Berriak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa
Eu

Gobernu Kontseiluak Oinarrizko Hezkuntzaren Curriculuma ezartzen duen Dekretua onartu du

2010.eko martxoak 30

Aldaketak "lehentasunezko arreta" ezartzen du euskararentzat ikasgeletan, baina "arauzko hierarkia" berdina ematen die bi hizkuntzei

Isabel Celaá Hezkuntza Sailburuak adierazi duenez, Dekretu honen aldaketarekin "bukaera ematen zaio aurreko Jaurlaritzak alor juridikoan eragin zuen segurtasunik ezari"; halaber, "karga ideologiko alderdikaria" ezabatzen da. Curriculum berriak "lehentasunezko arreta" ezartzen du euskararentzat ikasgeletan, ordutegi luzeagoa emanez; aldi berean, baina, nagusitasun juridikoa ezabatzen du, zeren euskara eta gaztelania maila berean jartzen baititu arauen alorrean. Celaák esan duenez, 2010-2011 ikasturtetik aurrera, euskal ikasgeletan Giza Eskubideen errespetua eta terrorismoaren biktimekiko enpatia ere hartuko dira kontuan klaseak ematerakoan.

Gobernu Kontseiluak onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzaren Curriculuma ezartzen duen Dekretua aldatzen duen Dekretua. 2010-2011 ikasturtean indarrean sartuko den aldaketa horrek "lehentasunezko arreta" ezartzen du euskararentzat ikasgeletan, ikastordu gehiago asignatuz gizartean duen presentzia txikiagoa konpentsatzeko; aldi berean, baina, "arauzko hierarkiak" ezabatzen ditu eta maila berean jartzen ditu euskara eta gaztelania. Isabel Celaá Hezkuntza Sailburuak azaldu duenez, horrela lortzen da "karga ideologiko alderdikaririk" gabeko hezkuntza, "kohesio eta berdintasun sozial" handiagoa bermatuz eta "euskal gizartearen pluraltasuna islatuz".

Asteko Gobernu Kontseiluaren ostean egin ohi den prentsaurrekoan, Isabel Celaá Hezkuntza Sailburuak eta Jaurlaritzaren bozeramaile Idoia Mendiak ezagutzera eman dituzte gaurko bileran hartutako erabaki nagusiak.

Dekretuaren aldaketak bere erabilera sozialera mugatzen du Euskal Herria terminoa, euskararen presentzia duen lurraldea definitzeko. Baina "edozein proiektu alderdikarirekin izan lezakeen identifikaziotik" bereizten du, Hezkuntza Sailburuak adierazi duenez. Bere esanetan, terminoa ez da erabiliko "atal juridiko-politiko-administratibo" bat definitzeko. Gainera, Curriculumak aldaketak egin ditu Hiritartasunerako Hezkuntzaren helburu, eduki eta irizpideetan, "Giza Eskubideak eta pertsonen duintasuna oinarrizko erreferentetzat hartzen dituen eta terrorismoaren biktimekiko enpatia bultzatzen duen hezkuntza-jarduera finkatu ahal izateko xedez", azpimarratu du Celaák. "Curriculum honek, koherentziaz jokatuz, modu garbian islatzen du indarkeria terroristaren gaitzespena, inolako aitzakiarik gabe karakterizatuz, eta ez du inola ere ahazten gure herriak pairatzen duen egoera, zilegitasunik gabeko indarkeriaren kasutzat hartuz, inolako itzulingururik gabe", nabarmendu du.

Curriculumak ez du ezartzen biktimekiko "enpatia" hori nola gauzatu behar den; beraz, ikastetxeek berek erabakiko dute ea biktimen presentzia fisikoaren bidez egiten den edo bestelako modu batez egiten den.

Dekretu Berria Arkauten

Bestalde, Idoia Mendia bozeramaileak Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiaren egitura berriaren onarpena azpimarratu du; bere esanetan, horren bidez Barne Sailburuak ezarri dituen helburuak lortu nahi dira, alegia, "garrantzia handiagoa ematea pertsonalaren prestakuntzari eta aukeraketari, batez ere toki poliziei dagokienez. Halaber, segurtasun pribatuaren prestakuntza, larrialdietarako arreta eta babes zibila ere integratuko dira".

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010-03-30n hartutako erabakiak

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Isabel Celaa