Berriak Segurtasuna
Eu

Bederatzi ertzain ofizialki zoriondu dituzte beren merituzko jokabidea dela-eta

2013.eko ekainak 05

Gaur arratsaldean Arkauten egin den ekitaldian

Bederatzi ertzain zoriondu ditu ofizialki Segurtasun Sailak gaur Arkauten, herritarren zerbitzuan jardutean aparteko merituz jokatzeagatik. Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga izan da buru omenaldian, eta harekin batera Ertzaintzako zuzendaria eta zuzendari laguntzailea izan dira.

Omenaldia jaso duten ertzainetako bik banku-lapurreta bana zapuztu zuten, eta horregatik zoriondu dituzte. Batek Murgiako banku-sukurtsal batean egin nahi zuten lapurreta zapuztu zuen 2011ko maiatzean, zerbitzutik kanpo zegoela, eta zauri larriak izan zituen lapurrak eginiko labankaden ondorioz. Handik egun batzuetara atxilotu zuten lapurra. Besteak ere zapuztu zuen lapurreta bat, Bilboko Begoñaldeko banku batean, eta lapurra atxilotu ere egin zuen.

Beste bi ertzainek emakumeen kontrako erasoak zapuztu zituzten kalean, bi kasuetan ertzainak zerbitzutik kanpo zeudela. Horratx sariaren zergatia. Ekintzen ondorioz bi ertzainek zauriak izan zituzten; kasu batean spray batez zipriztinduta, eta bestean, berriz, erasotzailearen jipoiak eta ostikoak jasota. Bi erasotzaileak atxilotu egin zituzten.

Beste bi ertzainek herritarrak salbatzeagatik saritu dituzte. Lehenak bi lagun atera zituen itsasotik hondartza batean, ur-lasterrek eramateko arriskuan zeudela. Horretarako surflari batek utzitako ohola erabili zuen. Bigarrenak, berriz, uretan konorte galduta igeri zegoen lagun bat erreskatatu zuen Donostiako kaian. Bihotz-masaje bat eginez berpiztea lortu zuen gero.

Beste bi ertzainek beren burua hil nahi zuten bi lagun salbatzeagatik zoriondu dituzte. Horietako batek emakume batek leihotik salto egin ahala heldu zion eta haren pisuari eutsi zion harik eta beste kideek erreskatatu zuten arte, emakumearekin batera erortzeko arriskuan egonagatik ere. Sorbaldako lesioak izan zituen ertzainak horregatik. Beste ertzainak azotea baten erlaitzera igo zen gizon bat ez amiltzeko.

Omendutako azken ertzainak, zerbitzutik kanpo zegoela, horditurik zegoen gizon batek hainbat herritar iraintzea eta mehatxatzea saihestu zuen, baina hura atxilotzen ari zela haren eraso bortitza jaso zuen eta hainbat lesio pairatu.

Gaur Arkauten egin den ekitaldia EAEko hiru lurraldeetako ertzainak batera omentzeko egiten den lehena izan da. 2006an hasi ziren honelako omenaldiak egiten, baina orain artean lurraldeka egiten ziren.

Gaurko zeremonian Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga eta Ertzaintzako zuzendari Gervasio Gabirondo mintzatu dira, eta eskerrak eman dizkiete omendutako ertzainei beren dedikazioa eta ikasbidea, Ertzaintzaren irudiaren aldeko abala eta sendogarria baitira.

Euskadiko Polizia-legearen 79. artikuluak arautzen du nola aintzatesten diren Ertzainen ekintza goresgarriak.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)