Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritzak hezkuntza-sisteman genero indarkeriari aurrea hartzeko eta hezkidetza lantzeko plan estrategikoa aurkeztu du

2013.eko ekainak 24

2013-14 ikasturte berriarekin jarriko da abian. Planak ikastetxeetan hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentziorako arduradunak izendatzea proposatzen du

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak Hezkuntza-Sisteman Hezkidetza lantzeko eta genero indarkeriari aurrea hartzeko Plan Estrategikoa aurkeztu du gaur goizez Bilbon. Ikasgela bereko neska eta mutilen artean harreman berdintasuna bilatu nahi du plan honek, eta eskola eredu hezkidea lortzeko helburuz jaio da, pertsonen garapen osoan oinarritua, estereotipo eta sexuaren araberako roletatik haratago. Diskriminazio mota oro eta genero-indarkeria arbuiatuz heztea ere bada plan honen helburua, eta ikasleari generoak markatu gabeko norabide akademiko eta profesionala ahalbidetzea. 

Gizon eta emakumeen arteko berdintasunean aurrera egiteko eskolak duen erantzukizun saihestezinarekin jakitun, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak 2013-14 ikasturtean ipiniko du abian. Plan berri honek ikastetxeetan hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentziorako arduradunak izendatzea proposatzen du, bai eta Eskola Kontseiluan berdintasun ordezkari bat ere. Berritzeguneek (Prestakuntzan eta hezkuntzaren berrikuntzan laguntzeko zentroak) funtsezko betekizuna izango dute arduradun hauen formazioan, eta hezkidetza eta genero-indarkeriarekiko irakasleen sentsibilizazioan. Ikasturte hasieran, irailean, 50 ikastetxerentzat deialdia egingo da, zentroetan ekintza planak martxan jar ditzaten, tutore batek gidatuta. Deialdi horri beste bat gehituko zaio, 10 ikastetxetan proiektu integralak gauzatzeko.

Datuak, kezkagarriak dira, eta argi uzten dute genero-indarkeria kasuen portzentaia oso altua gazteen artean gertatzen dela. Euren bikotekidearen edo bikotekide ohiaren biolentziaren biktima izan ziren emakumeen %35,  18 eta 30 urte bitartekoak ziren. Bestetik, DBHko ikasleen %23,6-k dio bere begiz ikusi duela ikaskideren bat, mutil nahiz neska, nola izan den behin eta berriz baztertua, gaytzat hartzen zutelako.

Aurkezpenean, Hezkuntza sailburuorde Arantza Aurrekoetxea eta Emakundeko zuzendari nagusi Izaskun Landaida ere izan dira. Azken honek, hezkuntzak errespetuzko eta berdintasun balioetan oinarritutako gizartea eraikitzeko duen garrantzia azpimarratu du. Izan ere, Emakunde izan da Plan Estrategikoa garatzeko lehen fasean elkarlanean aritu den hezkuntza, gazteria eta berdintasun arloetako eragile edo erakundeetako bat. Uztailaren erdi aldera bigarren faseari ekingo zaio, eta planak eragile gehiagoren ekarpenak jasoko ditu. Azkenik, urriaren 30ean  eskola komunitateari aurkeztuko zaio Bilbon, Emakundek antolatzen duen Berdintasun Foroaren baitan.

Informazio gehiagorako erantsitako dokumentuan

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)