Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

HAZIk eta Energiaren Euskal Erakundeak EAEko udalerrietan basoko biomasa gehiago erabiltzea sustatu dute

2013.eko ekainak 19

Basoko biomasa energia sortzeko euskal ekimena

Eusko Jaurlaritzaren Industria eta Energia sailburuorde Juan Ignacio Motiloa jaunak eta Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburu Bittor Oroz jaunak hitzarmena sinatu dute landa-eremuan basoko biomasa gehiago erabil dadin sustatzeko. Testuinguru horretan, Energiaren Euskal Erakundeak (Eusko Jaurlaritzaren energia-agentziak) eta Landa eta itsas ingurunearen garapenerako HAZI Korporazioak informazio-jardunaldi bat antolatu dute BECeko biltzar-eremuan, biomasa mota horren erabilera energetikoak dakartzan abantailen berri emateko.

Hitzarmena sinatu dutenek basoko biomasaren erabilera sustatu nahi dute EAEko udalerri guztietan eta, bereziki, behar adina baliabide izanik beroa sortzeko hainbat sistema motatan (berokuntza, etxeko ur beroa eta abar) herrian bertan (batik bat, udal-eraikinetan) aprobetxatzeko moduan dauden udalerrietan.

Lankidetza horren bitartez, oro har, biomasa eta, bereziki, basoko baliabideak aprobetxatzea sustatzeko proiektuak bideragarriak ote diren aztertuko da.

Bi erakundeen arteko hitzarmenaren xedea zehazki basoko biomasaren aprobetxamendua zabaltzea da, landa-eremuan. Tokian tokiko berezko baliabidea, hurbil eta eskuragarri dagoen baliabidea aprobetxatuz gero, fosil-jatorria duten beste energia-iturri batzuen erabilera murrizten da eta ez dugu ahaztu behar iturri horiek kanpotik ekarri behar direla eta bertako baliabide horren merkatuko prezioa erregai konbentzionalena baino merkeagoa dela.

Horretarako, aztertzen ari diren herri bakoitzean basoko zenbat biomasa dagoen ebaluatuko du HAZIk eta Energiaren Euskal Erakundeak, aldiz, biomasa horren aprobetxamendu energetikorako aukera tekniko onena zein den. Soluzio tekniko horiek kasuan kasu aztertuko dira. Zenbait udalerritan, barrutiko sorkuntza termikoko instalazioak (berokuntza eta ur beroa hainbat eraikinetan, aldi berean) izan ditzakete eta, beste zenbait kasutan, hautaturiko eraikin bakoitzean biomasako galdara indibidualak erabiliko dira.

Informazio-jardunaldia

EAEko udalei zuzenduta, landa-eremuan basoko biomasaren erabilera ezagutarazteko jardunaldi bat izan da gaur eta hitzarmena jardunaldi horren esparruan sinatu da. Jardunaldi horretan, biomasa energia-iturritzat aprobetxatzeak eraikinetarako eta, zehazki, udal-eraikinetarako zer aukera eskaintzen dituen azaldu dute. Euskadiko udalerri askotan baliabide hori izan badute eta asko gainera; beraz, tokiko energia-iraunkortasun handiagoa lortuko litzateke baliabidea aprobetxatuta.

Jardunaldian, adibideak jarri dituzte eta hainbat enpresaren (Cofely Biotermiak Rebi eta Giroa) esperientzien berri eman da; horretaz gain, herri bakoitzean aprobetxatzeko moduko zenbat baliabide dagoen balioesteko HAZIk erabiltzen dituen tresnak aurkeztu zaizkie udalerriei, baita baliabide hori nola kudea daitekeen ere. Azkenik, IDAEren eta Energiaren Euskal Erakundearen ordezkariek aprobetxamendu berriztagarri mota hori ezartzeko hainbat finantzabide eta estrategia aurkeztu dituzte.

Basoko biomasa

Basoko biomasaren baliabidea aprobetxatuta, onura publikoko mendiak modu iraunkorrean kudea daitezke eta horren adierazgarri ditugu Europako iparraldeko herrialdeak, iturri berriztagarri hori asko erabiltzen baitute energia lortzeko. Mendiak garbituta, mendien etorkizuna bermatzen da baldintza iraunkorretan eta izurrite eta suteak saihesten dira. Horretaz gain, landa-eremuan enplegu egonkorra sor dezaketen proiektuak sortzeko aukera izan daiteke; izan ere, biomasaren baliabidea lortzeko lanak herriko jendeak egitea baita asmoa, beroa sortzeko sistema berrietan erabiltzearren. Tokiko baliabideen erabileraren bitartez, energia garbi eta berriztagarrien inguruan industria sortu nahi da. Energia-teknologia eraginkorrak baliatuta, industria horren bitartez aberastasuna eta tokiko enplegua eragingo dituen produkzio-sektorea sortuko da, dela biomasa lortzeko basoko lanetan, dela energia-instalazioak (galdarak eta abar) martxan jarri eta horien mantentze-lanak egiten ere.

Proiektuan, proiektua gauzatzeko finantzabideak aztertu eta aurkeztuko zaizkio Udalari, esate baterako, Europako eta IDAE Industria Ministerioaren energia-agentziaren laguntza-lineak, baita Energia Zerbitzuetako Enpresaren (EZE) aukera ere. Enpresa horrek instalazioa egiteko inbertsio guztia hartzen du bere gain eta Udalak kontsumitzen duen energia gehi instalazioaren amortizazioa ordaintzen du. Horren guztiaren ondorioz, prezioa sistema konbentzionalekin baino % 10 inguru merkeagoa da eta instalazioa titulartasun publikoko bihurtuko da kontratuan finkatutako amortizazio-urteak igarotakoan.

Erakunde arteko lankidetza horrekin, Euskadin energia berriztagarrien erabileran aurrera egitea lortu nahi da tokiko baliabide baten, hau da, basoko biomasaren balorizazio energetikoaren bitartez, beste energia-iturri batzuekin alderatuta (gasolioa edo gasa, esaterako) energia-kostuak ere murriztu nahi dira eta, horrekin batera, CO2 emisioak minimizatzea. Eusko Jaurlaritzak 2020rako ezarritako Energia Estrategiaren helburuak betetzeko bidean beste ekarpen berriztagarri bat.

Gaur egun, ekimenean parte har dezaketen 25 bat udalerrirekin harremanetan jartzen hasiak gara. Lau udalerritan —Amurrio, Kuartango, Villabona eta Aramaio— azterketak aurreratuta daude dela eskuragarri duten baliabide kantitateari dagokionez, dela udal-eraikinetan erabiltzeko aukera teknikoei dagokienez.

Biomasa Euskadin

Euskadin gehien erabiltzen den energia-iturri berriztagarria biomasa da. Euskadin aprobetxatzen den energia berriztagarriaren guztizkoaren % 64,7 energia-iturri horretatik ateratzen da.

2012. urtearen amaieran, biomasa termikoko 1.000 instalazio baino gehiago zeuden Euskadin eta, aurreikuspenen arabera, 2013an beste 400 instalazio berri baino gehiago hasiko dira martxan, EEEk aurreko ekitaldian emandako laguntza-programaren ondorioz. Laguntza horiek 11 milioi eurotik gorako inbertsioak eragin zituzten.

Enpleguari dagokionez, kalkuluen arabera, baso-energia sektorearen enplegu-ratioa 1.100 pertsona inguru da, Euskadin dauden 43 MW termikoak aintzat hartuta. Biomasaren eremuan garatzen diren proiektuek energia-iturri konbentzionalek baino enplegu gehiago sortzen dute, hain zuzen ere, 5 aldiz gehiago.

Eusko Jaurlaritzak 2020rako ezarritako Energia Estrategian helburu oso handiak ezarri dira energia berriztagarri guztiak garatzeari dagokionez. Berriztagarrien egungo aprobetxamendua % 87 handitzea lortu nahi da, Euskadin energia-premiaren % 14 iturri autoktono eta garbi horien bidez betetzera iristeko; gaur egun, eskatzen den energia guztiaren % 8 inguru sortzen da berriztagarriekin.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)