Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Euskal Herri-Administrazioko langileek abenduko aparteko ordainsaria jasoko dute aste honetan

2013.eko ekainak 30

• Neurri honi esker, uztaileko lehen egunetan 70.000 lagun inguruk jasoko dute 2013ko Eguberrietako aparteko ordainsaria.
• Eusko Jaurlaritzak Konstituzio Auzitegiaren «aldeko» ebazpena «laster» jasotzea espero du, langile publikoek 2012ko abenduan kendu zieten aparteko ordainsaria kobratu ahal izateko.


Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko, Erakunde Administrazioko eta, sektore publikorekin lotura edo, haren mendekoak izan arren, izaera juridikoa duten gainerako erakundeetako langileek datorren astean jasoko dute 2013ko Eguberrietako aparteko ordainsaria.

Aparteko ordainsarien neurriei buruzko abenduaren 28ko 19/2012 Legeari jarraiki, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko erakundeek 2013ko urtarrileko eta uztaileko lehen egunetan ordainduko dizkiete ekitaldi horretako aparteko ordainsariak beren langileei, eta hala egin zuten urtarrilean ere.

2012ko abenduko aparteko ordainsaria deuseztatzeko Espainiako Gobernuaren erabakiak EAEko herritarrei eragindako  ondorio kaltegarriak arintzeko Eusko Jaurlaritzak hartu zuten neurriak ia 70.000 laguni egingo die mesede.

Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak espero du aurkeztu zuen errekurtsoaren gainean Konstituzio Auzitegiak ebazpen bat «laster» ematea eta «aldekoa» izatea. Hala, EAEko sektore publikoko langileek «ahalik eta azkarren» kobratu ahal izango dute 2012ko abenduko aparteko ordainsaria. 

ERREKURTSOA KONSTITUZIO AUZITEGIAN

Eusko Jaurlaritzak aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna sustatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuaren 2., 8. eta 10. artikuluen, besteak beste, aurkako errekurtsoa jarri zuen Konstituzio Auzitegiaren aurrean.

• 2. artikulua: Errege lege-dekretuak 2012ko abenduko aparteko ordainsaria ez ordaintzea xedatu zuen. Eusko Jaurlaritzaren iritziz, erabaki horrek bere antolaketa-gaitasuna eta langile publikoen lansariei buruzko politika zehazteko gaitasun esklusiboa urratzen ditu.

• 8. artikulua: Espainiako Gobernuak Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 48. eta 50. artikuluak aldatu ditu: aurrerantzean, enplegatu publikoen aukerako egunak hiru izango dira; oporraldia, berriz, 22 egunekoa. Aurreko kasuan bezala, bere burua antolatzeko eta langile publikoen inguruko erabakiak hartzeko daukan gaitasuna urratu dela dio Eusko Jaurlaritzak.

• 10. artikulua: Errege lege-dekretuak, azkenik, kredituak eta baimen sindikalak murrizten ditu, EAEko berezko eskumena dena.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau