Berriak Segurtasuna

Azken urte eta erdian Euskadin gertatutako indarkeriazko heriotza gehienak argitu dira

2013.eko ekainak 07

Hogeita lau heriotzatatik hiruk argitu gabe edo egileak atxilotu gabe jarraitzen dute

Ikertzaileek azken urte eta erdian Euskadin gertatutako indarkeriazko heriotza gehien-gehienak argitu dituzte, eta Ertzaintzak edo tokiko poliziek epaileen esku utzi dituzte ustezko egile gehienak. Gaur egun, 2012an gertatutako indarkeriazko bi heriotza eta 2013an gertatutako bat –atzo, Bilboko pisu batean aurkitu zuten emakumearena– argitu gabe daude oraindik.

2012an, hamalau lagun hil ziren indarkeriaz EAEn. Horietako biren kasuak ikertzen ari dira oraindik ere, eta ustezko egileak bilatzen. Gainerakoak argituta daude, eta ustezko egile materialak epailearen esku jarri dira kasu gehienetan.

Urteko lehenengo heriotza otsailaren 15ekoa da. Bilboko abokatu bat hil zuten Burgosen. Ertzaintzak ahalegin handia egin behar izan zuen kasua argitzeko. Ertzaintzak bi lagun atxilotu zituen, eta gorpua maiatzaren 17an aurkitu zuen Burgos iparraldeko leize batean.

Martxoaren 9an, 68 urteko gizon bat hil zuten Mallabian, bere kotxearen kanpoaldean zegoela, etxetik gertu. Martxoaren 20an, emakume bat atxilotu zuten Barakaldon, hilketaren egilea zela egotzita.

Martxoaren 20an, Boli Kostako 41 urteko gizon bat bere Bilboko etxean aurkitu zuten hilda. Beste norbaitek erail zuela zirudien. Antza denez, droga-trafikoarekin lotuta zegoen hilketa, eta une honetan ikerketa-prozesuan dago.

Martxoaren 25ean, emakume bat hil zuten aiztokadaka Tolosan. Bikotekidea atxilotu zuten, hilketaren egilea zela egotzita.

Apirilaren 1ean, gizon bat hil zuten Bilboko Santutxu auzoko Iturribide kaleko jatetxe baten kanpoaldean. Hurrengo egunean, egilea atxilotu zuten Lemoako etxebizitza batean.

Apirilaren 7an, gizon baten gorpua aurkitu zuten Lasarte-Oriako baserri batean. Indarkeria-zantzu argiak zituen. Hurrengo egunean, biktimaren iloba atxilotu zuten, hilketaren egilea zelakoan.

Maiatzaren 1ean, hiru pertsonek gizon bat jipoitu zuten, Barakaldoko Mega-Parken inguruan eztabaida izan eta gero. Biktima handik gutxira hil zen ospitalean. Tokiko poliziak tartean ziren hiru pertsonak atxilotu zituen. Bi kartzelara eraman zituzten, eta hirugarrena aske utzi zuten, karguekin.

Maiatzaren 25ean, emakume bat aiztokadaka hil zuten Deustuko Ramón y Cajal etorbidean bete-betean. Hiltzailea atxilotu zuten; bizilagunekin arazo ugari izandako gizona zen. Epailearen esku jarri zuten, eta, ondoren, espetxean sartu zuten.

Ekainaren 2an, pertsona batek, Bilboko San Frantzisko auzoko etxebizitza batera sartu eta, bere neska-lagunaren bikotekidea hil zuen labanaz.

Ekainaren 25ean, gizon baten gorpua aurkitu zuten Andoaingo Kaletxiki kaleko etxebizitza bateko armairuan. Hiltzailea, Ameriketako Estatu Batuetako gizon bat, biktimaren pisu-kidea zen, eta mailuz hil zuela aitortu zuen. Atxilotu, eta kartzelan sartu zuten.

Uztailaren 2an, 29 urteko gizon kolonbiar bat hil zen. Basurtoko ospitaleko larrialditan abandonatu zuten, eta su-arma batek eragindako zauria zuen sabelaldean. Ondorengo egunetan, hiltzailea eta bi konplize atxilotu zituzten Bilbon eta Valentzian.

Urriaren 10ean, 93 urteko emakume bat aurkitu zuten hilda bere etxean Donostiako San Martin kalean. Ikerketaren hipotesi nagusiaren arabera, lapurreta bat izan zen. Zenbait aste geroago, hiru gazte atxilotu zituzten, hiltzaileak zirela egotzita.
Azaroaren 27an, senar-emazte batzuk aurkitu zituzten hilda beren etxean, Araian. Senarrak emaztea hil zuen aizkoraz, eta, ondoren, bere buruaz beste egin zuen, urkatuta.

Aurten, hamar heriotza

2013. urtea hasi zenetik hona, hamar lagun hil dira indarkeriaz Euskadin. Horietatik bederatzi argitu dira, erabat edo zati batean, eta tartean ziren pertsonak atxilotu egin dituzte.

Maiatzaren 2an, brasildar bat hil zen N-121 errepidean, Irunen, ihesi zihoan kamioilari batek harrapatuta. Ertzaintzak, lan handia egin ondoren, harrapatzearen egilea identifikatu zuen. Bi aste geroago, Guardia Zibilak Albaceten atxilotu zuen.

Maiatzaren 6an, bi gaztek eztabaida izan zuten Getxoko Bizkerre kalean eta batak bestea, 20 urteko gizonezkoa, hil zuen labanaz. Ustezko hiltzailea handik gutxira atxilotu zuten.

Maiatzaren 9an, senar-emazte batzuen gorpuak aurkitu zituzten beren etxean, Gasteizen. Hipotesi nagusiaren arabera, senarrak emaztea hil zuen, eta, gero, bere buruaz beste egin zuen.

Maiatzaren 22an, 52 urteko gizon baten gorpua aurkitu zuten Gasteizko Lakua auzoko erkidego-garaje batean. Ekainaren 6an, Ertzaintzak 17 urteko gazte bat, hildakoaren lankidea, atxilotu zuen, hiltzailea zelakoan.

Maiatzaren 23an, 49 urteko gizon batek 29 urteko bikotekidea hil zuen labanaz beren etxean, Laudion. Hiltzailea han bertan atxilotu zuten.

Maiatzaren 24ko gauean, emakume bat atxilotu zuten Muxikan, ama aizkoraz hiltzea egotzita.

Ekainaren 2ko arratsaldean, pertsona bat atxilotu zuten Bilboko Máximo Agirre kaleko gimnasio batean, 29 urteko emakume bat torturatzen ari zela. Emakumea handik egun batzuetara hil zen ospitalean, zauri larriak baitzituen. Ustezko hiltzailearen lokalean eta etxebizitzan gorpuzkiak aurkitu zituzten. Gorpuzkiok, baina, beste emakume batenak ziren, hain zuzen ere, aurrekoaren antzeko egoeran hildako 40 urteko emakume batenak.

Ekainaren 6ko arratsaldean, 79 urteko emakume bat aurkitu zuten hilda bere etxean, Bilboko Gordoniz kalean. Lotuta zegoen, eta ahoa estalita zuen. Ertzaintzak ikertzeari ekin zion, eta, lehen hipotesiaren arabera, baliteke hilketa etxebizitzan egindako lapurreta batekin lotuta egotea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko