Berriak Segurtasuna
Eu

Kontzientziatzeko kanpaina berria abiarazi du Trafiko Zuzendaritzak

2013.eko ekainak 14

«Ez ezazu zeure burua jo», guztiontzako leloa, auto-gidari, txirrindulari nahiz oinezko

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok «No te atropelles”/ Ez ezazu zeure burua jo» kanpaina berria aurkeztu du gaur goizean Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan, errepide eta kaleen erabiltzaile gisa gutako bakoitzak dugun arduraz kontzientziatzea duena helburu.

 

«Gure ekintzen ondorioa bizitzak etetea izan liteke» esan du Trafiko Zuzendariak. «Beraz, ez da bidezkoa besteei egoztea erantzukizuna. Guztioi dagokigu segurtasunaren alde jardutea, bai geurearen alde, bai hurkoenaren alde».

«Ez ezazu zeure burua jo» leloaren bidez, trafiko istripuek guztioi eragin diezaguketela azpimarratu nahi du Trafiko Zuzendaritzak; baina hori ez ezik, araua hautsi eta axolagabe ibiliz gero gu geu geure hurkoentzako arrisku ere izan gintezkeela gaztigatzen gaitu.

Hala, martxoan hasita apirilean eta maiatzean zehar irrati-kateetan entzun ahal izan den kanpainaren jarraipena da oraingo hau. «Arreta eta begirunea» mezuaren bidez, motordun ibilgailuen gidarien eta txirrindularien arteko bizikidetza sustatu nahi zen errepideetan.

«Kontziente izan behar dugu errepidean nahiz kalean goazelarik ez garela bakarrak eta gure erabakiek konponezinezko ondorioak izan litzaketela», gehitu du Garbiñe Sáez Molinuevok.

Telebistan ez ezik, irratietako iragarki laburren eta horma-irudien bidez ere zabalduko da «Errepidean, mehatxu zein biktima izan zintezke. Ez ezazu zeure burua jo» mezua, gaurtik aurrera, udan zehar. Halaber egongo da eskura Trafiko Zuzendaritzaren webgunean eta Youtube kanalean.

Hildakoen kopuruaren joerak berean dirau

Joan den urtean, 2012an alegia, 59 lagun hil ziren EAEko kale eta errepideetan izandako trafiko-istripuetan. Horietatik 39 gidariak ziren (4 txirrindulari, 12 motorista eta 23 bestelako ibilgailuenak), 9 bidaiari (denak bestelako ibilgailuetakoak) eta 11 oinezko. Larriki zauritutakoak, berriz, 410 izan ziren, honela banatuak: 260 gidari (49 txirrindulari, 92 motorista eta 119 bestelako ibilgailuenak), 60 bidaiari (7 motorretakoak, 53 bestelako ibilgailuetakoak) eta 90 oinezko.

2013ko lehen bost hilabete eta erdietan 22 lagun hil dira trafiko-istripuetan: 14 gidari (3 txirrindulari, 5 motorista eta 6 bestelako ibilgailuenak), bidaiaririk ez eta 8 oinezko. Beraz, beheranzko joerari eutsi egin zaio, iaz hildakoen kopurua, egun hauetan bertan, 25ekoa baitzen.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)