Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Eusko Jaurlaritzaren Mugikorraren Bidezko Ordainketaren Pasabidea saria eskuratzeko hautagaia da Zaragozako Tecnimap-en

2010.eko apirilak 03

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailak garatutako Mugikorraren bidezko Ordainketaren Pasabidea, Zaragozan, apirilaren 7tik 9ra egingo den Tecnimap ferian emango diren sarietako bat jasotzeko aukeratuta dago. Sari horiek zerbitzu publikoen prestazioa hobetzeko aplikatzen diren informazioaren teknologientzako dira.

Eusko Jaurlaritza gune propio batekin egongo da administrazio publikoak modernizatzeko informazioaren teknologiei buruzko feriaren hamaikagarren edizioan eta, bertan, hogeita hamar bat proiektu erakutsiko ditu.

Eusko Jaurlaritza da ordainketa mugikortasunean sistema bat garatu eta martxan jarri duen Estatuko lehenengo administrazioa. Horren bitartez, ordainketa-beharra sortzen den tokitik bertatik edozein diru-sarrera zuzenean izapidetzeko aukera dago. Eramangarritasun handiko gailuen bidez funtzionatzen du, baita konektibitate mugatuko egoeretan ere, eta Eusko Jaurlaritzaren Ordainketen Pasabidearen funtzionaltasun berri bat da, euskal administrazioaren eta finantza‑erakunde laguntzaileen informatika-sistemen arteko elkarreragingarritasuna ahalbidetzen duena.

Horrela, m-government delakorantz aurrera egiten da, honek administrazioa "mugitzera" gonbidatzen baitu zerbitzua behar den toki eta unera. Sistema martxan hasten denean, Ertzaintzak, esaterako, trafikoko isunak errepideetan bertan kobratu ahal izango ditu, esku-dirua erabili behar gabe eta kobrantzen kudeaketa nabarmen arinduz.

Bai Ordainketen Pasabidearen bai Mugikorraren bidezko Ordainketaren Aplikazioaren iturburu-kode eta dokumentazio osoa librea da eta edozein administrazioren eskura dago horrela eskatzen badu.

Tecnimapen presentzia aipagarria izango duten Eusko Jaurlaritzaren beste ekimen batzuk izango dira: Irekia weba, 'open data euskadi' izeneko proiektuak bultzatutako datu publikoen irekiera, Dokusi artxibo digitala, IT-Txartela ziurtagiria, Metaposta kutxa gotor elektronikoa, KZgunea Sarea eta Kontratazio Publiko Elektronikoaren eredua.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan