Berriak Ogasuna eta Finantzak
Eu

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2014. Ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak egiteko Jarraibide Ekonomikoak onartu ditu Jaurlaritzak. (2013-06-11(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2013.eko ekainak 11

Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko 2014. urterako Aurrekontu Orokorrak egiteko Jarraibide Ekonomikoak onartzen dira, eta sail guztietako titularrei agintzen zaie sail hauei atxikitako erakundeei horren berri eta Ogasun eta Finantza Sailak prestatutako Jarraibide Teknikoen berri eman diezaietela.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren 2014. ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak egiteko Jarraibide Ekonomikoak.

2014. urterako Aurrekontu Proiektua egiteko Jarraibide Ekonomikoen aurkezpenak atarikoa eta lau atal nagusi ditu. Atarikoan, jarraibide ekonomikoen garrantzia aztertzen da, planak eta aurrekontuak kate estrategikoan garrantzi bizia duten aldetik. Lehendabiziko atalak Jaurlaritzaren ekintza zer ingurutan garatzen den aztertzen du, 2014ko politikak eta aurrekontuak baldintzatuko baitituzte. Atal horren barruan, Euskadik 2013-2015 aldian izango duen testuinguru makroekonomikoa zehaztuko dute, eta, ondoren, aurrekontu-egonkortasunaren inplikazioei helduko diete. Bigarren atalean, Jaurlaritzaren ekintzaren helburu estrategikoak azalduko dira, eremuz eremu. Hirugarren atalak fiskalitateari egiten dio erreferentzia, politika ekonomikorako erreminta gisa. Azkenik, laugarrenean, 2014. ekitaldirako Kontuak lantzeko Aurrekontu Jarraibide zehatzak zehazten dira.

1.- Euskadiren 2013-2015erako agertoki makroekonomikoa

Munduko aurreikuspen ekonomikoek jardueraren susperraldia adierazten dute, baina egoera ekonomikoak azken hilabeteetan izan duen pixkanakako narriadura behar bezala islatzen da erakundeek gertuko etorkizunerako hazkunde-itxaropenei dagokienez formulatu dituzten ondoz ondoko beheranzko aurreikuspenetan.

Izan ere, bilakaera ekonomikoan berreskuratze hori nahastu dezaketen hainbat arrisku daude, eurogunearen bilakaerari eta Estatu Batuen nahiz Japoniaren zerga-defizit eta zorpetze maila altuei dagokienez batez ere.

Testuinguru horretan, suspertzen ari diren ekonomiak izango dira, berriz ere, munduko hazkundea nagusituko dutenak; ekonomia aurreratuak, ordea, baita Eurogunekoak ere, 2013. urteko bigarren erdialdetik aurrera berreskuratzen hasiko dira, berreskuratze hori oraindik oso txikia izan arren.

Gure ekonomia agertoki horretan kokatuko da; izan ere, une honetan beste garai atzerakor bat zeharkatzen ari gara, bigarrena lau urtetan, 2009koa bezain sakona ez izan arren.

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2013. urterako aurreikuspenen arabera, jarduera ekonomikoak lehengo urtean izan zuen intentsitate bereko beste beherakada bat jasango du (-% 1,2ko BPGaren urte arteko aldaketa); bestalde, 2014tik aurrera hazkunde positiboa izango du (% 0,8), barne-eskaera berreskuratzen den neurrian.

Jardueraren hazkunde leun hori dela-eta -BPGa gutxi samar haziko dela aurreikusten da-, Jaurlaritzaren aurreikuspenetan 2015era arte atzeratzen da enpleguaren sorrera; hori dela-eta, epe ertainera ez da krisialdian suntsitutako enplegua berreskuratzea espero.

Horrela, 2013. urtean enplegua -% 2,3 eroriko da, eta beraz, 20.000 lanpostu baino gehiago suntsituko dira eta biztanleria aktiboaren % 13,7ko langabezia-tasara iritsiko gara. 2014. urterako, ordea, enpleguaren galera -% 0,7koa izango da, hau da, 6.000 lanpostu galduko dira eta langabezia-tasa % 12,7koa izango da. Baina 2015ean enplegua sortzea posible izango da, baldin eta Estatuko ekonomiak eta Europakoak aurreikusita bezala egiten badu hobera.

2.- Aurrekontu-egonkortasunaren esparrua eta 2014ko aurrekonturako inplikazioak

2014. urteko Aurrekontuak koherentea izan behar du deskribatutako agertoki ekonomikoarekin, eta ekonomiaren hazkundean laguntzeak edo, gutxienez, haren narriadura arintzeak ezinbestekoa izan behar du haren lehentasunen artean; gainera, sektore publikoaren aurrekontu-egonkortasuna bermatu behar du.

Jarduketa-koordenatu horiek behar bezala egokitu behar dituzte zerga-kontsolidazioaren prozesua eta gure ekonomiaren hazkunde positiboa, apala izanik ere.

Dena den, aurrekontu-egonkortasunari buruzko Europako eta Estatuko erregulazio-esparru berritu horrek herri-administrazio guztien aurrekontuak baldintzatzen ditu, derrigor bete beharreko hiru eskakizun baitituzte egitura-defizitaren, zor publikoaren eta gastu-arau gehigarriaren helburu zehatzak bete ahal izateko.

Era berean, Euskadiren eta Estatuaren arteko harremanak arautzen dituen esparru arauemaile berezia hartu behar da kontuan, euskal sektore publikoak zerga- eta finantza-autonomia baitu, gure Erkidegoak eta Estatuko Administrazioak aldebiko izaerako harremana izateaz gain.

Zentzu horretan, eta Estatuarekin 2013 eta 2014. ekitaldietarako hitzarmenik gauzatu ez den arren, aurtengo defizit-helburuak ez ditu 2012an finkatutako mugak gaindituko, eta hurrengo urtean ere ez dira 2013rako finkatutakoak gaindituko.

3.- Jaurlaritzaren estrategia eta jarduteko helburuak

Gobernuaren ekintzak parametro horietan hedatu behar du, eta haren gizarte eta ekonomia arloko helburu estrategikoek pertsonen oinarrizko premien estaldura eta langabeziaren aurkako borroka bermatu behar dute.

Horrenbestez, 2014. ekitaldirako Aurrekontuetan gizarte-ongizaterako euskal sarea babesteko gastua izango da lehentasuna, osasunaren politika publikoei, gure hezkuntza-sistemaren premiak behar bezala hornitzeari eta gizarte-bazterkeriaren aurkako borroka-politikak sostengatzeari dagokionez batik bat.

Era berean, enplegua mantendu eta sortzeko neurriei emango zaie lehentasuna, esku hartzeko honako bi ildo garrantzitsu hauen bitartez: batetik, enplegu-politika aktiboen garapena, eta bestetik, euskal ekonomiaren lehiakortasuna hobetzera eta jarduera berreskuratzera xedaturiko politikekin jarraitzea edo horiek abian jartzea, horien bitartez, enplegua sortu ahal izateko.

4.- Euskal Autonomia Erkidegoaren 2014. urterako Aurrekontu Orokorrak egiteko Aurrekontu Jarraibideak

Horrenbestez, jarraibideak prestatzeko dagokion Aurrekontu Proiektua lantzea ahalbidetuko duten oinarrizko bi printzipio hauek zaindu behar dira: Administrazioaren erantzukizuna diren izaera publikoko gizarte-politikak hornitzera xedaturiko gastuak sendotzea, baita kontzertuak, kontratu-programak eta eskubide subjektiboetan oinarritutako herritarrekiko obligazioak hornitzera xedaturik daudenak ere. Eta, bestetik, 2014rako aurreikusitako hazkunde positiboa erraztuko duten gastuak sendotzea, enplegua eta ekonomia berreskuratzeko politika antiziklikoei arreta berezia eskainiz, betiere finantza-nahikotasunaren baldintzei egokituta.

Printzipio horiek abiapuntutzat hartuta, jarraibide hauek ezarri dira 2014ko ekitaldirako Aurrekontuak prestatzeko:

Lehenengoa: Langile-gastuak

Aurrekontu-plantillek izaera murriztailea izango dute irizpide orokor gisa. Aurrekontu-plantilla ez da handituko, 2013ko abenduaren 31n dauden lanpostuen guztizko agregatuarekin alderatuta.

Euskal sektore publikoaren zerbitzura dauden langileen ordainsariak negoziazio kolektiboko prozesutik ondorioztatuko dira; dena den, horiei 2014. ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren Legean zehazten diren gehienezko mugak aplikatuko zaizkie.

Bigarrena: Funtzionamenduko gastuak eta transferentzia arruntak

Euskal Autonomia Erkidegoko Departamenduek, Erakunde Autonomoek eta Sektore Publikoko gainerako Entitateek funtsezko zerbitzu publikoen funtzionamendua mantenduko duten jarduketen gastua izango dute lehentasunen artean.

Hirugarrena: Inbertsio publikoa

Aurreko ekitaldietatik eratorritako obligazioei aurre egiteaz gain, inbertsio publikoari dagozkion kapituluetako gastuak oinarrizko zerbitzu publikoen eskaintza sendotzera xedatuko dira, baita gure ekonomia berreskuratzera eta enplegua mantendu edo sortzera ere.

Laugarrena: Finantza-gastuak eta finantza-pasiboen txikiagotzea

Zor Publikoaren interesen eta amortizazioaren aurrekontua zenbatetsitako kostuaren arabera egingo da.

Bosgarrena: Sektore Publikoko erakunde berririk ez sortzea

Ez dago aurreikusita organismo autonomo, zuzenbide pribatuko ente publiko, sozietate publiko, fundazio edo partzuergo berririk sortzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko