Berriak Osasuna
Eu

Analgesia epidurala erditzeen %90ean erabiltzen da

2013.eko ekainak 25

Analgesia Epiduralari buruzko Informazio Saioak emakume haurdunentzat

  • Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko anestesiologoek analgesia epidurala zertan den, teknika nola gauzatzen den eta ziztada ematerakoan pazientearen laguntza zein garrantzitsua den azalduko dute. 
  • Analgesia epiduralari esker, antsietatea eta erditze-minak arintzen dira, eta hori ona da bai amarentzat bai umearentzat. 
  • Hitzaldiak hilean behin errepikatuko dira. Maiatzean, lehendabizikoa egin zen eta 150 emakumek parte hartu zuten. 
  • 2012an, 6.326 erditzetan lagundu zuen Ospitaleak, 698 zesarea gauzatuz eta  5.711 epidural jarriz.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak, Ezkerraldea-Enkarterri, Uribe eta Barrualdeko eskualdeekin elkarlanean,  analgesia epiduralari buruzko informazio-saioak antolatu ditu haurdun dauden emakumeentzat. Hitzaldiak hilean behin izango dira, eta bertan Ospitaleko anestesiologoek azalduko dute zer den analgesia epidurala, nola gauzatzen den teknika hori, ziztada ematerakoan zenbaterainoko garrantzia duen pazientearen laguntza eta zein ote diren balizko arriskuak. Era berean, arrisku baldintzak eduki ditzaketen pazienteak detektatu nahi dira.

Saioak hilean behin errepikatuko dira ospitaleko areto nagusian. Maiatzean, aurreneko saioa egin zen, 150 emakumek baino gehiagok parte hartu zutela, eta bihar, hilak 26, asteazkena, bigarren saioa izango da, goizeko 10:00etatik 12:00etara.

Haurdunaldi bitartean, emakumeari segimendu  handia egiten zaio (analitikak, kontsultak ginekologo eta emaginarekin  ekografiak, erditzea prestatzeko saioak...), eta horren ondorioz, arreta-inguru horrekin ohituta dago Haatik, erditzeak, larrialdi medikoa izanik, Ospitalera etortzera behartzen du emakumea. Saio hauen bidez, ospitalearen irudia atseginago izatea nahi dugu, Ospitaleko Larrialdietara sartzen denetik erditze aldera iritsi arte zer-nolako ibilbidea jarraituko duen eta zer-non galdetuko dioten bideo baten bidez erakutsiz. Ondoren, analgesia epiduralaren nondik norakoak jorratuko dira. Hitzaldia amaitutakoan, bertaratuek galderak egiteko aukera izango dute, eta agertutako zalantza guztiei erantzuna ematen saiatuko gara.

Analgesia epidurala erditzeen %90ean erabiltzen da, antsietatea eta erditze-minak arintzeko, eta hori ona da bai amarentzat bai umearentzat. 2012an,  Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak 6.326 erditzetan lagundu zuen, 698 zesarea gauzatuz eta  5.711 epidural jarriz.  

Ildo horretan, Osakidetzak emakume haurdunen arreta hobetzeko plan batean dihardu beste zentro batzuekin batera, hala nola, Basurtuko eta Donostia Unibertsitate Ospitaleak. 

Eguna: asteazkena, ekainak 26

Ordua: 10:00 - 12:00

Tokia: Areto Nagusia

Argibide gehiago

Komunikazio Bulegoa 94 600 64 28

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau