Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Boluntarioen inguruko eskuliburua aurkeztu dute

2010.eko martxoak 31

Gidak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako ikasleei ibilbide bat eskaini nahi die, boluntarioen lana ezagutzeko

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuordeak azpimarratu duenez, boluntarioen lana “modu pribilegiatua da pertsonak gizartean inplikatzeko”.


Fernando Fantova Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuordeak gida bat aurkezteko ekitaldian parte hartu du gaur. Irakasleei zuzenduta dago, eta hezkuntzaren alorrean boluntariotza lantzeko asmoz sortu dute.

Lan horren helburua Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 4. mailako ikasleei boluntarioen lanaren berri ematea da, eta ikasitako ikasgaiak praktikan jartzea.

Covadonga Solaguren Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politikarako diputatuarekin eta Maite Berrocal Gasteizko Udaleko Kultura zinegotziarekin batera izan da aurkezpenean sailburuordea.


Fernando Fantovaren hitzetan, boluntarioen lana Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak gizartegintzaren eta ongizatearen inguruan duen ikuspegiaren “bihotz-bihotzean” dago.


Sailburuordearen iritzian, gizarte politikak kontrajarriak diren bi ikuspegiren artean daude: “oso minoritarioak, txikiak eta laguntzazkoak izatea nahi duen ikuspegia dago batetik, eta, herritar pasiboak izanik, babes publikoak osorik betetzea nahiko lukeen ikuspegia dago bestetik”.

Bi ikuspegi horien artean, Fantovak esan duenez, “borondatezko gizarte ekintza” dago, eta horretan ari da lanean, sailburuordearen arabera, Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila. Enpleguaren alorrean, “pertsonak lanaren aurrean gehiago aktibatu” nahi dituzte, eta gizarte-zerbitzuen alorrean, “gizarte-ekintza handiagoa, gizarte-zerbitzuekin lotura handiagoa”. Horren esanetan, hala ere, “ez dago ez bata ez bestea lortzerik herrikideen ongizatearekin konprometitutako herritar arduratsu eta aktiborik izan ezean”.

Bukatzeko, Fantovak gaineratu du boluntarioen lana “modu pribilegiatua” dela pertsona guztiak gizartean inplikatzeko.

Erdu, Elkarte eta Boluntariotzako Agentziaren arduradunek emandako datuen arabera, gida horren 500 ale banatuko dituzte, boluntariotza hezkuntza alorrean lantzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Sailburuordea