Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Turismo eta merkataritza arloetako lankidetza-topaketa, Euskadi Basque Country Banderan

2013.eko ekainak 14

Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Itziar Epalza eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Oroz gaur Kataluniako zenbait ordezkarirekin bi merkatuetan sektore horren alderdi batzuk jorratzeko lan topaketa bat egingo duen ordezkaritza bateko buru dira.

Bartzelona. Euskadiko eta Kataluniako ordezkarien arteko lan topaketek datorren igandean Bartzelonako kaiko uretan egitekoa den Euskadi Basque Country Banderaren aurreko egunetako agenda markatzen dute.

Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Itziar Epalza, Turismoko zuzendari Mertxe Garmendia eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako zuzendari Arantza Madariaga Turisme de Barcelonako zuzendari nagusi Pere Duranekin eta zuzendariorde nagusi Ignaci de Delasekin bilduko dira gaur, goizean goiz, baita Bartzelonako Udaleko Turisme i Esdevenimentseko zuzendari operatibo Joan Torrillarekin ere, bi merkatuetan sektore horren alderdi batzuk kontrastatu eta aztertzeko.

Ondoren, Euskadiko Turismoko ordezkaritza Kataluniako Turismoko zuzendari Marian Murorekin eta Kataluniako Turismo Agentziako zuzendari Xavier Espasarekin batzartuko da.

Lan honen helburua da Bartzelonako eta Kataluniako turismo arloko garapen, sustapen eta merkaturatze ereduak hurbilagotik ezagutzea eta turismoa kudeatzeko esperientziak trukatzea. Hori guztia Eusko Jaurlaritza I. Euskadi Basque Country Banderaren inguruan egiten ari den turismo eta merkataritza arloko sustapen eginkizunaren esparruan sartzen da.

Turismo eta merkataritza arloetako sustapena

Topaketa honen ondorengo egunetan, bihar (hilak 15) eta igandean (ekainak 16), turismoa sustatzeko Euskadi Basque Country eremuan, turismo arloko informazio gune bat egongo da. Bertan, Euskadiko gastronomiari, kostaldeari, surfari eta naturari buruzko xehetasunak jasotzen dituzten liburuxkak eskuratu ahal izango dira, baita errepideen mapak eta erosketak egiteko lekuei buruzko informazioa ere. Gainera, Euskadi Basque Country logotipoa daramaten arrantzale zapiak banatuko dira. Larunbatean 1.000 oparituko dira eta beste 1.000 igandean, Kataluniako herritarrak Euskadi barrutira erakartzeko eta inplikatzeko. Han, gure helmuga turistikoari buruzko informazioa jaso ahal izango dute.

Gainera, eremu horretan egongo den Euskadi Gastronomika izeneko karpa batean, asteburuan, 4.000 pintxo dastatzeko aukera emango da. Euskadiko kalitatezko eta Eusko Labeldun produktuak izango dira osagaiak: gildak, hegaluzea, Kantauriko antxoak, txistorra, gazta, Tolosako teila eta zigarrotxoak, Arabar Errioxako ardoa eta sagardoa txotx eginez (kupelean).

Produktuen presentzia merkataritza arloko lan eginkizun honen funtsezko zati bat da, eta zeregin hori Bittor Oroz sailburuordeak, Elikagaien Industrien zuzendari Peli Manterolak eta Hazi korporazioko zuzendari Asier Arresek babestuko dute. Lehenik eta behin, Kataluniako Generalitateko Nekazaritza Saileko Elikadura, Kalitate eta Nekazaritzako Elikagaien Industrietako zuzendari nagusi Doménech Vilarekin bilduko dira, gaur goizean eta, geroago, Mercabarnako ordezkariekin; hau da, Estatuko nekazaritzako elikagaien merkatu handienekoekin.

Topaketen bitartez, Euskadiko bereizgarri publiko eta ofizialen babespeko nekazaritzako elikagaiak hobeto ezagutarazteko asmoa dago, baita Euskadiko ekoizleek Bartzelonako Horeca kanalean (hotelak, jatetxeak eta kafetegiak) dituzten merkataritza-aukerak areagotzea ere.

Horretarako, gaur arratsaldean bertan, Euskadiko kalitate ziurtatuko zenbait produkturen aurkezpen eta uztartze ekitaldi bat egingo da, sektore horretako Kataluniako ehun profesional eta merkaturatzaile partaide direla.

(ekitaldietako argazkiak gaur zabalduko ditugu)

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)