Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskal Hezkuntza Sistema defendatu du Sailburuak Araba Euskaraz festaren hasiera ekitaldian

2013.eko ekainak 16

LOMCEren aurrean kontsentsua eta Euskal Hezkuntza Sistema aldarrikatu ditu Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak gaur goizean Amurrion (Araba), Araba Euskaraz festaren hasiera ekitaldian egin duen hitzaldian. “LOMCEk ez du inolako kontsentsurik. Ez politikorik, ezta sozialik ere”, esan du. “Gu kontsentsuaren alde gaude, eta bide horretatik inork ez gaitu mugituko. Ez dugu onartuko atzerapausorik. Alderantziz, gure Euskal Hezkuntza Sistema  zaindu, bermatu eta hobetuko dugu. Hori da gure ardura, gure borondatea eta gure erabakia”.

Euskal Hezkuntza Sistema da, hain zuzen ere, Uriarte sailburuaren hitzetan, hezkuntzan orain arte egin diren aurrerapausoak defendatzeko eta etorkizunean egin beharreko hobekuntzak lortzeko tresnarik egokiena. “Egin duguna, orain eskuartean duguna, eta egingo duguna lortzeko, badugu tresna egoki bat: Euskal Hezkuntza Sistema. Kontsentsuaren fruitua, adostasunean, eta akordioan oinarritua. Guztiona den sistema. LOMCEren aurrean kosta ahala kosta defendatuko dugun sistema. Ez izan zalantzarik”.

Hezkuntza sistema bat eraikitzeko, ezinbesteko jo du Cristina Uriartek kontsentsua. “Horregatik gaur eta hemen kontsentsuaren beharra aldarrikatu nahi dut. Diagnostiko konpartitu bat eta elkarrekin bidea egiteko borondatea eta erabakia dira aurrera egiteko tresna egokienak. Eta horrela egingo dugu. Zeren kontsentsurik gabe, ezin da, inolaz ere, hezkuntza sistemarik eraiki. Ezta hobetu ere. Hezkuntza sistemak ez dira inposatzen. Hezkuntzan, inposatzen denak bide motza dauka”, esan du LOMCEri buruz.

Ikas-Bi elkartearen festa.
Amaitzeko, hezkuntzaren eta euskararen alde gaur bertan Saran (Lapurdi) burutzen ari den beste festa bat ere aipatu nahi izan du Cristina Uriartek, Ikas-Bi elkartearen festa, hain zuzen ere. “Hezkuntzan sinesten dugulako, eta euskarari haizea eta bizia eman nahi diogulako. Hegoaldean eta Iparraldean, Mendebaldean eta Ekialdean. Euskara plazan nahi dugulako. Euskara jalgi hadi plazara aldarrikapenean sinesten dugulako. Gaur beraz Iparraldeko Saran eta hegoaldeko Amurrion Hezkuntza eta Euskara aldarrikatzen dugu”. Iparraldeko sare publikoan lehen aldiz gela elebidun bat ireki zela 30 urte bete direla ospatzeko antolatutako festa horretara ere Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailetik ordezkaritza bat joan dela azaldu du sailburuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)