
2014an, Eusko Jaurlaritza .eus izango da
Lehendakariak nabarmendu du .eus domeinua egia bilakatutako ametsa dela. Iñigo Urkulluk esan duenez, Jaurlaritzak domeinu berria erabiliko du «ahal bezain pronto». Hori horrela izanik, erakunde, elkarte eta enpresa guztiei «eskaintza irekia» egin die, baita «euskal gizarteari» ere, proiektu honekin bat egin dezaten. Urkullu lehendakariak nabarmendu du bost urtez «gogor eta taldean» egindako lanari esker, aukera berri bat bizi dugula eta Euskadik herrialde gisa hiru helburu dituela aurrez aurre: «Interneten eta teknologia berrien sozializazioa, Euskadiren kanpo-sustapena eta –proiekzioa, eta euskararen modernizazioan aurrera egitea».
Lehendakaria .eus domeinu berriaren aurkezpenean izan da gaur goizean, EHUren Paraninfoan, Bilbon. Azaldu du garrantzi bizia daukala .eus domeinuak Interneteko euskarazko kultur eta hizkuntz komunitatean, eta hizkuntz normalizaziorako eta euskal hizkuntza eta kultura mundu zabalean sustatzeko erreminta eraginkorra dela, nazioarteko errekonozimendua bermatzen baitu bere esanetan.
Amaitzeko, Urkullu lehendakariak nabarmendu du gaurkoa «egun handia» dela Internetentzat eta euskararentzat. Urkulluk gogorarazi du euskaraz 44. hizkuntza dela Interneten, baita Twitter sare sozialak daukan 35 hizkuntzetako bat ere. Hala, azaldu du .eus «gure domeinua» izango dela «mundu globalean». «Munduan txoko bat egin nahi dugu, eta .eus domeinuak sartzeko atea eskainiko digu», amaitu du.
Informazio gehiago: www.puntueus.org