Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

60.000 lagunek parte hartuko dute Eusko Jaurlaritzak finantzatutako enplegurako prestakuntza jardueretan

2013.eko ekainak 11

EAEko 60.000 lagunek baino gehiagok hartuko dute parte 2013an Eusko Jaurlaritzak lanbide-prestakuntzaren arloan finantzatutako enplegurako babes- eta laguntza-ekintzetan.

 

Gasteizko gobernuak 54.1 miloi euro zuzenduko ditu lanbide-heziketako ekintzak sustatzera.  Kopuru horretatik % 60 inguru, 32,9 miloi edo, baliatuko dira langabezian dauden pertsonak laneratzeko aukerak sustatzeko, batez ere gazteei zuzendutako orientazio- eta aholkularitza-programen bitartez. Guztira, 60.000 pertsona inguru izango dira laguntzon zuzeneko onuradunak.

Aurtengo laguntza-deialdiaren edukia aztertzeko, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko, Lanbideko eta Hobetuz-eko arduradunek informazio-saio bat egin dute gaur, Bilbon, enpresa, aholkularitza eta prestakuntza-zentroei zuzendua.

Ricardo Barkala Enplegu eta Laneko sailburuordeak esan duenez, laguntza-mota horiek "beharrezkoak dira pertsonak behar bezain kualifikatuta eta gaituta izan daitezen, lan-merkatuan jardunean jarraitzeko haien lan-bizitza osoa bitartean".  "Ekonomia berriz suspertzea lortzen dugunean, gure enpresak ondo prestatutako pertsonak beharko dituzte", gehitu du Barkalak.

Prestakuntza okupazionalaren arloan, 24,9 milioi euroko lehen partida bat EAEko langabeei zuzendutako 556 ikastaro ordaintzera bideratuko da, eta lan-arlo guztietako espezialitateak jorratuko dira partida horretan. Ikastaroon % 73 zentro pribatuetan profesionaltasun ziurtagiriak lortzera bideratuta izango dira.

Ikastaroak iraileko lehen hamabostaldian jarriko dira abian, eta gaur egun langabezian dauden 8.355 pertsonari prestakuntza emateko baliatuko dira. Laguntzak trebakuntza-zentro pribatuek zein langileentzako prestakuntza ikastaroak zuzenean edo euren mendeko erakundeen bidez ematen dituzten enpresarien elkarteek zein sindikatuek jaso ahal izango dituzte.

Horrez gain, beste 2,5 milioi euro baliatuko dira enpresek, enpresarien elkarteek edo bestelako erakundeek langabeak kontratatzera bideratuko prestakuntza jarduerak aurrera eraman ditzaten.

Euskadiko hiru lurraldeetako lanbide-heziketako ikastetxe publikoek emango dituzten trebakuntza-jardueretarako beste 5,5 milioi euro bideratuko dira. Azken jardueron xedea profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea izango da.

 

Etengabeko prestakuntza

Uneotan lanean ari diren langileen prestakuntzara bideratutako planak sustatzeko laguntza programari 21,2 milioi euroko partida emango dio Eusko Jaurlaritzak.

4,2 milioi euro 35 langile baino gehiagoko enpresek edo 50 baino gehiagoko enpresa-taldeek burutzen dituzten prestakuntza jarduera estrategikoetara bideratuko dira. Jarduerok enpresotako langileen gaitasunak eta kualifikazioa hobetzea izan behar dute helburu. Programa honetan 18.000 langilek parte hartzea espero da.

Era berean, uneotan lanean ari diren langileen prestakuntzara bideratutako egitasmoak sustatzeko 16,9 milioi euro emango ditu Eusko Jaurlaritzak.

Hobetuz, Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioazioaren bitartez, langileen gaitasunak eta kualifikazioa hobetzeko prestakuntza jarduerak eskaintzen dituzten EAEko erakunde guztiek jaso ahal izango dituzte laguntzok. Erakundeon artean daude prestakuntza erakundeak, unibertsitateak, 1995ean EAEko lanbide heziketako lanbide arteko akordioa sinatu zuten enpresarien elkarte eta sindikatuak, eta kooperatiba zein lan sozietateen konfederazio eta federazioak.

Felipe García Hobetuz Fundazioare presidentearen aburuz, «enplegurako prestakuntza gure herriaren garapen industrial eta produktiborako funtsezko bitartekoa da eta etorkizunean ere hala izaten jarraituko du, Euskadiko langileen bizi-kalitatea hobetzeko funtsezko tresna baita prestakuntza».

Programak diruz lagundutako jarduerotan EAEko langileek zein mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaile ez profesionalek parte hartu ahal izango dute.  Era berean, Lanbiden, Euskal Enplegu Zerbitzuan, izena emanda duten langabeek ere parte hartu ahal izango dute, betiere gutxienez parte hartzaileen % 20 eta gehienez % 40 izan behar dutela kontuan izanda. Gainera, parte-hartzaile horien izen-ematea zuzenean Lanbideko orientazio-zerbitzuek egitea gomendatzen da.   

Prestakuntzako jarduera horietan gutxienez 30.000 pertsonak parte hartzea aurreikusten da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)