Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Ana Oregik Euskadiko garraio publikoaren integrazioa eta intermodalitatea gehiago sustatzea proposatu du

2013.eko ekainak 20

• Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak Hiriko eta Metropoliko Garraioari buruzko XX. Kongresua ireki du.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregi Gasteizen antolatutako Hiriko eta Metropoliko Garraioari buruzko XX. Kongresuan izan da. Bertaratutakoei proposamen hauxe egin die: «Nahiz eta zenbait gai dagoeneko konpondu ditugun, horrek ez du esan nahi egin beharreko guztia eginda daukagunik, erne egon behar dugu. Etengabe hobetu behar dugu, eta baliabide falta dela-eta krisi ekonomikoak eragin dezakeen ezkortasuna saihestu». Oregiren ustez, «Lurralde osoko askotariko hiriguneak integratzea eta metropoli-eskema bat konbinatzea xede duten hainbat erronka ditugu Euskadin, eta garraio-modu guztien intermodalitatea eta integrazioa sustatu behar ditugu, bizikleta eta oinezkoak kasu, baina baita autobusa, tresna eta tranbia ere».

Ana Oregi Gasteizko Europa jauregian egin den hiriko garraioari buruzko kongresuan izan da. Espainiako garraio-enpresa guztiak bertaratu dira, eta, horiez gain, sailburuarekin batera Javier Latorre Tuvisako gerentea eta Miguel Ruiz ATUCeko presidentea izan dira. Era berean, Iñigo Palomino Euskotreneko zuzendariak, Rafael Sarria ETSko zuzendariak eta Imanol Leza Eusko Jaurlaritzako Garraio zuzendariak ere kongresuan parte hartu dute.

«Kongresu hau hartu duen hiriak urteak daramatza hiriko garraioa garatzen, Donostiak edo Bilbok bezalaxe. José Ángel Cuerda alkatearen garaian hasi ziren pertsonak eta giza harremanak ardatz izango zituen hiri-diseinua bilatzen. Bertan, garraio publikoak zeregin oso berezia zuen, eta Tuvisa udal-enpresa eta bestelako zerbitzu publikoak (taxia eta bestelako tokiko autobus-lineak kasu) horri heldu eta ebazten hasi ziren. Bilbon eta Donostian antzeko zerbait gertatu da», adierazi du sailburuak.

Era berean, zera esan du Oregik: «Gure hiriburuak handitu egin dira, mugikortasun-beharrak ugaritu egin dira eta berehalakotasuna, eraginkortasuna eta prezio onak eskatzen ditugu. Eta herritarrok hasi gara ohartzen zentzugabea dela ibilgailu pribatu handi bat erabiltzea hiri barruko joan-etorri laburrak egiteko».

Joan-etorriak
EAEko Garraioko zuzendari gorenak adierazitakoaren arabera, «Euskal Autonomia Erkidegoan 6.200.572 joan-etorri egiten dira egunero: 3,05 biztanleko. Hortaz, euskal mugikortasuna handia da. 2003az geroztik gorako joera ageri da, bai joan-etorri guztien kopuruan, bai biztanleko batez bestekoan. Hala ere, azken lau urteotan hazkundea nahiko txikia izan da, eta 2007ko datuekin alderatuta, % 1,9 baino ez da igo».

«Nola mugitzen dira euskal biztanleak Gasteiz, Donostia edo Bilbotik?». Hauxe izan da Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren azalpena: «Erantzuna Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketa batek eman digu: Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren joan-etorrien hazkundearen zati handi bat jasangarritasunaren aldeko mugikortasun-moduei dagokie, oinez edota bizikletaz egindako joan-etorriei, alegia».

Estatuko leku guztietatik etorritako espezialistei zuzenduz, hurrengoa adierazi du Oregik: «Herritarren lekualdatze-premiei erantzuteko gehien erabiltzen den modua oinezkoa da: joan-etorrien % 44,8 oinez egiten dira. Gainera, automobilez egindako joan-etorriei eremua jan diete oinez egindakoek: 257.826 joan-etorri berri egin dira oinez, 2007ko datuak erreferentziatzat hartuta. Autoak bigarren tokiari eusten dio, baina penetrazio-kuotak behera egin du. Garraio kolektiboek ere (autobusa eta trena) beherako joera dute; horrenbestez, 2011n autobusaren erabilera % 8,4koa izan da, eta trenarena, berriz, %6,5ekoa».

Intermodalitatea
Sailburuak gaineratu duenez, «Gaur egun, EAEn, intermodalitatean oinarritutako aukerek indar gutxi dute, eta joan-etorrien % 1,2 hartzen dute. Intermodalitatearen eta garraio publikoaren eskaintzaren arteko korrelazioak erakusten du hurrengo urteetan, aldagai horren balioek gora egingo dutela ziur aski, garraio-zerbitzuen eskaintza integratua osatzen dugun heinean».

Oregiren esanetan, «garraio-zerbitzuen eskaintza integratuak hiriko garraioa eraginkortasunez kudeatzea eskatzen du nahitaez. Lineak, moduak, konexioak eta ordutegiak berriro definitzeko eta txartelak bateratuz ordainketak sinplifikatzeko unea da. Garraio-azpiegiturak ere krisiaren eragina nabaritzen ari dira: ezin ditugu lehen bezalako obrak eta proiektuak egin, baina, ostera, egoerak xehetasunez aztertu eta sakonki jardun dezakegu».

Amaitzeko, honela mintzatu da Oregi: «Ez gara garraio-moduez bakarrik ari; hiriek ere horietara egokitu behar dute eta hiriguneetatik automobilen hotsak, keak eta estresa desagertzen diren aldi berean, udal-arduradunek garraio publikorako gune berriak planifikatu behar dituzte, handikeria estetiko eta modakoak alde batera utzita, eta sen ona eta etorkizuneko aukerak oinarri hartuta».

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñigo Palomino, Rafael Sarria,