Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregik garraio-txartelak bateratzeko plana aurkeztu du

2013.eko ekainak 21

Aurreikuspenen arabera, 2015ean egongo da erabat erabilgarri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik garraio-txartel bakarra garatzeko plana aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean gaur goizean. BAT, BARIK eta MUGI txartelen arteko elkarreragingarritasunerako masterplan bat da, eta integrazioaren, tarifa-politikaren bateragarritasunaren eta bidaia gurutzatuetarako lurralde arteko konpentsazioaren zehaztasunak biltzen ditu. Oregik Legebiltzarrean azaldu duenez, «hiru fase zehaztu dira, eta horiek Arabako BAT txartelaren eta Bizkaiko BARIK txartelaren arteko ahalik eta teknologia-bateragarritasun handiena aintzat hartzen dute, bai eta BAT txartelaren egungo ezarpen maila ere».

«Lehendabiziko fasean, BAT txartelaren (Gasteizko tranbia eta hiribusak –TUVISA–) eta BARIK txartelaren arteko elkarreragingarritasuna garatuko da», adierazi du Oregik Eusko Legebiltzarrean.  «Ondoren, BATen (Arabako hiriarteko autobusak, eskaeraren araberako taxiak eta bizikleta elektrikoak) eta BARIKen arteko elkarreragingarritasuna sustatuko da, eta, azkenik, BATen, BARIKen eta MUGIren artekoa».

Prozesuaren lehendabiziko fasean, jarduera-plan bat zehaztuko da, eta, horri esker, elkarreragingarritasunaren berariazko arazoak konponduko dira; txartel bakoitzaren lurraldez kanpoko erabilera-aukerei buruzkoak, hain zuzen. «Zehazki, honako hauek izango dira, betiere Bizkaiko BAT eta Arabako BARIK txartelei erreferentzia eginez: txartel bakoitzaren diru-poltsa betetzea, bidaia balidatzea, saldoa kontsultatzea eta beste funtzio batzuk, arazoak konpontzea, ikuskatzeak, blokeatzea eta bi lurraldeetako agintaritzen artean bidaia konpentsatzea», adierazi du sailburuak.

Prozedura horiek definitu ondoren, erakundeek, Eusko Jaurlaritza buru dutela, mailaka ezartzeko plan bat osatuko dute. «Proiektuaren zailtasuna eta kasuistika kontuan hartuta –zehaztu du Oregik–, garraio-moduak mailaka ezarriko dira. Hori horrela izanik, honako hauek izango dira, besteak beste, aurreikusitako mugarriak: Bilboko tranbian BATekin ordaintzea, Gasteizko tranbian BARIKekin ordaintzea, Tuvisan BARIKekin ordaintzea, Bizkaiko Euskotren sarean BATekin ordaintzea, Gasteizko bizikleta elektrikoak alokatzeko sisteman BARIKekin ordaintzea –Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen proiektu berria–, Bizkaibusen BATekin ordaintzea eta Bilbobusen BATekin ordaintzea».

Eusko Jaurlaritza ibilbide-orri hori gauzatzeko lan-plangintza amaitzen ari da une honetan, baina oraindik ez du zehaztu mugarri bakoitzerako egun zehatzik. «Nolanahi ere, aurrera dezakegu zerrendatutako ekintzetarako plangintzak 2014ko urtarriletik irailerako tartea hartzen duela», jakinarazi du Ana Oregik.

Hurrengo fasean, BATen (Arabako hiriarteko autobusak, eskaeraren araberako taxiak eta bizikleta elektrikoak) eta BARIKen arteko elkarreragingarritasuna sustatuko da. Gainera, elkarreragingarritasunaren arazoak sakonago aztertuko dira, eta balidazioari, gertakariei, eta konpentsazioari lotutako behar berriei helduko zaie, sarrera/irteera ezeztatze bikoitza aintzat hartuta.

Hona hemen fase horretako mugarriak: Arabako hiriarteko autobusetan BARIKekin ordaintzea, Arabako eskaeraren araberako taxietan BARIKekin ordaintzea eta Gasteizko bizikleta elektrikoak alokatzeko sisteman BARIKekin ordaintzea. Oregik proposatutako datak 2014ko azaroaren eta 2015eko otsailaren artean daude.

Beste urrats bat
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak Legebiltzarrean esan duenez, «bigarren fasean, BAT, BARIK eta MUGI txartelen arteko elkarreragingarritasunari helduta, sistemen bateragarritasuna zehatz-mehatz aztertu beharko da, deskontuen politika eta tarifen integrazioa zehazteko, eta, gainera, teknologia-bateragarritasuna konpondu beharko da; izan ere, BARIKen eta BATen teknologia oso antzekoa da, baina MUGIren planteamendua erabat ezberdina da. Hori dela-eta, BAT eta BARIKerako aztertutako prozesu funtzional berak aztertuko dira, baina, oraingo honetan, MUGIren ikuspegitik».

Horretarako, Oregik zera iradoki du: «Mailaka ezartzeko egutegi bat, Euskotrenen trenbide-sarean BARIKekin edo MUGIrekin, bereizketarik gabe, ordaintzea aurreikusten duena. Horixe jarriko da abian ezer baino lehen; izan ere, Euskotrenek BARIK eta MUGI txartelak, biak, ezeztatze-makinetan erabili ahal izateko softwarea garatu du. Elgoibarren eta Ermuan abian da dagoeneko».

«Ondoren –gehitu du sailburuak–, honako segida jarraituko da: Euskotrenen sarean eta Bilboko nahiz Gasteizko tranbian edozer txartelarekin ordaintzea; Lurraldebusen, Donostibusen eta Gipuzkoako hiribusetan edozer txartelarekin ordaintzea; Bizkaibusen, Bilboko metroan, Bilbobusen eta Bizkaiko bestelako hiribusetan edozer txartelekin ordaintzea, eta, azkenik, Tuvisan, Arabako hiriarteko autobusetan, eskaeraren araberako taxietan eta bizikleta elektrikoen alokairu-zerbitzuan edozer txartelekin ordaintzea».

Euskotreneko ezeztatze-makinen bateragarritasun-maila aintzat hartuta (softwarea dagoeneko garatuta dago), 2014an ordaindu ahalko da BARIK eta MUGIrekin Bilbo-Hendaia trenbide-linean, eta, gainerako ezarpena 2015ean egingo da.

Egungo egoera
Oregik nabarmendu duenez, «Euskadin txartel bakarra ezartzeak hiru lurraldeetako herritarrak elkartzeko aukera ematen du; gainera, garraio publikoa sustatzen da, eta hori onuragarria da mugikortasun jasangarriaren ikuspegitik».

«Egun Euskadin ditugun hiru txartelek –MUGI Gipuzkoan, BARIK Bizkaian eta BAT Araban– filosofia bera dute, txartela hainbat garraio-modutan erabiltzeko aukera ematen duten bitartekoak baitira, baina ez datoz bat ikusmoldeari eta teknologiari dagokienez. Gainera, han-hemenkako salbuespenak salbuespen, dagokien lurralde historikoan funtzionatzeko pentsatuta daude», gogorarazi du Euskadiko garraio-arloko erakunde-arduradun nagusiak.

Hori horrela izanik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak lehentasun hau du legegintzaldi honetarako: herritarrek Euskal Autonomia Erkidego osoan erabil daitekeen ordainketa-sistema bat izatea. «Horra hor txartel bakarraren sorburua; hots, Euskadiko garraio-modu publikoak ordaintzeko modu elkarrerangingarria izateko aukera. Hala, lehen aipatutako edozer txartel edozer lurralde historikotan erabili ahalko da; hau da, MUGI, Bizkaian eta Araban; BAT, Gipuzkoan eta Bizkaian; eta, BARIK, Araban eta Gipuzkoan», zehaztu du Ana Oregik.

Bateragarritasuna
Hiru sistemak ezarrita daude, bai eta martxan ere, baina bakoitza maila batean. «Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren asmoa ez da oraingo txartelak ordezkatuko dituen beste txartel bat sortzea, baizik eta oraingo hirurak bateragarri bilakatzea Euskadi mailan. Ez direnez tankerako ereduak, ezin da integrazio zuzena egin, eta prozesuak erakunde arteko lankidetza eta ezarpen-plan bat behar ditu», nabarmendu du Oregik.

Hori helburu, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak lurralde historiko bakoitzeko sistemak kudeatzen dituzten erakundeekin batera lanean aritzeko politika abiarazi du. Horretarako, Euskadiko Garraio Agintaritzaren baitan berariazko batzorde txostengile bat sortzea proposatu zuen aipatu agintaritzaren Batzordeak ekainaren 14an egindako bileran, txartel bakarra ezartzeko. Proposamena onartu zuten, eta honako hauek parte hartuko dute aipatu batzorde txostengilean: foru-aldundiek, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Garraioren Lurralde Agintaritzak eta Bizkaiko Garraio Partzuergoak.

«Nolanahi ere –adierazi du Ana Oregik Eusko Legebiltzarreko oholtzan–, berariazko ekintzak garatu dira, eta, Gipuzkoan, lurralde horretako Garraio Agintaritzan lanean dihardute. Gipuzkoan, Euskotrenen trenbide-sarean, MUGI Ermuraino ezarriko da eta BARIK, berriz, Elgoibarreraino, bai eta, laster, Debaraino ere. Horixe izango da mugarririk garrantzitsuena».

Bizkaian, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta Garraio Partzuergoak Euskotrenen garraio-tituluak BARIKen barruan integratu nahi dituzte, partzuergo gisa.

Araban, Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundia lankidetzan ari dira BAT txartela lurraldeko hiriarteko garraioetan eta eskaeraren araberako taxietan ezartzeko, bai eta sistema doitzeko ere, sarrera/irteera ezeztatze-sistemara egoki dadin. Euskotren zentro konpentsatzaile lanetan ari da egun, Gasteizko tranbiaren operadorea baita. BAT txartela modu berrietan ezartzea bilakaera bat da, uneko modua abiapuntu duela. Ingurumen eta Lurralde Politika Saila, Euskotrenen bitartez, proiektuan laguntzen ari da. Horretarako, garraio-modu guztiak hartuko dituen egoera berrirako trantsizioa bermatzeko beharrezko baliabide teknikoak eta giza baliabideak jarri ditu proiektuaren esku.

Bizikleta elektrikoa
«Puntu honetan –esan du Ana Oregik–, nabarmendu nahiko nuke BAT txartela beste garraio-modu batzuetan ezartzea aurreikusi dugula analisi honetan. Bizikleta elektrikoez ari naiz. Apustu irmoa egin dugu proiektu horren alde. Bizikleta elektrikoa erabiltzeak, bai eta trena eta bizikleta lotzeko puntu gisa tranbiaren sarea erabiltzeak ere, abantaila ukaezinak ditu hiri-mugikortasun jasangarriaren ikuspegitik. Uste dugu bizikleta elektrikoa BAT txartelean sartzeko moduko garraio-modu bat dela, eta tranbiaren antzeko topologia du. Laburbilduz, bizikleta elektrikoaren modua txartel bakarrarekin ordain daitekeen moduetako bat izatea nahi dugu».

«MUGI txartela abiarazi baino lehen, posible zen BARIK txartela Euskotrenen Ermua–Eibar tranbian erabiltzea. Hortaz, geltokietako ezeztatze-makinek irakur zezaketen BARIK txartela, bai eta txartel horrekin ordaintzen zuten bidaiariei sartzen eta ateratzen utzi ere», azaldu du Oregik.

«MUGI txartela Euskotrenen sarearen zati horretan erabili ahal izateak Ermuraino funtzional bilakatzea ekarri zuen, eta bi arazo konpondu zituen: batetik, Bizkaiko Garraio Partzuergoarekin hitzarmen bat sinatzea, txartelen erabilera komuneko lurraldean bidaiak konpentsatzea kudeatzeko, eta, bereziki, txartel bat beste baten lurraldean erabiltzerakoan, eta, bestetik, ezeztatze-makinen softwarea doitzea, MUGI eta BARIK txartelak irakurri ahal izan ditzaten».

Ana Oregiren arabera, «2012an, MUGI txartela 2013ko martxoan ezarriko zela aurreikusten bazen ere, oraingo Eusko Jaularitzak egiaztatu zuen Euskotrenen aurreko zuzendaritzak ez zuela horietako egoera bat bera ere aintzat hartu. Hitzarmenari dagokionez, ahalegin guztiak egin ziren Bizkaiko Garraio Partzuergoak eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak lehenbailehen izan zezaten, eta arazoa konpon zezaten».

Premiazko garapenak
«Ezeztatze-makinak bi sistemetara doitzeko, softwarea garatu beharra dago, eta Euskotrenen aurreko zuzendaritzak ez zuen hori pentsatu ere egin», gogorarazi du sailburuak. «Hori horrela, Sailak, Euskotrenen bitartez, beharrezko garapenak egin ditu, ezin bizkorrago egin ere, txartelak kontrolatzeko makinetako bi ordainketa-moduen bateragarritasuna eta irakurketa bermatzeko. Berez ezinezkoa zen software hori 2013ko martxorako prest izatea, baina, proiektu honi eman zaio lehentasuna eta lortu da pasa den maiatzaren 6az geroztik MUGI Ermuraino eta BARIK Elgoibarreraino erabili ahal izatea. Hain zuzen ere, Barik/Mugi batera erabili ahal izatea txartelak beren lurraldetik kanpo erabiltzeko aukeraren lehen berariazko kasua izan da. Xumea bada ere, lehen urrats bat da».

Ildo beretik, Euskotrenek guneak eta tarifak aldatu ditu, MUGIk zehaztutakoetara egokitzeko. Aurreko kasuan bezalaxe, 2012ko abenduko Euskotrenen zonakatzea ez zen MUGIrenera doitzen. Hori horrela, tarifen eta zonakatze berriaren proposamena egin da, eta Euskadiko Prezioen Batzordeari helaraziko zaio, onar dezan, 2013ko ekaina baino lehen. Euskotrenen MUGI zonakatzea 2013ko martxoa baino lehen operatibo izateko, zonakatze hori 2012ko abendua baino lehen egin behar zen, bai eta Euskadiko Prezioen Batzordeari helarazi ere, baina aurreko Eusko Jaurlaritzak ez zuen halakorik egin. «Laburbilduz, berez ezin zen Euskotrenen MUGIren erabateko tarifa-integrazioa 2013ko martxoan aplikatu; izan ere, MUGI zonakatzearen doikuntza ez zen planifikatu, ezta tarifetan islatu ere», aipatu du Oregi sailburuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)