkenean Bakearen Batzordea, «baldintzarik ez dagoelako», irailera arte atzeratzeko PSEk egindako proposamenari buruz, «eszenaratze bitxia» izan dela eta «sobera» egon dela adierazi du; izan ere, bere esanetan, «guztiok dakigu kudeaketa oso zaila» dela. Halaber, «zoru etikoaz asko eztabaidatzen» ari direla adierazi du Urkulluk, eta gaineratu du «bitxia» dela «PPk onartutako zoru etiko batek»  uneotan popularrek batzordean parte ez hartzea ekarri izana. Horri dagokionez, popularrei eskatu die ohartzeko beharrezkoa dela denok prozesu barneratzaile batean parte hartzea.

Beste gai bati helduta, talde politiko batzuek Eusko Legebiltzarrean duten «jokabide maltzurra» salatu du; izan ere, gobernuak iazko aurrekontuaren arabera gastatzeko ekimenak aurkezten dituzte, nahiz eta denok jakin euskal kontuek egun 1.200 milioi euroko murrizketa izan dutela 2012ko kontuen aldean. «Jaurlaritzak ez du daukana baino gehiago gastatu behar», berretsi du lehendakariak.

Bárcenasen kasua «erabat arbuiagarria» dela

Lehendakariak Bárcenasen kasuaren gainean adierazi du «politikaren zerbitzu publikoa izan nahi duen horretako gauzarik arbuiagarriena» dela; Urkulluk tamalgarritzat jo du politikarien sinesgarritasuna «auzitan» jartzea «onura partikularra» lortzeko herritarrak engainatu nahi dituzten kasuengatik. «Alderdi politikook zorrotzak izan behar dugu gardentasunari eta printzipio etikoekiko konpromisoari dagokienez. Izan ere, herritarrek beren ongizatea zaintzeko eta gizartea balio batzuen arabera eraikitzeko hautatzen gaituzte», azaldu du. Ildo horretatik, halaber, Espainiako Estatuko eta Frantzia edo Italia moduko beste herrialde batzuetako politika azken urteotan ikuskizun-politika bihurtu izana kritikatu egin du lehendakariak, bere esanetan, «biziki iraingarria» baita. «Politika beharrezkoa da sistema demokratiko batean eta politikariei jokabide eredugarria izatea eskatzen zaie», gogorarazi du lehendakariak. Amaitzeko, politikari guztiak «berdinean ez juzgatzeko» eskatu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)