Berriak Lehendakaritza
Eu

Erabakia, X. legegintzaldiko (2012-2016) legegintza-egutegia onartzeari buruzkoa. (2013-06-25(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2013.eko ekainak 25

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK HAMARGARREN LEGEGINTZALDIRAKO LEGEGINTZA-PROGRAMA ONARTU DU

29 lege-proiektu egingo dira, besteak beste, hirugarren sektorea, enplegua, emakume nekazarientzako estatutu berria, euskal polizia berria eta Euskadiko Udalen lege-proiektua arautuko dituztenak.

Lehendakariak Legebiltzarrean agertzea eskatu du, Legebiltzarreko indar guztiei zuzenean azaltzeko.

Gobernu Kontseiluak Eusko Jaurlaritzaren X. legegintzaldirako Legegintza Programa onartu du gaur. Agiri horretan, datozen 4 urteetako gobernu-programa gauzatzeko Eusko Jaurlaritzaren legegintza-ekintzak azaltzen dira modu integratzailean eta gardenean, eta egutegi bati jarraituz.

Lehendakariak Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko du programa hori. Hain zuzen ere, berak hala eskatuta Legebiltzarrean agertzeko eskabidea erregistratu du gaur goizean, indar politiko guztiei zuzenean azaldu ahal izateko.

Hamargarren legegintzaldiko legegintza-programak Eusko Jaurlaritzaren arau-ekoizpenak zer helburu eta lehentasun izango dituen ezartzen du, bai eta horretarako zer bitarteko baliatuko diren ere, eta Jaurlaritzaren konpromiso irmoaren erakusgarri da, baliabide publikoen kudeaketa eraginkorragoa, doituagoa eta modernoagoa lortzeko bidean, betiere herritarren mesedetan.

Eusko Jaurlaritzak onartutako agiri hau "testu bizia" eta "dinamismo handikoa" da, legegintzaldian zehar eguneratu, egokitu eta hobetu ahal izan dadin, gerora sortuko diren gizartearen beharrei erantzuteko.

Legegintza-programa hori onartuta, Iñigo Urkullu lehendakariak 2013ko maiatzaren 2an eta 8an Eusko Legebiltzarraren aurrean hartutako konpromisoak betetzen dira; agerraldi horietan, izan ere, agiri hori egiteko eta Legebiltzarrari igortzeko hitza eman zuen.

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA

Euskadiko Udalen Legea (2014ko lehen seihilekoa)

Arautzearen helburu nagusia:

■ Euskal Autonomia Erkidegoko antolaketa politiko eta administratiboaren arauketa osatzea, bere lurralde-eremuan dauden udalerrien eta gainerako toki-erakundeen erregimen juridikoa legez ezarrita.
■ EAEko erakundeek, erkideek nahiz foralek, osatzen duten erakunde-, eskumen- eta harreman-sarea osoki mugatzea udal-esparruari dagokionez.
■ Tokiko autonomiaren printzipioa egoki antolatzea foru-autonomiaren eta EAEko erakunde erkideen autonomiaren esparruekin, euskal administrazio publikoak eraginkorrak eta efizienteak izan daitezen beren osotasunean, herritarren beharrei erantzuterakoan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legea (2014ko bigarren seihilekoa)

Arautzearen helburu nagusia: Gaur egun indarrean dagoen fundazioei buruzko araudia (12/1994 Legea, ekainaren 17koa, Euskal Autonomi Elkarteko Fundazioei buruzkoa, eta hura garatzeko xedapenak) egungo errealitate soziologikoari eta fundazioen sektorearen beraren eskariei egokitzea; izan ere, sektore horrek esparru juridiko berria eta eraginkorra behar du, antolamendu-egitura berriei erantzuteko.

Indarrean dagoen Fundazioei buruzko Legea indarrean jarri zenean, fundazio gehienak ongintzakoak ziren, eta fundazioaren sortzaileak bere ondasunak irabazi-asmorik gabeko erakunde bati ematen zizkion modu altruistan.

Bere garaian, aipatutako Legea aurrerapauso handia izan bazen ere, duela urte batzuetatik hona fundazio-mota berriak sortu dira: teknologikoak, bankuenak, sektore publikokoak... Fundazio horiek egitura konplexua dute, eta berariazko araudia behar dute, bai eta zenbait sektoreren kontrola ere.

Enplegu Publikoaren Legea (2014ko bigarren seihilekoa)

Arautzearen helburu nagusia:

■ Euskadiko enplegu publikoaren erregimen juridikoa antolatzea eta zehaztea, oinarrizko legediaren arabera esparru hau eratzeko dauden mugen barruan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuan eta Konstituzioan aitortutako eskumenekin bat.
■ Euskal administrazio publikoei aplika dakizkiekeen enplegu publikoa kudeatzeko tresnak garatzea.

Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko Legea (2014ko bigarren seihilekoa)

Arautzearen helburu nagusia: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra auzibidean ordezkatzeari eta defendatzeari buruzko araudia eguneratzea, gaur egungo egoerara eta beharretara egokitzeko (indarrean dagoena 1986koa da).

Euskal Administrazio Publikoaren Legea (2014ko lehen seihilekoa)

Arautzearen helburu nagusia: modu ordenatu eta bateratuan arautzea euskal sektore publikoa, sektore publikotzat harturik administrazio publiko guztiak, erakunde autonomoak, zuzenbide publikoko eta pribatuko erakunde publikoak, sozietate publikoak eta Euskal Autonomia Erkidegoko bestelako gobernu-mailek (autonomia-erkidegoetakoek, foralek eta tokikoek) beren politika publikoak gauzatzeko baliatzen dituzten gainerako erakundeak; betiere indarrean dauden legeak guztiz betez eta interes orokorra eta guztien ongia babestuz.


EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA

27/1994 Legea, maiatzaren 27koa, Merkataritza Jarduerari buruzkoa, hirugarrenez aldatzen duen Legea (2014ko lehen seihilekoa)

Arautzearen helburu nagusia: Gaur egungo legean Joan-etorri Turistiko Handiko Lekuak arautzea, aitorpen hori jasotzeko prozedura administratiboa ezarrita. Gaur egunera arte, gure autonomia-erkidegoan merkataritza-ordutegien erregulazioak ez zion inolako aipamenik egiten leku horiei. Udalen bat figura horri heltzeko asmotan dagoela jakin denean, prozesua arautzeko beharra sortu da.

6/1993 Legea, urriaren 29koa, Animaliak Babestekoa, aldatzen duen Legea (2014ko lehen seihilekoa)

Arautzearen helburu nagusia:

■ Egungo legearen babesa zabaltzea; izan ere, gehienbat, etxeko abereak eta konpainiakoak babesten ditu, eta beste batzuk ere babestu nahi dira, hala nola errenta eta produkzioko animaliak, zirku eta ikuskizunetakoak, eta esperimentaziokoak.
■ Abeltzaintzako ustiategietan, animalien garraioan, hiltegietan eta abarretan animalien ongizatea babesteari lege-maila ematea.

Emakume Nekazarien Estatutuaren Legea (2014ko lehen seihilekoa)

Arautzearen helburu nagusia: Emakumeek nekazaritzaren sektorean jasaten duten bazterketari aurre egiteko premiari erantzuten dio Estatutuak, batez ere, aitorpen profesionalari eta aintzatespen sozialari dagokionez. Ustiategien titular diren emakumeen ehunekoa ez dator bat emakumeek benetan egiten duten lanarekin; izan ere, askotan, lan horiek ikusezin bihurtu dira. Lege honen lehentasunetako bat emakume nekazariek ustiategien titulartasuna eskura dezaten sustatzea da, haien lana ikusarazteko eta lan horren ondorio diren eskubide guztiak lortu ahal izateko.

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA

Euskadiko Kooperatiben Legea (2014ko lehen seihilekoa)

Arautzearen helburu nagusia: Lege-proiektua egitearen arrazoi nagusia da 4/93 Legea aldatuz joan diren hainbat lege-testu bateratzea, sistematikotasunagatik eta indarrean dagoen araua errazago identifikatzeko eta erabiltzeko. Beharrezkoa da bateratze-lan gehigarria egitea, legearen interpretazio koherentea egiteko, edo argitzeko, beste kasu batzuetan. Berritu egingo dira zenbait alderdi, batez ere, arau-hausteei eta zehapenei buruzkoak (ikuskaritza-funtzioa barne), etxebizitza-kooperatibismoari buruzkoak eta beste zenbait alderdi zehatz (isiltasun administratiboa erregistroari dagokionez...).

Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Legea (2014ko bigarren seihilekoa)

Arautzearen helburu nagusia: "Hirugarren Sektore Sozialeko" erakundeen estatutua ezartzea Euskadin, definizioak dioen irabazi-asmorik gabeko sektore izateaz harago, ekimen eta esku-hartze sozialeko erakunde gisa ere identifikatuz, gizarteari egiten dioten ekarpenaren garrantzia aitortuz, eta batez ere gizarte-politiken esparruan egiten duten lana, eta haietan aktiboki parte hartzeko duten eskubidea aintzatetsiz.

Enpleguaren Euskal Legea (2015eko lehen seihilekoa)

Arautzearen helburu nagusia: Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-politikaren helburuak eta printzipio gidariak ezartzea. Helburu nagusi hauek izango ditu: enpleguaren maila, egonkortasuna eta kalitatea haztea, pertsonen enplegagarritasuna eta lan-mundurako sarrera hobetzea, eta enplegu-politika aktiboak planifikatzeko eta gauzatzeko egiturak eta tresnak arautzea.

OGASUN ETA FINANTZA SAILA

2014-2017 aldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistika Planaren Legea (2014ko lehen seihilekoa)

Arautzearen helburu nagusia: Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-jarduera antolatzea 2014-2017 laurtekoan. Planak, lege bidez onartu denak, jasotzen ditu EUSTAT Euskal Estatistika Erakundeak, Eusko Jaurlaritzako sailek eta horretan jarduten duten gainerako estatistika-organoek (foru-aldundiek, udalek) indarraldian zehar egin beharko dituzten estatistika-eragiketak eta -ekintzak.

Baliabideen Banaketarako eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorrak Finantzatzeko Foru Aldundien Ekarpenak zehazteko Metodologiaren Legea, 2014-2018 aldiari aplikatzeko (2014ko lehen seihilekoa)

Arautzearen helburu nagusia: Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen eta lurralde historikoetako foru-erakundeen arteko finantza-harremanen erreferentzia-esparrua eguneratzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuko 41.2. artikuluko e) idatz-zatian jasotakoa betez.

11/2012 Legea, ekainaren 14koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxena, aldatzen duen Legea (2014ko lehen seihilekoa)

Arautzearen helburu nagusia:

■ Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxen arloko gaur egungo araudia arlo horretako Estatuko etorkizuneko oinarrizko araudira egokitzea.
■ Euskal Autonomia Erkidegoko Banku Fundazioen erregimen juridikoa arautzea, arlo horretako Estatuko oinarrizko araudia betez.

Diru Laguntzen eta Laguntzen Legea (2015eko lehen seihilekoa)

Arautzearen helburu nagusia:

■ Laguntza eta diru-laguntzetarako erregimen orokorra berariaz arautzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren berezko arlo den aldetik.
■ Administrazioaren diru-laguntzen jarduera berrantolatzea, orain arte indarrean egon den legedia aplikatzean lortutako esperientzia aintzat hartuz.

1/2011 Legegintzako Dekretua, maiatzaren 24koa, aldatzeko Legea. Legegintzako Dekretu horrek Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen du eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzen du (2015eko lehen seihilekoa)

Arautzearen helburu nagusia:

■ Aurrekontuen araudian sartzea aurrekontu-egonkortasunaren, finantza-iraunkortasunaren eta urteaniztasunaren printzipioak.
■ Aurrekontuen prozedura Europar Batasuneko erregelamendu bidezko arauketara egokitzea eta moldatzea.

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA

Euskal Kultur Ondareari buruzko Legea (2015eko lehen seihilekoa)

Arautzearen helburu nagusia: Kultura-ondarearen ikuskera zabalagoa izango duen tresna arauemaile eguneratu, oso eta sistematizatu batekin euskal gizartea hornitzea; halaber, tresna horrek euskal kultura-ondarearen babes-, kontserbazio- eta hedatze-beharrei modu eraginkor eta efizientean erantzungo dien kudeaketa-eredua ezarriko du.

Agirien eta Agiritegien Euskal Autonomia Erkidegoko Legea (2015eko lehen seihilekoa)

Arautzearen helburu nagusia: Agiriak, analogikoak nahiz elektronikoak, eta agiritegiak kudeatzeko sistema integratua eratzeko oinarriak jartzea, bai eta Euskadiko Agiritegi Historikoa sortzeko ere.

Kirol-lanbideetan jarduteari buruzko Euskal Autonomia Erkidegoko Legea (2015eko lehen seihilekoa)

Arautzearen helburu nagusia: Zenbait kirol-lanbidetan jarduteko oinarrizko alderdiak arautzea, berariaz onartuta lanbide horiek zein diren, horiek betetzeko zer titulu akademiko behar diren zehaztuta eta lanbide bakoitzari dagokion funtzio-eremu orokorra esleituta. Kirolaren eremuko lanbidetzat hauek hartzen dira, eta lege honetan arautzen: Gorputz Hezkuntzako irakaslea, kirol-monitore profesionala, dagokion kirol-modalitateko edo -diziplinako entrenatzaile profesionala eta kirol-zuzendaria.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko Legea (2015eko bigarren seihilekoa)

Arautzearen helburu nagusia: Kualifikazioen, Lanbide Heziketaren eta orientabideen sistema integratua antolatzea; sistema horrek enpresen eta pertsonen beharrizan guztiak batuko ditu, modu orokorrean eta malgutasunez, lanbide-heziketako modalitate guztiak barne hartuta (hezkuntza-sistemarenak nahiz enplegurako lanbide-heziketarenak), ikasteko eta gaitasun profesionalaz jabetzeko modu guztiak onartuta eta bultzatuta, eta neurri eta ekintza guztiak adin aktiboan dauden guztiei zuzenduta.

SEGURTASUN SAILA

Larrialdiak Kudeatzeko Legea aldatzeko Legea (2014ko lehen seihilekoa)

Arautzearen helburu nagusia: Babes zibileko eta larrialdietako euskal sistemaren hainbat alderdi eguneratzea, besteak beste, erakunde eta zerbitzuen jardueretako hitzarmenak eta erlazioak sendotzea, eta gizarte-ekimenaren rola, maila publikoarekin duen osagarritasuna aitortuz. Indarrean dagoen arauketaren zenbait gabezia betetzea, besteak beste, aurreikuspenaren eta alertaren antolamenduari, herritarren eskubide eta betebeharrei, norberaren babeserako betebeharrei eta zigor-erregimenari buruzkoak. Lege honetan proposatutako aldaketen helburua ez da larrialdien kudeaketa-sistemaren oinarriak aldatzea, finkatzea baizik.

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legea aldatzen duen Legea (2014ko lehen seihilekoa)

Arautzearen helburu nagusia: Funtsean, honako hauek eragindako aldaketetatik eratorritako hobekuntza eta egokitzapen egokiak sartzea: Hauteskundeei buruzko Estatuko Oinarrizko Legea, Alderdi Politikoen Legea, Alderdi Politikoen Finantzaketari buruzko Legea, Konstituzio Epaitegiaren jurisprudentzia eta hauteskunde-administrazioaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren gomendioak.

Jendaurreko Ikuskizunei eta Jolas Jarduerei buruzko Legea (2014ko lehen seihilekoa)

Arautzearen helburu nagusia: Ikuskizunei eta jolas-jarduerei buruzko legediaren esparruak ez du segurtasun-baldintzak ezartzea soilik izan behar; halaber, kontuan izan behar du egon daitezkeela babesa behar duten beste interes publiko batzuk: osasungarritasunerako eta higienerako bermeak, ingurumenaren eta kultura-ondarearen babesa, desgaitasunen bat duten pertsonen integrazioa, ikuskizun publikoen eta jolas-jardueren kalitatearen sustapena, atsedenerako eskubidea eta haurren eta gazteen babesa.

Ikuskizunen eta jolas-jardueren arauketari neurri legalak gehituko zaizkio; ikuskizunekin eta jolas-jarduerekin harremana duten hainbat pertsona-motaren eskubideak eta betebeharrak sendotu eta argituko dituzten neurriak. Ikusleen eta erabiltzaileen eta, antolatzaileen, artisten edo jarduera horien zerbitzura dauden langileen inguruko neurriez gain, legeak kontuan izan behar ditu jarduera horiek egiten diren lekuetatik hurbil bizi diren pertsonak (hurbiltasun horregatik albo-ondorio negatiboak jasan ditzaketenak), eta horrela, aisiarako eskubidea eta atsedenerako eskubidea orekatu.

Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuak Arautzeko Legea (2014ko bigarren seihilekoa)

Arautzearen helburu nagusia: Larrialdiak kudeatzeko apirilaren 3ko 1/1996 Legearen IV. kapituluak suteak prebenitzeko eta itzaltzeko zerbitzuak eta salbamendu-zerbitzuak eta langileen estatutu-erregimenaren berezitasunak arautzen ditu, baina modu eskasean: soilik haien funtzioei buruzko oinarrizko alderdi batzuk, oinarrizko jardun-printzipioak eta funtzionarioei buruzko estatutu-erregimenaren berezitasun batzuk aipatuta.

Ekimen honen helburua da suteak prebenitzeko eta itzaltzeko zerbitzuek eta salbamendu-zerbitzuek berariazko lege-esparrua izatea, zerbitzu horien oinarrizko konfigurazioari eta bertan lan egiten duten langileei aplika dakiekeen erregimenari helduko diona; lege-esparru hori gisa horretako zerbitzuak dituzten euskal administrazioekin bat etorrita egingo da. Horrela, suteak prebenitzeko eta itzaltzeko zerbitzuak eta salbamendu-zerbitzuak lege egoki batek arautuko lituzke, eta ez erdizka larrialdiak kudeatzeko legearen gisako arau jeneralista batek; izan ere, lege horrek gehiago heltzen die larrialdien planifikazioarekin eta operatibitatearekin erlazionatutako gaiei, larrialdietan esku hartu behar duten baliabide zehatzen antolaketari baino. Hain zuzen ere, larrialdi-egoeretan esku hartzera bideratutako funtsezko zerbitzu guztien arau horretan, suhiltzaileei buruzkoa soilik arautzen da; gainerako zerbitzuek, aldiz, dagokien araudia dute: polizia, osasun-langileak... Arautze-erronka honi aurre egiteko, lan-talde bat sortuko da suteak prebenitzeko eta itzaltzeko zerbitzuetako eta salbamendu-zerbitzuetako titularrekin, eta hala, arauketa orokor horren edukia adosteko.

Euskal Herriko Poliziari buruzko Legea (2015eko lehen seihilekoa)

Arautzearen helburu nagusia: Euskal Herriko poliziari buruzko araudia gizartearen gaur egungo eta etorkizuneko eskakizunetara egokitzea, herritarren zerbitzura dagoen autonomia-erkidegoko polizia hurbilekoaren ereduan sakonduta. Horretarako, beharrezkoa da Ertzaintza prozedura arinez hornitzea, une eta leku bakoitzean behar den polizia-zerbitzuaren estaldura ezin hobea izan dadin. Prozedura horiek funtzionarioen eskubideen bermearekin bateragarriak izan beharko dute eta, aldi berean, mekanismo egokiak izan beharko dituzte polizia-zerbitzuaren efizientzia eta eraginkortasuna zaintzeko eta Ertzaintzaren jarduerak inpartzialtasunez ikuskatzeko (legez horrela ezartzen den kasuetan).

Erreforma horien eta indarreko ordenamendu juridikora eta jurisprudentzia berrienera egokitzeko beharrezko diren beste erreforma batzuen garrantzia ikusirik (eta indarrean den Euskal Herriko Poliziaren buruzko Legea behin eta berriz aldatzen den testua izanik), komenigarria da lege-xedapen berri bat egitea, arau-testu bakar batek arautu dezan EAEko polizia langileen antolakuntzaren, jardun-printzipioen eta erregimen juridikoaren aldetik.

OSASUN SAILA

Menpekotasunen Legea (2014ko bigarren seihilekoa)

Arautzearen helburu nagusia: Menpekotasunei buruzko euskal politika eguneratzea, errealitate sozial eta kontsumo-ohitura berriei egokitzeko, gaur egun 18/1998 Legea, ekainaren 25ekoa, droga-menpekotasunen arloko aurrezaintza, laguntza eta gizarteratzeari buruzkoa, baitago indarrean. Halaber, ikuspegia zabaltzea, menpekotasun-mota guztiei heltzeko.

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA

Lurzorua ez kutsatzeari eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko Legea, 1/2005 Legea ordezten duena (2014ko lehen seihilekoa)

Arautzearen helburu nagusia: Legea egokitzea, lurzoruaren kalitatearen aitortza-prozedurak arintzeko xedearekin.

Portuen Euskal Autonomia Erkidegoko Legea (2014ko bigarren seihilekoa)

■ Arautzearen helburu nagusia: Euskal Autonomia Erkidegoaren titulartasuneko portuak osoki arautzea, portuen eremuaren lurralde- eta hirigintza-antolaketari eta portuen plangintzarekin beharrezkoa duen artikulazioari helduta, baita autonomia-erkidegoaren titulartasuneko portuen ustiakuntzari eta eraikuntzari ere.
■ Portuetako jabari publikoaren kudeaketa mugatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko Lege Orokorra, 3/1998 Legea ordezten duena (2015eko bigarren seihilekoa)

Arautzearen helburu nagusia: Europar Batasunak eta Estatuko administrazioak, oinarrizko legediaren izaerarekin, ingurumenaren arloan onartutako hainbat arauditan ezarritako arauak gehitzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau