Berriak Lehendakaritza
Eu

EUDELek "Udal Legerako Oinarri Agiria” eman dio Lehendakariari

2010.eko martxoak 30

 EUDELeko Batzorde Eragileak gaur goizean Lehendakariarekin, Patxi Lopezekin, bilera bat izan du, oinarri-agiri hori emateko. Euskal udalek egin dute, eta elkarteko azken Batzorde Eragilean onartu zen, aho batez.

Batzarrean, EUDELetik, Jokin Bildarratz elkarteburua, Tontxu Rodríguez (Barakaldoko alkatea) eta Pablo Isasi (Amurrioko alkatea) elkarteburuordeak eta Batzorde Eragileko gainontzeko kideak izan dira. Lehendakariarekin batera izan dira Lehendakaritzaren idazkari nagusia, Manu Salinero, eta Koordinaziorako idazkaria, Virginia Múgica.

EUDELek esan du 251 direla aho bakar batetik hizketan ari diren toki-gobernuak eta euskal udalek izugarrizko ahalegina egin dutela hori lortzeko; Lehendakariari esan diote, era berean, gustura hartuko luketela Udal Legea ere aho batez onartuko balitzateke.

Alde horretatik, EUDELen ahaleginaren abiapuntua zein izan den ere adierazi dute, garbi asko: Euskadik Udal Legearen premia duela, eta denek uste dutela lege hori egiten hasi beharra dagoela. "Euskal udalen erronka handienetako bat Udal Legea lortzea da."

2008an hasi ziren testu honetarainoko bidean lanean, hainbat adituren eta EUDELeko teknikari-taldearen laguntzaz egin da, eta partizipazio-bide zabal batean aurrera eginda diseinatu da. Bide horretan, euskal udal guztiek izan dute ekarpenak egiteko aukera. Testu honetan dago jasota zein diren, udalen ustez, bihar-etziko Euskadiko Udal Legean jaso behar diren puntu nagusiak.

Agiriaren ardatz nagusia oinarrizko lau beharrizan hauen inguruan egituratu da: udal-autonomia indartzea, eskumenak argitzea, finantza-nahikotasuna eta Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan parte hartzea. Funtsezko lau puntu dira horiek, ondoko alderdi hauek zehazten dituzten hamaika atalen barruan: Legearen helburuak, Legearen izaera juridikoa, jaso behar dituen printzipioak, udal eskumenak definitzeak duen garrantzia, udal-ordezkarien estatutua izateak duen garrantzia, herritarren parte-hartzerako mekanismoak indartzeak duen garrantzia, politika publikoak eratzean udalek parte-hartzeko beharrizana (Politika Publikoen Euskal Kontseilua sortuz) edo tokiko zerbitzu publikoen kudeaketa eta udalarteko lankidetzarako formulak.

Lehendakariaren eta EUDELen artean izandako bilera erakundeen artean izan behar den elkarrizketaren barruan kokatzen da, izan ere, elkarrizketa horren bidez Jaurlaritzaren zereginari laguntzeko lana egin nahi da, Eusko Jaurlaritzari baitagokio lege-proiektua egiteko legegintzako ekimena. Erakundeen arteko lan horretan udalek laguntzeko jarrera bikaina erakutsi dute.

Eusko Jaurlaritzak ondo iritzi dio Udalek egindako lanari, eta, bere ustez, Oinarrien Dokumentua aintzat izanda eta aurretik egindako lanak ardatz hartuta (alegia, aurreko Jaurlaritzak egindako lege-proiektua, eta aurreko legegintzaldian PSE-Eek aurkeztutako lege-proposamena), Udal Legeari buruzko aurreproiektuaren lehendabiziko zirriborroa lehenbailehen egiten hasteko moduan gaude.

Jaurlaritzaren borondatea da zirriborro hori negoziazio ireki batean eztabaidatzea, bai Legebiltzarreko alderdiekin, bai honetan zerikusia duten gainerako erakundeekin, proiektu horrek babes zabala izan dezan etorkizunean; proiektua lehen sei hilabeteen barruan aurkeztuko da Legebiltzarrean, legegintza-egutegiak zehaztutakoari jarraituz.

Lehendabiziko irakurraldia eginda behintzat, Eusko Jaurlaritzak ez du ikusten desadostasunerako puntu kritikorik EUDELek egindako oinarrietan; aldiz, adostasun-ildo asko ikusten ditu, eta ildo horiek, seguru aski, lagungarri izango dira horrenbeste aldiz atzeratu den Udal Legeari bultzada emateko, eta Autonomia Erkidegoko sare instituzionala ehuntzeko.

Udal Legeak lehentasuna du Eusko Jaurlaritzako konpromisoen artean; beraz, Jaurlaritzak ahalegin guztiak egingo ditu Euskadik lege egokia, modernoa eta ahalik onartuena izan dezan. Eusko Jaurlaritzak, era berean, ahalegin bera eta eskuzabaltasun bera eskatzen dizkie legea aurrera ateratzeko zereginean zerikusia duten gainerako alde guzti-guztiei. Herriaren eta instituzioen interesa jarri behar da interes partikularren gainetik, proiektua Euskadik dituen beharrei erantzuteko ona den ala ez; horixe da gauza guztien gainetik baloratu behar dena, begiratu gabe araudi berriak erakunde hura edo bestea gobernartzerakoan ekar litzakeen ondorioak nolakoak izan litezkeen.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakari