Berriak Osasuna
Eu

Euskadik bainu-denboraldia ireki du eta ia hondartza eta bainatzeko leku guztietan baimenduta dago bainatzea

2013.eko ekainak 11

Bainurako ur kontinentalen kontrola eta zainketa 2013

Bizkaian, uraren osasun kalitatea bikaina da eta hondartza gehienetan bainatu daiteke.

Gipuzkoako hondartza guztietan dago baimenduta bainua hartzea, Mutrikuko Ondarbeltzen izan ezik.

Araban bainatzeko toki guztietan dago baimenduta eta uraren kalitatea bikaina da.

Bainu-denboraldia ekainean hasi da zenbait tokitan eta irailaren 30era arte iraungo du.

Ekainaren 15ean denboraldia irekita egongo da Euskadiko toki guztietan.

Bizkaiko ia hondartza guztietan uraren kalitatea bikaina da eta bainua hartzea libre da, Sukarrietako Toña hondartza salbuetsita.

Aztertu diren 21 hondartzetatik, 15etan uraren kalitatea oso ona da eta arazorik gabe bainatu daiteke. Hona zein diren hondartza horiek: La Arena, Muskiz-Zierbenan; Ereaga eta Gorrondatxe, Getxon; Solandotes/Barinatxe eta Arrietara-Atxabiribil, Sopelan; Plentziakoa; Gorlizkoa; Bakiokoa; Aritxatxu, Bermeon; Laida eta Laga, Ibarrangelun; Ogeia, Ispasterren; Isuntza, Lekeition; Karraspio,  Mendexan eta Arrigorri Ondarroan. Getxoko Las Arenasen eta Arrigunagan; Mundakako Laidatxun; Sukarrietako San Antonion, eta Ean, uraren kalifikazioa onargarria da eta bainua arduraz hartzea gomendatzen da. Sukarrietako Toña hondartzan soilik debekatzen da bainatzea.  

Gipuzkoan, uraren kalitatea bikaina edo ona da, eta beraz, bainatzeko egokia, Hondarribian; Zarautzen; Getariako Gaztetapen, Zumaiako Itzurunen, Debako Santiagon eta Mutrikuko herriko hondartzan (igerileku berria). Gainerakoetan, Mutrikuko Ondarbeltz salbuetsita, non ura ez baita bainatzeko egokia, bainua arduraz hartzea gomendatzen da.  Egoera horretan daude Orioko Antilla, Getariako Malkorbe eta Mutrikuko Saturraran eta herriko hondartza (igerileku zaharra).

Araban, non ekainaren 15ean, larunbata, irekiko baita bainu-denboraldia, uraren kalitatea bikaina da eta bainatzeko toki guztietan dago baimenduta bainua hartzea: Garaion, Landan eta Zuhatzako uhartean.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astero egiten dituen azken txostenetatik jaulkitzen dira datu horiek, sail horren eskumenak baitira bainatzeko uraren kalitatea kontrolatzea, hondartza inguruen osasun-ikuskaritza eta bainu-hartzaileei informazioa eta gomendioak ematea, 2013ko hondartzen kontrol- eta zainketa-programaren barruan.

Hondartzen programa honen helburua herritarrei bainatzeko tokien osasun-egoeraren berri ematea da, aisiarako gune horien erabilerari lotutako istripuak murriztearren. Bainatzeko tokien higiene- eta osasun-baldintzak kontrolatzen dira, bai uraren kalitatea eta bai ingurune guztia, erabiltzaileen osasuna babesteko xedez. 

Zehazki, ingurumen-osasuneko arloek -Osasun Sailaren mende daude-, bai Gipuzkoa eta Bizkaiko kostan eta bai Arabako bainatzeko tokietan, hainbat zeregin eramaten dituzte aurrera: bainatzeko uraren osasun-kontrola eta osasun-ikuskapenak egitea; bainatzeko ur horien eta baldintzen osasun-sailkapena; pertsonen osasunerako gerta daitezkeen arrisku-egoeren ebaluazioa; eta herritarrei informazioa eta osasun-gomendioak ematea.

Etengabeko ikusmen bidezko kontrolaz gainera, astero, astelehenetan, irailaren 30era arte, ur-laginak hartuko dira. Lagin horiek ontzi esterilizatuetan jaso, eguzkiaren argitik babestu eta, kasu batzuetan, hoztuta garraiatzen dira laborategira, non hesteetako enterokokoen eta Escherichia coliren presentzia ez ezik, pH-a eta tenperatura kontrolatzen baitira.

Analisien eta osasun-ikuskaritzaren emaitzen arabera, Osasun Sailak sailkapen bat egiten du, ondorengo kategoria hauek barnean hartzen direla: Onartezina (ez bainatu); Onargarria (arduraz bainatu); Ona (bainatzea libre); edo Bikaina (bainatzea libre). Era berean, urte osoko ebaluazioa egiten da urtearen amaieran, zeina Europako osasun-agintaritzei igortzen baitzaie.

BAINATZEKO ETA LAGINAK HARTZEKO GUNEAK

LURRALDEA

BAINATZEKO TOKIAK

LAGINAK HARTZEKO GUNEAK

Araba

5

5

Bizkaia

21

32

Gipuzkoa

12

23

EAE

38

60

Informazio-kartelak

Hondartza eta bainatzeko tokietako erabiltzaileei informazioa ematearren, kartelak jartzen dira puntu horietan, non azpiegiturei, ingurumenari eta osasun-baldintzei buruzko informazioa eskaintzen baita.

Osasun-baldintzen informazioaren barruan, alde batetik, bainatzeko tokiari dagokion urteko sailkapena erakusten da -azken lau denboraldietako emaitzek zehazten dute sailkapen hori-; gero, asteari dagokion kalifkazioa dator, astean jasotako laginak analizatzetik lortutako emaitzaren arabera. Bainua hartzea galarazten bada, debekuaren arrazoiak adieraziko dira.

Beste paragrafo batean, hondartza inguruko baldintzen berri ematen da (hondarra, azpiegiturak, eta abar). Onak, hobetu daitezkeenak edo txarrak izan daitezke.

OHARRA.- Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hondartzetako osasun-kontrolaren txostenak (Donostiako hondartzena salbu, udalaren eskumenekoak baitira) web orrian  egongo dira: http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-cksalu10/eu/contenidos/informacion/sanidad_ambiental/eu_1249/r01hRedirectCont/contenidos/informacion/estado_playas/eu_hondartz/hondartzen_egoera.html

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau