Berriak
Eu

Jonan Fernándezek baieztatu du Bake eta Bizikidetza Planak «bidezko helburu demokratiko» guztiak bildu behar dituela

2013.eko ekainak 12

Bake eta Bizikidetzako idazkari nagusiak onartu duenaren arabera, Lehendakariak atzo aurkeztutako Bake eta Bizikidetza Planak gai korapilatsuei helduko die. Jonan Fernándezen hitzetan, Plana «bidezko helburu demokratiko guztiek lekua izango duten esparrua» izan behar da. Horrenbestez, Fernándezek nabarmendu duenez, Euskadiko 4 alderdi nagusiak (EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PP) «helburuetan bat ez badatoz ere, horrek ez du esan nahi lekurik ez dutela». Fernándezen hitzetan, «esaterako, bidezko nahia da terrorismoaren biktimak oroitzea, nahiz eta batzuek ez duten ideia hori oso gustuko izango». Era berean, Bake eta Bizikidetzako idazkariaren iritzian, bidezko nahia da torturarekin gertatu dena jakitea, «nahiz eta batzuei ez zaien garrantzitsua edo lehentasunezko gaia irudituko». Horren harira, adierazi du torturarekin gertatutakoa jakitea ez dela ezker abertzaleari eginiko keinua, «giza eskubideekiko konpromiso etikoa» baizik. Horrela jasota geratu da proposatutako Planean, «aurreiritzi eta apriorismorik gabe».

Jonan Fernández Bake eta Bizikidetzako idazkari nagusia Radio Euskadiko Boulevard saioan elkarrizketatu dute.

Alderdi politikoek proposatutako planaren gainean adierazitako iritziei dagokienez, Jonan Fernándezek balorazio «oso positiboa» egin du; izan ere, bere ustean, bai PSEk, bai EH Bilduk, bai PPk kritika «eraikitzaileak» egin dituzte, eta hobetu beharreko hainbat puntu nabarmendu, «lan-esparru berriak» zabalduz. Fernándezek proposamenaren izaera «irekia» nabarmendu du, alderdi politikoen, Euskadiko elkarte-komunitatearen eta, oro har, gizartearen ekarpenak jasoko baititu iraila bitartean.

Bake eta Bizikidetzako idazkari nagusiak azpimarratu du beharrezkoa dela «guztien» konpromisoa, elkarlanerako konfiantzazko giroa sor dadin.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau