Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskal Soziometroa:krisia eta lan merkatua

2013.eko ekainak 14

Egoera ekonomikoa txartzat edo oso txartzat jotzen dutenen portzentajea etengabe gora egiten ari da. Espainiako egoera txarra edo oso txarra dela diote %95ek, EAEkoa %77k.

Kezka iturri ere bada, eta hiru arazo nagusien artean, aipatuenak lan merkatuari lotutakoak eta ekonomiari lotutakoak dira. Hirugarren lekuan, berriz, politikari lotutako arazoak ditugu (azken aldian dezente igo direnak, ia 2005eko gorenera iristeraino). Eta laugarren tokian etxebizitza eta etxe-gabetzeak (azkenaldiko beheranzko joera eten eta gora egin duelarik arazo honek).

Espainiako datuekin alderatuta, hiru arazo nagusien hurrenkera oso antzekoa da. Alde aipagarriena ustelkeria politikoak estatuan hartzen duen tokiarena da (%40, 3. lekuan); arazo horren garrantzia oso atzetik geratzen da EAEn (%7, 5. lekuan).

Etorkizun hurbilean, egoera ekonomikoak berdin jarraituko duela uste dute ia erdiek (%45 inguruk), bai EAEn, Estatuan, Europan zein munduan. Herenak, berriz, okerrera egingo duela uste dute: EAEn (%32), Europako Batasunean (%29) eta munduan (%32).

Egoera ekonomiko pertsonala: arlo pertsonalean ere ekonomia kezka iturri da. Egoera txarra eta ona dutenak erdi eta erdi dira.

Maila pertsonalean ere hiru arazo nagusien artean, lehen lekuan lan merkatuari lotutako arazoak (%59), eta bigarrenean arazo ekonomikoak (%31) agertzen dira.

Erdiek baino apur bat gehiagok egoera ekonomiko pertsonala ontzat jo badute ere (%57), %43 dira txartzat edo oso txartzat jo dutenak. Eta laurdenek uste dute okerrera egingo duela.

Erdiek baino gehiagok aipatu dute ere, dirua aurreztearren ohiturak aldatu dituztela aisialdian (%60), oporretan (%59) eta jantzi eta oinetakoetan (%52). Ia erdiek (%45) etxeko energia gastuetan, eta herenak garraioan eta elikaduran (%36 eta %34 hurrenez hurren). Laurdena dira mediku eta hortzetako tratamenduak atzeratu dituztenak (%26).

Hamarretik ia bederatzik (%86) adierazi dute 2012 urtean zehar gutxi edo batere ez dutela aurreztu. Biztanleria ez erretiratuaren artean aurrezte maila txikitu egin da 2004 urtearekin alderatuta (2012an batere aurreztu ez dutenak ia erdia dira (%46), eta 2004an %29 ziren).

Gainera, EAEko biztanleriaren erdiek egunez egun bizi direla aitortu dute (%49), laurdenek sei hilabeteko aurreikuspenak egin ditzaketela (%22) eta beste laurdenek urte bete edo birakoak (%25). Europako Batasuneko batez bestekoa (%39) baino gehiago dira Euskadin, etorkizuneko planak egiteko aukerarik gabe bizi direla uste dutenak; Europako Batasuneko bost Estatutako biztanleek bakarrik gaindituta (Portugal, Bulgaria, Zipre, Malta eta Greziakoak).

KRISIA

Krisiari buruzkoak: krisiaren okerrena iristear dagoenaren sentsazioa. Irtenbidea: guztion ahalegina eta  gastua mantentzea edo handitzea ekonomia suspertzeko.

Euskadin, Estatuan eta Europan baino pixka bat optimistagoak gara. Dena dela, erdiek baino gehiagok uste dute krisiaren okerrena iristear dagoela (%58). Datu hau Europako batez bestekoa baino apur bat optimistagoa da: Europar Batasunean %62k uste dute okerrena iristear dagoela. Estatuan, okerrena iristear dagoela uste dutenen portzentajea %73ra heltzen da.

Bertatik ateratzeko, hazkundea suspertzeko gastua mantentzea edo handitzea ezinbestekoak izango direla uste dute %62k. Bide horretan, gehienek uste dute guztiok egin behar dugula ahalegina krisitik ateratzeko (politiko, enpresari eta herritarrok) (%85 guztiz ala pixka bat ados) eta krisiaren ondorioz gainerako herritarrengandik gertuago sentitzen dira (%69). Ados agertu dira ere Eusko Jaurlaritzak baduela nahikoa indar euskal ekonomia defendatzeko ideiarekin (%64).

Halere, finean, gehienak sinistuta daude krisi hau ez dela pasako eta bizimodu aldaketa sakonago bat bizitzen ari garela (%65).

ERAKUNDEAK KRISIAREN AURREAN

Gobernuen eta gobernarien eragin gaitasuna: badute zeresanik.

Herritarren erdiek uste dute gobernariek badutela zeresanik ekonomia gaietan: ekonomian zer gertatuko den aurreikusi dezaketela (guztiz edo nahikoa ados %50), finantza-merkatuek egiten dutena mugatu dezaketela (%48) eta euren uste sendoen araberako politika ekonomikoak martxan jarri ditzaketela (%57).

Zentzu berean, hamarretik zazpik uste dute gobernu ezberdinen erabakiek Euskadiko ekonomiaren bilakaeran eragin handia edo nahikoa dutela: %73k Eusko Jaurlaritzarenek, %69k Espainiako Gobernuarenek eta %74k Europako Batasunekoek.

Egungo Eusko Jaurlaritza: politika ekonomikoek erdia ingururen babesa jasotzen dute. Gobernua akordioetara iristeko jarreran ikusten da, eta EH Bildu da horretarako nahiago den alderdia.

Eusko Jaurlaritza egiten ari dena babesten dutenak erdia inguru dira: bide onetik doala uste dutenak %44 dira. Laurdenek uste dute bide txarretik doala (%26) eta %16k ez doala ez bide onetik ezta txarretik ere. Bide txarretik doala uste dutenen artean gehien aipatutako arrazoiak dira: emaitzak ematen ari ez direlako eta murrizketak egiten ari direlako.

Neurri zehatzei dagokienez, hamarretik zazpik ez dute Enpleguaren aldeko Plana ezagutzen (%69), eta bertan hartutako neurrien artean enpresari txikiei eta gazteei lana bilatzeko laguntzak emateak jaso dute babes handiena (%60k eta %57k aipatu dituzte bi neurri horiek lehentasunen artean, hurrenez hurren). Txikienak berriz, etxebizitzak birgaitzerako laguntzek (%19) eta gazteak atzerrian formatu daitezen eman daitezkeen bekek (%15) jaso dute.

Berriz ere, ia erdiek uste dute planak dituen helburuak egokiak direla (%48), herenek anbiziosoegiak direla uste dute (%33) eta %13k baino ez apalegiak direla.

Hamarretik lau inguruk uste dute Eusko Jaurlaritza oinarrizko zerbitzuak ondo mantentzen ari dela: osasuna (%47), hezkuntza (%41) eta gizarte zerbitzuak (%36). Laurdena dira gaizki mantentzen ari dela uste dutenak (%24, %25 eta %28, hurrenez hurren) eta beste laurdena erdipurdi mantentzen ari dela (%27, %28 eta %30, hurrenez hurren).

Akordioetarako prestutasun handiena gobernuari sumatzen zaio (5,2); gainerakoak ez dira 5era iristen 0tik 10erako eskalan. Eta akordio ekonomikoetarako nahiago diren alderdiak EH Bildu (%25) eta PSE (%19) dira.

LAN MERKATUA

Enplegua:  enpleguaren egoera txartzat jotzen da, baina Euskadiko biztanleak Europakoak baino optimistagoak dira batez beste.

Enpleguaren egoera txarra dela uste da (%85ek txarra edo oso txarra) eta bere horretan mantenduko dela (%44) edo okerrera egingo duela (%32).

Halere, optimismo maila Europakoa baino handiagoa da; %21ek uste dute hobera egingo duela enpleguaren egoerak, EBko batez besteko %16en aldean.

Lana: lan perspektiba ez oso onak.

Langabezian dauden hamar pertsonatatik 6k ez dituzte aukera handiak ikusten datozen hamabi hilabeteetan lana topatzeko (%60ek aukera txikiak edo batere ez). Eta lan ordainduan ari diren hamarretik bik uste dute lana galtzeko aukera handiak edo nahikoak dituztela (%20).

Egungo langileek batez beste enpresa gehiagotan lan egin dute euren bizitzan zehar (3 enpresatan batez beste), duela 16 urteko datuekin alderatuta (2 enpresatan batez beste). Ezberdintasunak areagotu egiten dira datuak adinka aztertzen baditugu, gazteenek euren bizitza laboral laburrean helduenek adina enpresatan lan egin dute jada: 18-29 urte bitartekoak batez beste 3 enpresatan arituak dira jada, 65 urtetik gorakoak euren bizitza laboral osoan 2,8 enpresatan arituak diren bitartean.

Ekintzailetza: 1997. urtearekin konparatuta aldeak ez dira adierazgarriak.

Erdiek uste dute Euskadin baldintza txarrak ematen direla negozio bat abiatzeko (%54), aldiz onak ematen direla soilik %11k uste dute.

Biztanleen %7 dira datozen bi urteetan negozio bat irekitzeko asmoa adierazi dutenak, 1997an %5 ziren.

 

Euskaditik kanpo lan egitea:  1998. urteko datuaren antzekoa da Euskaditik kanpo lan egitea pentsatu dutenen portzentajea.

Hamar biztanletatik 2k pentsatu dute noizbait Euskaditik edo Estatutik kanpo lana bilatzea (%20 eta %18 hurrenez hurren). Gai honetan ez da bilakaera nabarmenik eman 1998 urteaz geroztik.

Euskaditik kanpo lana bilatzea serio pentsatu dutenen portzentajea dezente handitzen da gazteenen artean. 18-29 urte bitarteko gazteen %45ek pentsatu dute serio Euskaditik kanpo lana bilatzea eta %41ek estatutik kanpo.

ERRETIROA

Erretiro-pentsioak: gestioa EAEk izan beharko luke.

Erretiroen gestioa EAEko gobernuak izan beharko lukeela uste dute gehienek (%61).

Eta momentuan erretiroei eskaintzen zaizkien baliabideak gutxiegi direla uste dute erdiek baino gehiagok (%55). Herenek, berriz, behar adinakoak eskaintzen direla uste dute eta soilik %2k gutxiegi direla.

Biztanleria EZ erretiratua, pentsioen etorkizunaz: kezka da nagusi. Nahiago da gehiago ordaindu eta pentsioak mantentzea.

Biztanleria ez erretiratua kezkatua agertu da pentsio-publikoen etorkizunaz. %46k gaiak asko kezkatzen dituela adierazi dute eta %35ek pixka bat kezkatzen dituela. Gaiaren gaineko kezkarik ez dutenak %15 dira.

Pentsio-publikoak mantentzeko proposatzen ari diren neurrien artetik, hiru dira babes handiena jaso dutenak: pentsioak ordaintzeko dirua beste zerbitzu publiko batzuetatik kentzea (%26), gizarte segurantzako planak osatzeko pentsio plan osagarriak sustatzea (%25) eta bizitza laboralean gehiago ordaintzea, ondoren pentsioak egungo mailan mantentzeko (%21). Apenas jaso dute babesik pentsioak jaistea (%1) eta bizitza laborala luzatzea (%4) bezalako irtenbideek.

Zehazki, pertsonalki aukeraketa egin behar izanez gero, gehiengoak nahiago du bizitza laboralean gehiago ordaintzea eta pentsio altuagoa izatea (%56), gutxiago ordaindu eta pentsio txikiagoa izatea baino (%20). Halere, laurdenak ez daki bi aukera horietatik zein aukeratu (%24).

BALIO SOZIOEKONOMIKOAK

Materialismoa/Postmaterialismoa[1]: gehienek bietariko balioak dituzte. Gainerakoak apur bat materialistago dira postmaterialista baino, duela 17 urte ez bezala.

Euskadiko biztanle gehienek balio materialistak zein postmaterialistak erakusten dituzte (%55). Gainerakoetan apur bat gehiago dira materialistak erakusten dituztenak (%24) postmaterialistak erakusten dituztenak baino (%21). Oreka hau aldatu egin da 1996 urteaz geroztik: orduan apur bat gehiago ziren postmaterialistak (%27) materialistak baino (%19).

Balio sozialak: zatiketa etorkizunaren perspektibari buruz: lehengo garapen mailara bueltatuko gara edo gizarte berri solidarioago bat ezagutuko dugu.

Biztanleak nahikoa optimista dira Euskadiko etorkizunari buruz (%59 oso edo nahikoa optimista dira), Europako batez bestekotik gora. Gainera, euren burua zoriontsutzat jotzen dute (%85 nahikoa edo oso zoriontsu dira). Azkenik, duela 17 urte baino gehiagok uste dute pertsona gehienengan konfiantza izan daitekeela (%46, 1996ko %40aren parean).

Optimismo hori bakoitzak bere modura ulertzen du: hamarretik lauk egoera ekonomikoa lehengora bueltatuko dela uste dute eta hamarretik hiruk gizarte berri bat ezagutuko dugula, gauza material gutxiagorekin baina solidarioagoa izango dena. Hamarretik bi dira krisiak okerrera egin eta gatazka sozial garrantzitsuak biziko ditugula uste dutenak (%19).

JARRERA ETA BALIO POLITIKOAK

Politikarien balorazioa: oro har txarra: Euskadikoena apur bat hobea bada ere.  Iñigo Urkullu lehendakaria euskal buruzagirik baloratuena.

Oro har Europako eta Espainiako politikariekin alderatuta euskal politikariek balorazio positiboagoa jasotzen badute ere, hauek ere ez dira gainditura iristen, eta 3,9ko balorazioa jasotzen dute 0tik 10erako eskalan; 3,2 Europakoek eta 2,4 baino ez Espainiakoek.

Zehazki euskal buruzagien artean, 3,9ko batez besteko horretatik gora daude Iñigo Urkullu lehendakaria, politikari baloratuena (4,9), eta Laura Mintegi (4,2). Beraien balorazioak bi hamarren eta bost hamarren jaitsi dira, hurrenez hurren.

Gainerako buruzagiek puntuazio hauek lortu dituzte: Patxi Lópezek 3,7, Antonio Basagoitik 2,6 eta Gorka Maneirok 2,5. Aurreko soziometrotik Lópezek bi hamarren eta Basagoitik hamarren bat galdu dituzte. Gorka Maneirok balorazio baxuena izanik hamarren bat gora egin du.

Alderdien balorazioa: begikotasunik handiena bi alderdi abertzaleek jasotzen dute, azken neurketatik apur bat jaitsi badira ere.

Alderdi politikoenganako begikotasunari dagokionez, EAJ-PNV da begikotasun handiena pizten duena (4,2) eta EH Bildu bigarrena (3,5), ondoren PSE-EE (3,1) eta gutxiena berriz PPk eta UPDk (1,9 bi kasuetan). Azken neurketan txikitu egin da alderdi abertzaleekiko begikotasuna, PSE-EErekikoa mantendu da, PPrekikoak bi hamarren egin du gora eta UPDrekikoak hamarren bat.

 [1] Ronald Inglehart soziologo estatubatuarrak proposatutako neurketaren arabera ateratako indizea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko