Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika

Europako Batzordeak Eusko Jaurlaritza zoriondu du, landare inbaditzaileak deuseztatzeko “Life+, Estuarioak” proiektua bide onetik doalako

2013-06-13
  • "Txilka"-Baccharis halimifoliaren aurkako jarduera Urdaibain, Lean eta Txingudin


Europako Batzordeak Eusko Jaurlaritza zoriondu du, landare inbaditzaileak deuseztatzeko Life+ Estuarioak proiektua ongi doalako, egindako azken kontrolen arabera. Urdaibai, Lea eta Txingudiko paduretan bi urtez Baccharis halimifolia (Txilka) landare aloktonoa deuseztatzeko lan gogorra egin ondoren, Life+ Estuarioak proiektuaren barruan martxan jarritako ekintza guztiak aurten bukatuko dituela aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak. Kaltetutako habitatak lehengoratu ondoren, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak emaitza globalak balioetsiko ditu, eta ekimenean ikasitakoa eta garatutako jardunbide onak bilduko ditu.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuorde Josean Galerak hauxe adierazi du: «Hainbat metodo uztartuz landare kaltegarrien inbasioa kontrola daitekeela egiaztatzen du Life proiektuaren garapenak, bai eta estuarioetako habitaten lehengoratzea oso emaitza onak ematen ari dela ere. Dibulgazioak ere emaitzak eman ditu, espezie inbaditzaile hau eta biodibertsitatean dituen eraginak ezagunagoak baitira. Halaber, beste administrazio batzuek -udalek eta aldundiek, adibidez- itsasbazterretako ekosistemetan eragiten duen inbasio biologiko hau kontrolatzeko kanpaina propioei modu koordinatuan ekin diete».

Galerak honela azaldu du helburua: «Asmoa da bildutako informazioak kaltetutako beste eskualde batzuetan, kostalde atlantikoan zehar Galiziatik Bretainiara zabaldutakoetan, antzeko ekintzei ekiteko erreferentzia gisa balio izatea. Horretarako, eskualde haietako agintariak urte bukaeran batzartuko dira, Life proiektuaren emaitzak aztertzeko eta kudeaketarako eskuliburu bat osatzeko».

Europaren jarraipena
Europako Batzordeko Life programaren jarraipen-taldeak eta Lea-Artibai Mankomunitateko, Eusko Jaurlaritzako eta Ihobeko teknikariek ekainaren 7an, Lekeition, egin zuten bileran, proiektua bide onetik zihoala egiaztatu zuten; izan ere, aurreikusitako ekintza guztiak dagoeneko martxan daude, eta hasieran jarritako helburuak gainditu ere egingo dira. Egindako azken kontrolen ostean, Europako Batzordeak Eusko Jaurlaritza zoriondu du, proiektuaren gauzatzea ona delako.

Life+ Euskadiko estuarioetako garrantzi komunitarioko habitatak lehengoratzea izeneko proiektua 2010ean abiatu zen, eta 2014ko martxoan bukatzea aurreikusita dago. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak bultzatzen du, onuradun koordinatzaile gisa. Proiektuaren aurrekontua 1.852.825 eurokoa da; kopuru horren % 50a Europako Batzordearen Life+ Natura funtsek finantzatzen dute. Eusko Jaurlaritzaren mendeko Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak proiektuan parte hartzen du, kudeaketa operatiboko arduradun gisa.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)