Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna

Sprilur-ek 255 m² bulego esleitu ditu Azucarera eraikinean enpresari gazteen ekimenetarako

2013.eko ekainak 27

AJEBASK-Euskadiko Enpresari Gazteen Elkarteak coworking, "business" bulego eta "training" espazioetarako erabiliko ditu lokal horiek, enpresari gazteen enpresa sustapenerako Hazigune proiektuaren barruan.

Uztaileko lehen hamabostaldian 8 enpresa kokatuko dira bertan eta sektore hauek landuko dituzte, besteak beste: kanpo merkataritzako zerbitzuak, komunikazioa, aisialdia eta teknologia berriak.

SPRI Taldea izeneko enpresa garapenerako euskal agentziaren barruan kokatutako eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailari atxikitako Sprilur S.A.k bulegoetarako 250 m²-ko bi lokal esleitu berri ditu Gasteizko Azucarera eraikinean, enpresa sustapenerako ekimen batean. Sprilur-ek eta Ajebask-ek printzipioz urtebeterako alokairua hitzartu dute.

Euskadiko Enpresari Gazteen Elkartea interesaturik agertu da duela mende bat eraikitako Arabako eraikin berezi horretan, bertan garatu nahi baitu Hazigune proiektua. Asmoa da enpresa enplegu sortzaileei erraztasunak ematea bertan koka daitezen, batez ere martxan jartze edo egonkortze fasean dauden zerbitzu sektoreko enpresei. Proiektu horren barruan tokia izango dute baita ere bizi dugun krisialdi honen kausaz beren gastu egitura berrantolatu eta beren proiektuak estrategia berriekin berriro bultzatu beharra duten enpresek.

Enpresa sustapenerako proiektu honen helburua da enpresa txikiei beren oinarrizko beharrizanak bermatzea, hala nola lokalak, prestakuntza, aholkularitza edo zerbitzu komunen eskaintza.

2000. urtean Ondare Historiko Kulturala izendatutako eta une honetan Sprilur-ena den Azucarera eraikinean 60 m² atonduko dira enpresari gazteentzat coworking gune bezala, hots, lankidetzari ekiteko eta enpresen arteko lankidetza sustatzeko espazio gisa. Gune horretan ekintzailetzako 6 proiektu kokatuko dira.

Business gune bat ere egongo da, bakoitza 20-25 m² ingurukoa, non proiektuak garatu ahal izango diren merkatuko baldintzetan lehiatzeko eta aritzeko. Hasieran 7 modulu izango dira, hirunakako taldeetan, enpresarien beharrizanen arabera.

Azkenik, erabilera anitzeko prestakuntza gela bat ere egongo da, eraikinean kokatutako enpresei prestakuntza emateko aktualitateko gaiei buruz eta sostenguko estrategiekin bultzatzeko merkaturatzea eta nazioartekotzea, kalitatea, prebentzioa, lege aholkularitza, ingurunea eta kudeaketa, besteak beste.

Uztaileko lehen hamabostaldian zortzi enpresek inauguratuko dituzte espazio berriak: bost bulego independentek eta coworkingean arituko diren hiru enpresek.

Ekimen honek ez du irabaz asmorik eta bere asmoa da bidea erraztea enplegua sor dezaketen enpresa ekimenei, enpresei lagunduz eta enpresa proiektu bakoitzari egokitutako zerbitzuak eskainiz. Bere helburuen artean aipagarriak dira lan eta lankidetza gune bat sortzea, enpresen arteko lankidetza indartzea eta espazio malguak eskaintzea aldi baterako eta diruz lagundutako alokairu baten truke.

Ekimen hau beraizik zuzenduta dago egoitza soziala Araban duten enpresari gazteei, enpresa sustatzaileei, enplegua sortzen duten enpresei, eta baita ere teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak diren proiektuei, baldin eta 5 urtetik beherako zahartasuna badute eta ez badute agortu beste enpresa mintegi batean egoteko epea.

Lokal horietan sartzeko hilean 95 euro ordaindu beharko da, eta prezio horretan sartzen da argia, aire girotua, wifia, segurtasuna, atezain zerbitzua (08:30etik 17:30era) ,aparkalekuak eta bilera aretoa.

Aurtengo lehen hiruhilekoan Sprilur-ek Azucarera eraikineko beste bulego bat esleitu zion ingeniaritzako enpresa bati, eta operazio eta dinamizazio proiektu honen bitartez badirudi biziberritzen hasi dela Gasteiz inguruko enpresa jarduera.

Bilbon, 2013ko ekainaren 27an

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko