Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Euskadi Gastronomika turismo produktuaren aurkezpena

2013.eko ekainak 20
  • Eusko Jaurlaritzak produktu-klub bat sortu du turismo enogastronomikoa bultzatzeko. 16 eskualde enogastronomikoko ia 800 enpresek osatzen dute.
  • Euskadi Gastronomikak turismoaren kontzeptua zabaldu du: mahai onetik benetako euskal sukaldaritza-kulturara.
  • Lankidetza publiko-pribatuko proiektu bat da, eta lehen, bigarren eta hirugarren sektoreen arteko sinergiak uztartzen ditu. Hartara, lurralde guztien garapen sozioekonomikoari lagunduko dio.
  • Euskadi Gastronomikak sarean sustatu eta merkaturatuko du bere eskaintza

Gaur aurkeztuko dute Donostian Euskadi Gastronomika; hots, Euskadi turismo enogastronomikoko nazioarteko erreferente bilakatzea helburu duen proiektua.

Euskadiren turismo-eskaintzaren zutabeak gastronomia eta ardoak dira, eta turismo enogastronomiko deitutakoa garatuko du.

Kalitatezko lehengaiak; izen ona; aintzatespena; ekoizleen, sukaldarien eta jatetxe-jabeen lana… Kultura gastronomiko bat ari da sortzen Euskadin, bai eta nortasun-zeinu garrantzitsu bat ere.

1.- Euskadi Gastronomika. Helburuak

Euskadi Gastronomika turismo enogastronomikoa bultzatzeko planaren barruan sortu zen, eta Euskadi mundu mailako erreferente enogastronomiko bilakatzea du xede. Horretarako, turismoaren kontzeptua zabalduko du, hain zuzen ere, mahai onetik benetako euskal sukaldaritza-kulturara. Kultura hori, bada, bertako ekoizleei eta paisaiei, festei eta gastronomia-ekitaldiei, jendeari, industria ekoizleei eta erosteko eta dastatzeko espazioei lotuta egongo da.

Hona hemen helburuak:

o Gastronomia-kulturaren ahalmen guztiari lotutako produktu turistiko enogastronomiko bat garatzea.

o Gastronomiarekin erlazionatutako turismo-produktu bat sortzea. Elika-katearen etapa guztiak hartuko ditu, jatorritik (itsasoa, landa) mahairaino.

o Jarduera berritzaileak eta bereziak garatzea sustatzea, Euskadi gune turistiko bilakatzen laguntzeko.

o Turismo-produktuak sortzea, lurralde guztien garapen sozioekonomikoari laguntzeko, eta tokiko ekonomia eta lurralde-oreka bultzatzea.

o Gastronomia xede duten turista gehiago erakartzea, eta beste xede batzuk direla tarteko aukeratzen gaituzten beste turista batzuei gastronomia bikainaren osagarria ematea.

o Dagoeneko errotuta dauden gune turistiko gastronomikoak sustatzea.

o Lehen eta bigarren sektorerako hautabide ekonomiko berriak sortzea.

o Euskal produktuak sustatzen eta garatzen laguntzea.

2.- Euskadi Gastronomika: proiektu integratzailea eta lankidetza publiko-pribatua duena

Euskadi Gastronomika produktu-klubaren filosofiari jarraiki landutako proiektua da, eta hiriburuetako eta 16 eskualdetako eskaintza eta baliabide gastronomikoak marka bakar batean integratuko ditu. Gainera, horien egitura pribatua izango du tarteko: Euskadiko hainbat sektore, besteak beste, nekazaritza, elikagaigintza, merkataritza, ostalaritza, bidaia-agentzia espezializatuak, museoak eta kultura gastronomikoa zabaltzeko espazioak.

Euskadi Gastronomika berritzailea da; izan ere, hiru Lurralde Historikoetako turismo eta sukaldaritzarekin erlazionatutako egitura pribatura irekita dago. Hala, produktu-klubean lehen, bigarren eta hirugarren sektoreek hartzen dute parte; izan ere, ekimen hau ez dago soilik izen handiko sukaldari edo jatetxe-jabeentzako diseinatuta. Aitzitik, jarduera turistikoak egiten dituzten eragile guztiei irekita dago, bai enpresa handiei, bai enpresa txikiei (besteak beste, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiei, gaztandegiei, upategiei eta nekazaritza-turismoko establezimenduei), baldin eta klubeko kide izateko betekizunak betetzen badituzte.

Kluba, gainera, horri atxikita dauden eragile publiko eta pribatu guztien arteko lankidetzaren filosofiari jarraiki sortu da. Euskadi Gastronomikak baterako dinamizazio-ekintzak sustatzen ditu, turismo gastronomikoa bultzatzeko, eta sareko lanaren eta lan sinergikoaren alde dago.

Eskualdeetako eta hiriburuetako lankidetza turistikoko erakundeen lanari esker, gune turistiko enogastronomiko izateko ahalmena duten 16 eskualdetako ia 800 enpresa bildu dira. Borondatez egin dute bat klubarekin. Enpresok eta turismoko teknikariak elkarrekin ari dira lanean lurraldeetako turismo gastronomikoko eskaintza hobetzeko, bai eta eskaintza hori egituratzeko ere.

3.- Proiektu sinergiko bat

Euskadi Gastronomikan hainbat sektoreren arteko sinergia garrantzitsuak agerian jartzen dira; batik bat, nekazaritzako elikagaien industriaren sektorearen eta turismo-sektorearen artekoak: nekazaritzako elikagaiak balioztatu egingo dira, eta, horri esker, Euskadi gune turistiko gisa saltzen lagunduko dute, produktua gaiaren arabera egituratuko baita, eta turismoak nekazaritzako elikagaiak sustatzen eta merkaturatzen lagunduko du. Horrez gain, sinergia garrantzitsuak egingo dira hezkuntzarekin, kulturarekin, landa-eremuaren garapenarekin, eta abarrekin.

4.- Bisitaria gogobeteta utziko duen proiektua

Euskadi Gastronomika turismoko produktu-klub berritzaile bat da, eta ondo errotutako sukaldaritza-kulturaren inguruan egituratuko du turismo-eskaintza osoa. Hala, lehen mailako esperientziak eskainiko dizkio bisitariei: sagardotegiak, mota guztietako jatetxeak, gaztandegiak, merkatuak eta pintxo-tabernak eskainiko dizkie, eta, aldi berean, kalitate-marka duten bertako produktuak ezagutaraziko dizkie (Arabako Errioxako ardoak; Idiazabal gazta; Arabako, Bizkaiko eta Getariako txakolina; eta Eusko Labela duten bestelako produktuak).

Autoerregulatutako produktua da –metodologia propioaren bidez, produktu-eskuliburua baliatuta–, eta enpresek eta teknikariek hainbat betekizun bete beharko dituzte, bai eta etengabe hobetzeko planak egin ere. Proiektu hau garatzeko, gainera, eskatzaileen joerak eta behar berriak hartzen dira aintzat, gastronomiarekin erlazionatutako esperientzia-produktuen garapenari erreparatuz. Izan ere, produktu eta esperientzia berriak sortzeko apustu irmoa egingo da, Euskadi gainerako gune turistikoen aurretik jartzeko.

5.- Bisitariek benetako euskal sukaldaritza-kultura ezagutzeko proiektua

Eusko Jaurlaritza, Basquetourren bitartez, Euskadiren kultura-garrantzi eta -balio handiko produktu bat eratzeko eta sortzeko lanean dihardu. Produktu horretan, gastronomia ezinbesteko elementua da euskal jendearen bizitza, paisaiak, ogibideak, aisia, eta abar ezagutzeko. Gero eta garrantzi handiagoa ematen diogu gastronomia-kulturari –jatorritik mahaira–, eta gune jakin bateko gastronomiarekin erlazionatutako alderdi guztiak ezagutu nahi ditugu, bai eta horien partaide izan ere.

6.- Zer da, hortaz, Euskadi Gastronomika?

Eskualde bakoitzeko sektore publikoaren eta pribatuaren arteko interesen borondatezko taldea da, eta honako hauek ditu helburu: eskualdeko eskaintza turistiko gastronomiko osoa antolatu eta egituratzea, eta gastronomiarekin erlazionatutako turismo-fluxuak bultzatzea, turistei kalitatezko zerbitzua bermatuta.

7.- Zertarako aukera ematen digu Euskadi Gastronomikak?

 

o Eskaintza turistiko gastronomiko osoa zenbait irizpideri jarraiki egituratzeko. Produktu-irizpideok produktu-eskuliburuetan jasota daude.

o Produktua planifikatzeko, kudeatzeko eta sustatzeko moduak izateko.

o Tartean dauden eragileen arteko batasuna sustatzea, denen onura xede.

o EUSKADIk segmentu honetan duen irudia bultzatzea, eta merkatuak eskaintzen dituen aukera guztiak kudeatzea.

8. Euskadi Gastronomika sustatzea eta merkaturatzea

Gune baten irudia eta posizionamendua hobetzea egungo turismo-merkatuen funtsezko eta lehentasunezko faktoreetako bat da. Ildo horretatik, produktua sustatu eta merkaturatuko da. Horretarako, aurten, Eusko Jaurlaritzak hainbat ekintza planifikatu ditu eta sustapen- euskarriak edo -bideak abiarazi ditu, turistei eta amaierako publikoari zuzenduta, baina baita euskal profesionalei ere.

o Produktua turista gehien bidaltzen dituzten merkatuetan, hots, Bartzelonan eta Madrilen aurkeztea. Udazkenean, sustapen-jarduerak egingo ditugu, gure merkatu nagusietako, hots, Bartzelonako eta Madrilgo komunikabideei zuzenduta. 2012ko udazken-neguan, Euskadi Gastronomika bi hiriotan aurkeztu zen, eta, orain, produktu-klubaren nobedadeak ezagutarazi nahi dira.

o Euskadi Gastronomika sarean sustatzeko bide berria. Subhome bat sortu da euskaditurismo.net webgunean, gure eskaintza gastronomiko bikain eta bereziari, oro har, eta produktu-klubaren berariazkoari buruzko informazio baliagarria emateko, bai eta produktu turistiko honi buruzko nobedadeei buruzkoa ere.  Amaierako publikoari (turistari) zuzenduta dago, eta motibazio enogastronomikoak biltzen ditu.

«Jan», «Bisitatu», «Erosi», «Ibilbideak», «Planak» atalak ditu, turistek, Euskadira iristen direnean, kontsulta ditzan, bai eta ekitaldien agenda ere.

Gainera, publiko profesionalagoari zuzendutako informazioa eskaintzen du: Euskadi Gastronomika zer den, zer kide dituen, zer metodologia, zer filosofia, eta abar.

Euskadi Gastronomika produktu-kluba | Turismo ataria | Euskadi turismoa

o Produktu enogastronomikoaren merkaturatze turistikoa Udazkenetik aurrera, Euskadi Gastronomika produktu-klubak sortutako eskaintza guztiak merkaturatuko dira, horretarako sortutako webgune baten bidez.

o Euskadi Gastronomika turismo-liburuxka berriak. Bi eskuliburu argitaratu dira:

§ bata, amaierako publikoari zuzenduta. Eskaintzen diren zerbitzuei eta turistei zuzendutako jarduerei buruzko informazioa izango du, bai eta klubeko kideak eta beren ezaugarriak biltzen dituen zerrenda ere (hori informazio garrantzitsua da gurera iristen direnerako).

 

§ eta bestea, bitartekariei (turoperadoreak eta  komunikabideak) eta klubeko kideei zuzenduta. Gure herriari eta bertako eskualde enogastronomikoei, azokei eta ekitaldiei buruzko informazioa izango du, bai eta klubeko kideen zerrenda ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Euskadi Gastronomika, Euskadi turismo enogastronomikoaren nazioarteko erreferentzia bilakatzeko kluba