Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak akordio bat sinatu du Laboral Kutxako Gaztenpresa Fundazioarekin, ahalbidetuko duena 440 lanpostu sortzea

2013.eko ekainak 10

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan Maria Aburtok eta Gaztempresa fundazioko buru Xabier Egibarrek autoenpleguaren arloko hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean Bilbon. Hitzarmen horrek enpresa berriak sortzea eta sendotzea erraztuko du, baita 440 langabetu, gazteak batez ere, laneratzea ere. Fundazioko zuzendari Inmaculada Ramosek ere hartu du parte sinatzeko ekitaldian.

Eusko Jaurlaritzak 215.000 euroko laguntza ekonomikoa emango du bi erakundeon arteko elkarlanaren barruan; hari esker hainbat ekimen berritzaile garatuko dira autoenpleguarekin eta negozio txikiak eta mikroeteak garatu eta mantentzearekin lotuta, lanik gabe edo horrela gelditzeko arriskuan dauden pertsonei lan-aukera berriak eman ahal izateko.

Helburu hori Lanbideri agindutako eginkizunekin dago lotuta; alegia, enpleguko eta trebakuntzako programak kudeatzearekin zein autoenplegua eta enpresen sorrera sustatzearekin. Juan María Aburtok hauxe adierazi du: «Gaur egungo Eusko Jaurlaritzarentzat lehentasunezko helburu bat da gazteen lehiakortasuna handitzea eta enplegua lor dezaten erraztea».

Sailburuaren iritziz, era horretako proiektuak lotuta daude Eusko Jaurlaritzaren sentiberatasunarekin eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren kudeaketa-apustuarekin. «Gure ustez balio ekintzaileak sustatzen dituen kultura bat eta enpresa berriak sortzeko orduan arrakasta lortzen laguntzen duen trebakuntza bat garatzea da gure jardunaren zutabeetako bat», nabarmendu du.

Zehazki, pertsona haiek parte hartu behar duten prozesuak ekiteko trebetasunak eta baliabideak zehaztea eta garatzea dakar, baita proiektua merkatuaren errealitatera egokitzea ere, betiere hiru modalitateri jarraiki:

Enpresa berri bat: kudeaketan esperientzia duten pertsonentzat edo egoki zehaztutako negozio-aukera bideragarri bat dutenentzat, baldin eta sorreran eta finantzaketan aholkularitza eta laguntza behar badituzte.

Berrenpresa: eskarmenturik gabeko eta jarduera ongi ezagutzen ez duten pertsonentzat. Arduradunak jarduera erretiroagatik, bizilekua aldatzeagatik edo horretaz arduratu ezin delako utzi behar duen negozioak identifikatzen dira, eta lagatzeko prozesua laguntzen da, aldi batez gerentziak batera egiteko eta negozioa kudeatzen ikasteko.

Eta hirugarren modalitate bat, koenpresa, jarduera batean esperientziarik ez duten, berariazko jakintzarik edo kudeatzeko gaitasunik ez duten eta baliabide urriak dituzten pertsonentzat. Haiei irtenbide integralak ematen zaizkie «giltza eskura» negozio bat eskuratuz; negozio horrek merkatuan sendotutako gida-enpresa bat ere badu, ekintzailea jardueraren merkataritza-garapenaz bakarrik arduratu behar izateko.

Azken biak 2012an abiarazi ziren. Aurten, helburua 591 diagnostiko-ekintza egitea eta 275 enpresa laguntzea da; ondorioz, 440 lanpostu sortuko dira.

Jaurlaritzak babesten duen bigarren ildo trebakuntza-zentroei eta unibertsitateei bideratuta dago, baldin eta ikasleen artean enpresa-ikaskuntzaren sustapena indartzeko interesa badute, bai eta autoenplegua lan-aukera gisa ezagutzen ez duten langabetuei ere.

Halaber, enpresen kudeaketaren finkapena ere sustatuko da, merkatuan lehiakorragoak izan daitezen. Arlo honetan enpresak finkatzeko 75 tailer egitea espero dugu, eta 23 enpresari laguntzea.

Azken 10 urteotan, Gaztempresaren baliabideei eta zerbitzuei esker 1.984 enpresa eta 3.632 lanpostu sortu dira EAEn.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Gaztempresa fundazioko buru Xabier Egibarre, Fundazioko zuzendari Inmaculada Ramos