Berriak Segurtasuna

Trafiko Zuzendaritzak Euskaditik igaroko diren ibilgailuen kopurua apur bat jaistea espero du

2013-06-21

Trafikoko operazio berezia datorren ostiralean jarriko da martxan

Trafikoko zuzendariak, Garbiñe Sáez Molinuevok, ekainaren 28an (ostirala) hasi eta irailaren hasieran bukatuko den operazio bereziari buruzko xehetasunak aurkeztu ditu, gaur goizean, Bilbon. Denboraldi horretan, Euskadiko errepideetatik penintsularen hegoalderantz igaroko den nazioarteko trafikoa 1.640.000 ibilgailukoa izango dela aurreikusi da.

2012an Irunen autobidea zeharkatu zuten ibilgailuen kopuruari buruzko datuek adierazten dutenez, 2011rekiko % 4,25eko jaitsiera gertatu zen, gutxi gorabehera. Aurreko urteetan jasotako datuetan oinarritutako estimazioen arabera, aurten ere beheranzko joera izango dela aurreikusten da.

Uztaileko azken asteburuan eta abuztuko lehenengoan pilatzen dira ibilgailu mugimendu gehienak. Trafiko Zuzendaritzak bost errepide-zatitan jarriko du arreta handiena: A-8ko Kantabriaranzko irteeran; Behobiako mugaldean; AP-8tik AP-1erako sarbidean; AP-1 autobidea/N-622 autobia eta N-622tik A-1 autobiarako sarbidearen arteko lotunean, Gasteizen; eta, azkenik, A-1 autobiatik AP-1 autobiderako sarbidean, Armiñónen.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritza Ertzaintzaren Trafikoko Lurralde Unitateekin batera lan egiten ari da. Eta, dagoeneko, Ertzaintzarekin, foru aldundiekin eta autobideekin koordinazio-bilerak egin ditu.

Biriatuko ordainlekuari buruzko bilera

Trafikoko zuzendariak datorren uztailaren 5ean Biarritz ASFko Trafikoa Kontrolatzeko Zentroko eta Bordeleko CRICR-Bordeaux Trafikoa Kudeatzeko Zentroko arduradunekin biltzea aurreikusita dauka, besteak beste, Biriatuko ordainlekuan ibilgailuen igarotzea bizkortzea aztertzeko; izan ere, abuztuaren bukaeran, Itzulera Operazioan, gune korapilatsua izaten da.

Trafiko Zuzendaritzak Itzulera Operazioko egun kritikoetan gidariak hutsik dauden edo ilara txikienak dauzkaten ordainlekuetara bideratzeko langileak jartzeko eskatuko dio ASFri.

Trafiko Zuzendaritzak berak, Itzulera Operazioan, abuztuko azken hiru asteburuetan, Biriatuko ordainlekua baino 800 bat metro lehenago, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroak GPRS bidez kudeatutako seinaleztapen dinamikoko ekipo bat jarriko du, gidariei ordainlekuei buruzko informazioa emateko.

Bide alternatiboak jasotzen dituen mapa

Berritasun gisa, Trafiko Zuzendaritzaren webgunean Euskadi zeharkatzeko bide alternatibo guztiak jasotzen dituen mapa bat deskargatu ahal izango dela nabarmendu du zuzendariak. 

(http://bit.ly/1bZo4pO euskaraz http://bit.ly/11OoklU )

Ertzaintzak Irteera eta Itzulera Operazioan parte hartzeko 450 kide prest edukiko ditu. Gainera, egun horietako zirkulazio hazkundearen eraginpean dauden tokietako komisarietako ertzainen laguntza ere jaso ahal izango dute. Era berean, baldintza meteorologikoek ahalbidetzen duten neurrian, Ertzaintzaren helikoptero unitate bat arazo handiak sortzen diren guneetan hegaz egitea aurreikusita dago.

Bestalde, ETKZk paneletako seinaleztapen neurriak indartu egingo ditu, auto-ilara edo arazoei buruzko mezuak emanez, baita ibilgailu astunetarako zirkulazio mugak gogorarazteko oharrak ere. Halaber, azken orduko informazioa Twitter bidez zabalduko da, traficoEJGV erabiltzailearen bitartez, baita 011 arreta telefonoaren bitartez ere (24 orduko arreta).

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)