Berriak Osasuna
Eu

Bilboko Eskualdean garatutako esku-hartze eredu berriak premia bereziak dituzten haurren arreta hobetu du

2013.eko ekainak 19

 

  • Haur horiek artatzen dituzten profesional guztien arteko komunikazioan dago oinarrituta; horri esker, osasun-, gizarte- eta hezkuntza-baliabideak optimizatuko dira
  • Haur horiek, gaixotasun kronikoak dituztenez edo arazo sozialak edo psikologikoak dituzten familietan bizi direnez, egoera arruntetan dauden haurrek baino baliabide gehiago behar dituzte

Azken bi urteotan, hainbat erakundetako (Osakidetza, Bizkaiko Aldundia, Bilboko Udala eta Hezkuntza Saila) 85 profesionalen taldeak gizarte-, osasun- eta hezkuntza-berrikuntzako eredu berria gauzatu du Bilboko Eskualdean. Eredu horrek "premia bereziak dituzten haurren" zaintza hobetu du, hain zuzen ere osasun-, gizarte- eta hezkuntza-sektoreen arteko harremanetarako eta arretarako plan berri bat diseinatu eta gauzatu baita.

"Premia bereziak dituzten haurrak" dira, gaixotasun kronikoak dituztelako edo arazo sozialak edo psikologikoak dituzten familietan bizi direlako, garapenean asaldurak izateko arrisku handia dutenak. Hori dela-eta, osasun-, gizarte- eta hezkuntza-zerbitzu gehiago beharko dituzte, haurrek normalean behar izaten dituztenak baino.

Esku-hartze ereduaren buru Bilboko eremua izan da; zehazki, Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Pediatria Zerbitzua eta Bilboko Eskualdeko haurren osasun-zentroak eta osasun mentalekoak.

Proposatu den ereduaren barruan jaso da lehendik dauden baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzea, eta, horretarako, baliabide horien jarduerak aztertu dira eta beharrezko ez ziren bikoiztasunak kendu dira. Garatutako plana haur horiek artatzen dituzten profesional guztien arteko komunikazioan dago oinarrituta eta, horri esker, gaur egun dauden osasun-, gizarte- eta hezkuntza-baliabideak optimizatuko dira.

Oro har, haurren artean gutxienez % 10 dira premia berezidunak. Horietako zenbait haur goiztiarrak dira, eta anomaliak eta/edo sortzetiko gaixotasunak dituzte. Beste haur batzuk osasuntsu daude, baina gizartean babesgabetasun-egoeran dauden edo arazo psikologikoak eta/edo psikiatrikoak dituzten familietan bizi dira.

Diseinatu eta abian jarri den eredu horren barnean dagoena gida batean jaso eta argitaratu da, eta gida hori gaur aurkeztu dute Bilbon, erakunde-ekitaldi batean. Argitalpen hori ekainaren 19tik aurrera banatuko da, eta ikusgai izango da erakundeen eta zientzia-arloko elkarteen webguneetan ere, eta haurrek izan ditzaketen hiru arrisku-mota prebenitzea du xede: arrisku biologikoa, psikologikoa eta soziala. Orobat, halako egoerak goiz diagnostikatzeko eta laguntza goiztiarra emateko hainbat tresna proposatu dira liburuan.

Lan horren aurkezpenean izan dira, ekitaldiaren buru, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluko koordinatzaile José Antonio de la Rica eta Lourdes Zurbanobeaskoetxea; Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko eta Bilboko Eskualdeko zuzendari kudeatzaileak, Michol González Torres eta Jesús Larrañaga, hurrenez hurren; eta Bilboko Udaleko Gizarte Politiken koordinatzaile Eduardo Maíz zinegotzi ordezkaria.

Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Pediatria Zerbitzuaren buru den Elena Sánchezek gidatu ditu lan horren gaineko azalpenak, eta honako hauek aritu dira, hain zuzen, azalpenak ematen: Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Haurren Garapen Unitateko pediatra Gabriel Saitua eta Karmele Díez; Bilboko Udaleko Gizarte Ekintza Saileko eta Bizkaiko Aldundiko Manuela González eta Javier Larrea; eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Berritzegune Nagusiaren koordinatzaile Isabel Galende.

PARTE-HARTZAILEAK

Pediatrak, erizainak, emaginak, haur-psikologoak eta -psikiatrak, gizarte-langileak eta hezitzaileak aritu dira lanean proiektu honetan. Profesional horiek guztiak batez ere bi alderdik batu dituzte: eguneroko lanean beraiekin izaten dituzten adingabeen taldeak eta haur horien eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko nahiak.

Horretarako, lan-taldeak sortu dituzte, eta hainbat alderdi adostu dituzte, hala nola, zer egin behar den osasun-zentroetan eta nola koordinatu behar diren gizarte-baliabideekin (Aldundia eta Udala) eta ikastetxeetako hezitzaileekin.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau