Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Etxepare Euskal Institutuak Eduardo Chillida Katedra zabalduko du ekainaren 13an Franfurteko Goethe Unibertsitatean

2013.eko ekainak 11

 

Eduardo Chillida Katedra berriaren zabaltze ofiziala ekainaren 13an egingo du Frankfurteko Goethe Unibertsitateak (Alemania). Unibertsitate-esparruan euskal ikasketak zabaltzea eta euskal arteari buruzko ezagutza sustatzea du xede katedrak. Eduardo Chillidaren obra esparru akademikoan ikertzen eta zabaltzen laguntzea ere badu helburu.

 

Etxepare Euskal Institutuak sortutako hirugarren nazioarteko katedra honen eskaintza akademikoak Goethe Unibertsitateko Artearen Historiaren Institutuan du egoitza eta Ikasketa Kuratorialen Nazioarteko Masterrean txertatu da, hain zuzen ere, unibertsitateak eta Städelschule-k hiriko museoekin eta Frankfurter Allgemeine-rekin lankidetzan antolatutako gradu-ondoko programan.  Gainera, Frankfurteko Arteetako Liburutegiak berariazko atal batean bildu du artistari buruzko bibliografia osoa. Horri esker, Chillida Lekurekin batera, eta horrekin elkar hartuta, erreferente izango da Eduardo Chillidaren obra ikertu nahi dutenentzat.

 

Zabaltze ofiziala Goethe Unibertsitateko lehendakariorde Schubert-Zsilavecz doktorearen agurrarekin hasiko da Metzler Saal aretoan, 18:00etan; hainbat ordezkarik hartuko dute parte:

 

  • - Joxean Muñoz / Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea
  • - Clara Montero / Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria
  • - Mari Jose Olaziregi doktorea / Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapen eta Zabalkunderako zuzendaria
  • - Cristina Conde / Berlin eta Frankfurteko Cervantes Institutuko zuzendaria
  • - Susana Chillida doktorea / zine zuzendaria, idazlea eta arte pedagogian aditua

 

Ondoren Unibertsitateko Artearen Historiaren Institutuko katedradun Martin Büchsel doktoreak hartuko du hitza. Eta amaitzeko, Eduardo Chillida Katedraren lehen irakasle gonbidatu den Ana Maria Rabe doktoreak ekitaldiko mintzaldi nagusia eskainiko du: "Inoiz ez desberdin, inoiz ez berdin. Eduardo Chillidaren lana eta batasun eta elkarrizketaren bilakuntza".

 

Izan ere, inaugurazioa orain egingo den arren, katedraren programa akademikoa pasa den apirilean 18an hasi zen eta uztailaren 5era arte burutuko da. Arte irakaskuntzan esperientzia handiko irakaslea eta Eduardo Chillidaren obraren jakitun handia da Ana María Rabe. Filosofian Doktore Braunwchweigeko Hochschule für Bildende Künste delakoan (Arte Ederretako Fakultatea), hainbat unibertsitatetan egin ditu egonaldiak, baita eskolak eman ere. Rabek Eduardo Chillidaren obran oinarritu du bere ibilbide profesionalaren zati handi bat, irakasle gisa zein ikerketa eta argitalpen ezberdinetan. Eskultorea eta literaturaren arteko harremana edota filosofiarekin duen lotura izan dira batik bat ikertu dituen gaiak, eta baita Chillidak Alemaniarekin eta M. Heideggerrekin zituen hartu-emanak ere.

 

 

Orotara, Euskal Ikasketen hiru katedra ditu Etxepare Euskal Institutuak munduko hiru unibertsitate esanguratsutan. Aurten zabaldu den Eduardo Chillida Katedraz gain, 2011-2012 ikasturtean abian jarri zen Bernardo Atxaga Katedra dauka City University of New York (CUNY) delakoan, eta 2012ko apirilean ireki zen Koldo Mitxelena Katedra Chicagoko Unibertsitatean. Guztietan euskal ikasketei buruzko programa akademikoak antolatzen dira urtero.

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Aizpea Goenaga, Joxean Muñoz, Clara Montero, Mari Jose Olaziregi, Susana Chillida, Ana María Rabe