Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Itzarri BGAE-K 282 milioiko ondarearekin itxi du 2009ko ekitaldia

2010.eko martxoak 30

Borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundea dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokor eta Instituzionaleko 80.421 funtzionarioek osatzen dute

Itzarri BGAEk 282 milioi euroko ondarearekin itxi du 2009ko ekitaldia. Urteko kudeaketa-balantzea ezagutzera eman zen atzo, astelehenean, borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak Gasteizen izan zuen Ohiko Batzar Nagusian. Balantzeak erakundearen gobernu-organo gorenaren babesa eta onarpena jaso zituen.

2009. urtea gogoangarria izango da zalienetako bat izan delako mundu garatuaren leku gehienetan eman den egoera ekonomiko eta finantzarioari dagokionez. Horregatik, eta aurreko ekitaldietan bezala, Itzarriren Zuzendaritzak 2009. urtean egin dituen eragiketek bi printzipio izan dituzte ezaugarri: segurtasuna eta zuhurtzia, kapitalaren zaintza eta inbertsioen kaudimena batez ere baloratuz.

Bi printzipio horietarako atxikimendu hertsiak kaudimen handieneko errentagarritasun positiboa lortzea ahalbidetu du  Horrela, gizarte aurreikuspeneko erakundeak 2009. urtea %5,5eko errentagarritasun positiboarekin bukatu zuen, Itzarrik bere ibilbidea hasi zuenetik bazkideen kitatze-balioa %12,76an igo den arren.

Bestalde, eta Gobernu Batzordeak onartutako inbertsio-politikarekin bat etorriz, Itzarrik errenta finkoan eta likidezian zertxobait igo du bere kokapena errenta aldakorraren kalterako. Errenta aldakorrean inbertitutako portzentajea %10aren inguruan mantendu da, inbertsio-politika oso kontserbadore batekin

Ondarean, prestazioetan eta bazkideetan gora egin du eta ondarearen gaineko gastuen portzentajea murriztu du.

Itzarrik bere jarduera hasi zuen, 2005eko apirilean, 10.166.198 euroko ondare batekin eta 2009ko abenduaren 31n, ondare hori, 281.692.800 eurokoa zen, hau da, %57,36ko igoera aurreko ekitaldiari dagokionez, aurreikuspen guztiak %3,75ean gaindituz. Urte honen amaieran, BGAEren ondarea 400 milioi euroren inguruan koka daiteke.

Amaitu den ekitaldian gizarte aurreikuspeneko erakundeak jaso dituen ekarpenak, guztira, 93.112 mila eurokoak izan dira. Ekarpen horietatik, 2.037 mila euro (ondarearen gaineko %0,72a) ondoren adierazten diren onuradunen prestazioak ordaintzeko erabili dira: erretiroagatik, 1.455 mila euro; ezintasunagatik, 367 mila euro; heriotzagatik, 210 mila euro; eta langabeziagatik, 4 mila euro. 

Halaber, azpimarratu behar da egitura eta kudeaketaren gastuek ondarearen gainean dakarten portzentajea murriztu dela aurreko ekitaldiei dagokienez. Gastu horiek, hiru urteetan, herena baino gutxiagora murriztu dira eta, aurten, ondarearen gaineko %0,27 izan dira.

Borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundea dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokor eta Instituzionaleko 80.421 funtzionarioek osatzen dute, 2008an baino %3,61 gehiago (+2.801 bazkide). Gainera, Gobernu Batzordeak, 2010. urte honentzat, Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) atxikipena onartu du eta, horrek, bultzada handia eragingo dio bazkide-kopuruari.

Horrez gain, iaz Itzarriren Web-orri berriaren garapena eta ezarpena burutu dira (www.itzarri.com) eta, orri horretan, bazkide oso guztiek beren datu pertsonalak eta ekonomikoak zuzenean eskuragarri dituzte. Bazkide horiek beraien ondarearen egoera ezagutu dezakete, munduko edozein tokitatik eta edozein ordutan, onartutako ziurtagiri elektronikoa erabiliz, bai ONA txartela bai herritarraren txartela bai NAN elektronikoa.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan