Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Toletxegaineko (Elgoibar) trenbidearen gaineko pasabide berriak garraio publikorako irisgarritasuna hobetuko du

2013.eko ekainak 19

Bi igogailuk sarbidea bermatzen diete mugikortasun mugatua duten pertsonei

Elgoibarko herritarrek oinezkoen pasabide bat dute gaurtik aurrera Donostia/Bilbo trenbidearen gainean; hari esker Muguruza eta Iñiguez kaleen artean dagoen desnibel handia gainditu ahal dute. «Joan-etorriak arinago egiten dituzte, eta garraio publikoa irisgarriago dago», nabarmendu dute Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik eta Alfredo Etxeberria alkateak.

Ana Oregik, halaber, hauxe ere nabarmendu du: «Hirigintzako oztopoak kentzea, interkonektibitatea eta garraiobide publikoetarako irisgarritasuna funtsezko osagaiak dira hiri moderno eta ondo planifikatu baten diseinuan, eta, Toletxegaineko ekimen honen bitartez, Elgoibarrek urrats handi bat egingo du mugikortasuna hobetzeko bidean».

Gaur goizean Oregik Elgoibarren Toletxegaineko geralekuko trenbideen gaineko oinezkoentzako pasabidea martxan jartzeko ekitaldian parte hartu du; harekin batera hauek ere izan dira: Elgoibarko alkate Alfredo Etxeberria, ETSko zuzendari Rafael Sarria eta Eusko Jaurlaritzako Azpiegituretako zuzendari Almudena Ruiz de Angulo. Auzo horretan desnibel handia dago trenbideen bi aldeetatik paraleloan doazen bi kaleen artean.  Orain arte oinezkoentzako lurpeko pasabide bat zegoen trenbideen azpian, Pedro Muguruza eta Iñiguez de Kartizano kaleak lotzen zituena. Udalaren hasierako apustua pasabide hori kentzea zen; izan ere, eskailerengatik, ez zuen konpontzen mugikortasun mugatua duten pertsonen irisgarritasuna eta, gainera, nolabaiteko segurtasunik eza ere eragiten zuen, azpiko pasabidea baitzen. Horregatik, toki berean ordezko gaineko pasabide bat eraikitzea planteatu zen.

Ingurumen Sailaren mendeko Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak, Bilbo-Donostia trenbidea Elgoibarko zatian optimizatzeko lanaren barruan, trenbidea bikoizteko eta hobetzeko hainbat aukera aztertu zituen trenbide bidezko garraio-zerbitzuaren eskaintza hobea eman ahal izateko. Horrela bada, Toletxegaineko geralekuaren inguruan bi bideak lotzeko gaineko pasabide bat eraikitzea planteatu zen, lehengo azpiko pasabidetik hurbil.

Erakundeen lankidetza
«Era horretan, gaur abiarazitako pasabidea Eusko Jaurlaritzaren, ETSren eta Udalaren arteko beharrezko lankidetzaren emaitza da», azaldu du Oregik. «Bi administrazioek arazo bera konpondu nahi zutenez, gaineko pasabide bakar bat egitea erabaki zen inbertsio ekonomikoa optimizatzeko. Hartarako, Udalak pasabidea geralekurantz mugitzea onartu zuen; era horretan hirigintzako oztopoa ezabatzeaz gain, herritarrei geralekurako irisgarritasuna ahalbidetu zen».

Gauzatutako pasabidea Pedro Muguruza kaleko 17. zenbakiaren parean dago, hiruki-formako parke txiki baten ondoan. Iñiguez de Kartizano kaleko oinezkoen komunikazioa hobetzen du, eta aldi berean, mugikortasun mugatua duten pertsonen irisgarritasuna ere konpontzen du bi igogailuri esker; 8na lagunentzako edukiera dute eta 1 m/s-ko abiadura. Igogailuek altzairu galbanizatuzko egitura dute, eta beirazko itxitura, betiere erabiltzeko segurtasuna gogoan. Igogailuen goiko errematea altzairu herdoilgaitzezko lamazko kasetoi batekin egin da.  Pasabideak 12 metroko luzera du, eta 2,30 m-ko zabalera librea. “Korten” altzairuz dago eraikita. Pasabideko zorua termotratatutako IPE zur-tronadurazkoa da. Halaber, leundutako altzairu herdoilgaitzezko baranda bat ere ipini da.

Eraikitako pasabideak etorkizunean trenbidea bikoiztea ahalbidetzen du, baita bide bikoitzeko geraleku bat eraikitzea ere. Hartarako, bidea birmoldatu da, lanok eragindako zerbitzuak desbideratu dira, eta trenbidearen aldameneko espaloi-tarte txiki bat sortu da Iñiguez de Kartizano kalean.  Lanok 750.000 euro inguruko kostua izan dute, Udalak eta ETSk hitzarmen bidez erdibana ordaindu dutena.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Alfredo Etxeberria, Ricardo Garate