Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregi´k 2016´rako ezarri du metroaren III. linearen amaiera data, eta kostuaren hazkundea prezioen eguneratzeari, Txurdinagan aurkitutako zailtasun geoteknikoei, irisgarritasun beharrei eta Zazpi Kaleetako geltokiari egotzi die

2013.eko ekainak 11

Ana Oregik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailburuak, 2016. urteko abendurako ezarri du Bilboko Metroaren III. lineako lanak amaitzeko data, hainbat zati eta azpiegitura edo obra zibilaren parte bat 2014. urtearen bukaerarako amaituta egongo badira ere: hori izango da San Antonio/Etxebarri, Txurdinaga/Zazpi Kaleak eta Uribarri zatien eta Matikoko geltoki berriaren kasua. 2016. urtean linea osoko lanak amaituko dira, Etxebarri-Txurdinaga zatia, Zazpi Kaleetako geltokiarekin eta elektrifikazio, katenaria, altzari eta seinaleztapen elementuen instalazioa bukatzen direnean.

Oregi, Eusko Legebiltzarreko Ingurumen eta Lurralde Politika Batzordearen aurrean agertu da gaur arratsaldean, eta Bilboko Metroko III. linearen aurrekontuan izandako %38ko hazkundearen arrazoi nagusia urtero gertatu ohi den prezioen eguneratzea izan dela azaldu du. 2004. urtean aurrekontu hori 151 milioi euro ingurukoa izango zela aurreikusi zen, eta 2012an aurrekontua 208 milioira igo da.

"Horrez gain -Oregik adierazi duenez- horri guztiari Txurdinagan sortutako arazo geoteknikoak gehitu behar zaizkio. Beharrezkoa izan da jatorrizko tunel proiektua aldatzea, lur-azpiko materialaren osaketaren ondorioz. Hori dela eta, aurrekontuak 17 milioi euroko igoera izan du" (*).

Horrez gain, Bilboko Udalak proposatutako hobekuntzak sartu dira, 7,8 milioi eurotan baloratuak, eta proiektuak beste zenbait gehikuntza ere baditu. Zurbaranbarriko sarbide berria (2,8 milioi euro), Zazpi Kaleetako geltoki berria, 13 milioi euroko aurrekontuarekin, eta Matikoko geltokia eta haren inguruko urbanizazio lanak, 13,5 milioi eurotan baloratuak.

Oregi Sailburuak azaldu duenez, "Sail hau modu estuan ari da lanean Bilboko Udalarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin, biztanleentzat interesgarri izan daitezkeen eta hiri mugikortasuna hobetuko duten ekarpen guztiak proiektuan sartu ahal izateko".

"Aurreikuspenen arabera -esan du Oregik-, 2016. urtearen amaierarako, Metroaren III. lineako lan guztiak amaituta egongo dira. Gogoratu behar da Bizkaiko Foru Aldunditik behin baino gehiagotan adierazi zitzaiola aurreko Jaurlaritzari beharrezkoa zela aurrekontuan izandako aldaketak zirela eta hitzarmenean egokitzapena egitea, eta horrek eragina izango lukeela azken aurrekontuan. Egungo Eusko Jaurlaritzak Garraioen eta Azpiegituren kudeaketa bere esku hartu duenetik, Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatutako Hitzarmena aldatzeko planteamendua aurkeztu du, eta datorren iraila baino lehen, bi erakundeok, proiektuaren finantzaketa eta garapena bermatuko duen hitzarmen berria sinatuko dugu. Hiru erakundeen, Udalaren, Aldundiaren eta Jaurlaritzaren, arteko koordinazioa etengabea da, eta baita biztanleekin eta Barrutiko Batzarrekin duguna ere".

"2014. urtearen amaierarako San Antonio/Etxebarri, Txurdinaga/Zazpi Kaleak eta Uribarri zatietako eta Matikoko geltoki berriko lan gehienak amaituta egongo direnez, aurrerantzean inguru horietako biztanleek askoz ere eragozpen gutxiago izango dituzte, azken bi urteetan lanek Etxebarri/Txurdinaga zatian eta Zazpi Kaleetako geltokian baino ez baitute jarraituko. Seinaleak, katenariak eta bestelako elementuak jartzea lan errazagoa da, eta ez du horrenbesteko eragozpenik sortzen. Egia esateko, Bilbok, eta linea horrek hartuko dituen auzo guztiek, hiri barruko garraiobide egokia izango dute, Metroaren I. eta II. lineek erakutsi dutenez. Horrela, hobekuntza nabarmenak egongo dira bizitza kalitatean, hiri erosotasunean, ingurumen alorrean eta hiritarrek joan-etorrietarako behar duten denboran", adierazi du Ana Oregik.


(*).-Txurdinagako tunelaren kasuan, eta aurretik katak egin baziren ere, nahi baino trinkotasun gutxiago zuen lur-azpia agertu zenez, teknikariek metro gutxi batzuetako lekualdaketa egin behar izan zuten haitzulo proiektuan, distantzian zein sakoneran, egungo tunela eraiki ahal izateko harkaitz-gune eta baldintza egokiak bilatuz. Eta horrela egin da.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)