Berriak Lehendakaritza
Eu

EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Plana garatzeko eta aplikatzeko jarraipena - IX Legegintzalldiaren Jarraibideak (2010 eta 2011 urteak).- Euskadiko emakumeen eta gizonen egoerari buruzko zifrak (2012 urtea). (2013-06-11(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2013.eko ekainak 11

LABURPENA

EMAKUME ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUN EZAREN EREMUAK AZPIMARRATU DITU GOBERNU KONTSEILUAK

Gaur goizeko bileran, Gobernu Kontseiluak Euskadiko Emakumeen eta Gizonen Egoerari buruzko zifrak - 2012 eta EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako V. Plana garatzeko eta ezartzeko, 2010-2011urteetan botere publikoek egindakoari jarraipena egiteko txostenak onartu ditu. Besteak beste, hauek dira gure herriko emakume eta gizonen egoerari buruzko txostenean azpimarratzen diren zenbait datu:

EAEko adineko biztanleriaren gehiena emakumeak dira, baina desgaitasunik gabe bizitzeko itxaropena txikiagoa da emakumeen artean gizonen artean baino.

Azken hamarkadetan ama izateko batez besteko adina atzeratu egin da. Autonomia-erkidego guztietatik datu altuena da.

Lan produktiboan, bi sexuen arteko aldea asko murriztu bada ere, bien artean oraindik 13,7 puntuko aldea dago. Seme-alaba bi edo gehiago dituztenek enplegu-tasa handiena dute, sexua gorabehera; emakumeen eta gizonen arteko alde handiena ere hor gertatzen da (63,2 versus 82,6).

2011. urtean, kontraturik gabeko soldatako hamar lagunetik bederatzi emakumeak izan ziren (% 86,6). Era berean, lan-kontratu finkoa edo mugagabea izan duten emakumeen ehunekoa gizonena baino txikiagoa izan da, baina aldi baterako kontratudunen artean gizonak baino gehiago izan dira (% 53,7).

Norbere kontura lan egiten duten pertsonen artean % 33 emakumeak izan dira, eta % 67, gizonak. Antzeko zerbait gertatu da enplegu-emaileekin eta enpresaburuekin.

Azken urteotako batez besteko errenta pertsonalaren bilakaera aztertzen badugu, argi ikusiko dugu askoz txikiagoa izan dela emakumeena gizonena baino (11.000 euro inguru gutxiago).

Emakumeen eta gizonen arteko soldata-ezberdintasuna kategoria guztietan ikusten da, eta areagotu egiten da zuzendaritza- eta kudeatzailetza-lanpostuetan, baita langile profesional-teknikoen artean ere.

EAEko gizartearen gehiengo handi batek (% 96,5) berdintasuna defendatzen du, bai etxeko lanetan, bai haurren zaintzan. Baina gizonek etxeko lanetan eta zaintzan zeregin aktiboa izateko bultzada hori ez dator bat benetan gertatzen denarekin. Lehen urteetako zaintzari dagokionez adibidez, amatasun-prestazioa hartu duten gizonen kopurua bitxikeria estatistiko moduan hartzen da: gehienez, gizonen % 5ek hartu zuen.

Emakumeek, batez beste, gizonek baino bi ordu baino gehiago ematen dituzte etxeko lanak egiten; gizonek, aldiz, emakumeek baino ordubete inguru gehiago ematen dute lan produktiboan eta prestakuntzan, eta aisialdi gehiago dute, egunean ordubete gehiago.

Azken 15 urteetan, emakumeek ez dute seme-alabak zaintzeko denbora gutxitu; aitzitik, 8 minutu gehiago eman dituzte zeregin horretan (gizonek 7 minutu). Eta gauza bera gertatzen da helduen zaintzarekin, 1993. urtean baino 4 minutu gehiago ematen dute zaintza-lan horietan (gizonek 2 minutu gehiago).

Bizitza sozialari dagokionez, emakumeek, batez beste, gizonek baino 10 minutu gutxiago dituzte egunean harrerak eta irteerak egiteko.

Euskadin, etxeko produkzio zenbatu gabea BPGd-ren % 28,7 da. Emakumeek produkzio horren % 72 inguru garatzen dute, eta gizonek, % 28.

Oro har, emakumeak gehiengoa diren ikasketak sozialki feminizazioarekin lotutako elementuekin eta rolekin lotuta daude, hots, hezkuntzarekin edota zaintzarekin loturiko hainbat alderdiekin, hala nola fisikoarekin, emozioekin, nutrizioarekin edota gizartearekin. Badirudi beste pertsonekin harremanak izateko joera horrekin gradu batzuk feminizatu egin direla; bestetik, ikasle gehienak mutilak diren graduak -tradizioz gizonezkoenak izan direnak- enpresari, industriari eta tresneriari daude lotuta.

Eskola-errendimenduari dagokionez, 2010-2011 ikasturtean lehen eta bigarren hezkuntza errepikatu behar izan duten ikasleen artean, mutilak neskak baino gehiago izan dira aztertutako etapa guztietan. Gainera, mailaz igo ziren nesken ehunekoa mutilena baino handiagoa izan da kasu guztietan.

Azken hamarkada honetan murriztu egin dira ospitaleko egonaldien kopurua eta egonaldi horien iraupena; beraz, pertsonak erabat sendatzeko kostua ospitaleaz kanpoko esparrura eraman da. Inguruabar horrek eragin garrantzitsua izan du gaixoengan, baina haien inguruan ere bai, eta, bereziki, emakumeengan, gehienetan zaintza-lanen ardura emakumeek hartzen dutelako.

Ohitura osasungarrien artean, emakumeek gizonek baino 11 minutu gutxiago egiten dute kirola, egunean, eta 13 minutu gutxiago izaten dute pasierak eta ibilaldiak egiteko.

Ugalkortasun-osasunari eta erabakiak hartzeari dagokienez, 2010. urtean zehar Haurdunaldiaren Borondatezko 3.947 Etendura (HBE) egin ziren: 3.266, Euskadiko emakumeek, eta 681, beste autonomia-erkidego batzuetako emakumeek. Guztira, EAEko 3.388 emakumek egin zuten HBE urte horretan, HBE beste erkidego batean egin zuten emakumeak ere kontuan hartuta.

15 urtetik 44 urtera bitartean HBE egin duten emakumeen kopuru absolutuen eta tasaren bilakaerak erakusten duenez, oro har joera gorakoa izan da azken urteotan. 1993. urteaz gero, tasa hirukoiztu egin da, eta 2010. urtean, azken hamar urte horietako kopuru eta tasarik altuenak izan dira.

Pobreziaren feminizatzen ari da, gero eta gehiago, eta, ondorioz, emakumeak ari dira gizarte-zerbitzuen erabiltzaile eta onuradun nagusi bilakatzen. Familiako pertsona nagusi diren emakumeen arrisku-tasa antzeko egoeran dauden gizonena halako bi baino gehiago da (8,2 versus 3,3, hurrenez hurren).

Azken hamarkadetan, emakumeek gero eta presentzia handiagoa izan dute esparru publikoan, eta parte-hartze eta eragin sozio-politiko handiagoa dute. Hala ere, oraindik ere luzea da esparru askotan parekotasuna lortzeko bidea, batez ere erantzukizun eta botere handieneko lanpostuetara hurbildu ahala.Udaletan, adibidez, azken hamarkadetan gero eta emakumezko zinegotzi gehiago egon da udaletan, etengabe gehitu da horien kopurua. 2011ko maiatzeko udal hauteskundeen ostean, emakumezko zinegotzien kopurua lehenengo aldiz milatik gorakoa izan zen, eta maximo historikoa lortu zuen (% 38,7).

Genero-indarkeria dela eta, 2011. urtean 4.858 biktimizazio erregistratu ziren (biktimak: 3.829), hau da, aurreko urtean baino gehiago (4.285 biktimizazio). Azken urteotako joera orokorra biktimizazioen kopuruak gora egitea da, 2009-2010 aldian izan ezik.

Biktima gehienak 31 urtetik eta 40ra bitarteko emakumeak dira. Esanguratsua da salaketaren edo atestatuaren garaian 18 eta 30 urte bitarteko adin-taldean dagoen emakume kopurua: % 28,6.

2011n EAEn emakumeen % 18k esan du indarkeria ondorioztatu edo tekniko gisa planteatutako egoeretako bat bizi izan duela, maiztasunez edota noizbehinka, azken urtean; ildo beretik, 10etik 3k, noizbait pairatu duela esan du.

Lanean dauden emakumeen % 7k azken urtean maiz jasan du indarkeria, lan-eremuan; eta % 20k esan du gutxienez behin jasan duela.

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren ondorioz, 2010etik 2011ra artean, Euskadin 29 emakume hil zituzten genero-indarkeriagatik (bi, azken urtean); biktimek 45 urte zituzten, batez beste.

Pertsona gehienek (% 82,2) uste dute Euskadin genero-indarkeria dela gizartearen arazoen artean handienetakoa. Arazo hau larria dela uste dutenen artean, emakumeak gizonak baino gehiago dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau