Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Gobernu Kontseiluaren Erakunde-Adierazpena, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela eta. (2013-06-04(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2013.eko ekainak 04

Bihar, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatuko dugu. Eusko Jaurlaritza ingurumenarekin konprometituta dago, urteko egun guztietan eta herrialdeko txoko guztietan. Izan ere, ingurumenarekin lotutako konpromiso eta helburu argiak ditugu zehaztuta Gobernu Programan.

Lehenik eta behin, gure ekosistemak kontserbatzea sustatzen ari gara, eta, horri esker, gure natura-kapitala babesten eta berreskuratzen ari gara. Horretarako, honako hauek egiten ari gara: Biodibertsitate eta Geodibertsitate Estrategia onartzeko lan egin, BGLen mugak ezarri, Natura 2000 Sarea kudeatzeko tresnak garatu, korridore ekologikoen sarea amaitu, gure espazioen arteko lotura hobetu, espezie inbaditzaileen garapena geldiarazi, espezie mehatxatuak kontserbatzeko kudeaketa-planetan aktiboki lan egin eta Euskadiko bertako espezieentzako jarduketa-plan bat izan.

Horren adibide, gaur Madariaga Dorrean egin den Gobernu Kontseiluak habitat, espezie eta hegaztiak Kontserbatzeko 10 Eremu Berezi kudeatzeko adierazpena eta tresnak onartu ditu. Hona hemen eremuak: Aiako Harriak, Txingudi-Bidasoa (eta hegaztiak Babesteko Eremu Berezia Txingudin), Ulia, Jaizkibel, Urdaibai eta Gaztelugatxeko Donieneko eremuko Batasunaren Garrantzizko 4 Lekuak eta hegaztiak Babesteko Eremu Bereziak Txingudin eta Urdaibain.

Bigarrenik, gure ingurumen-kalitatea areagotzea sustatzen dugu. Horretarako, ibaien ibilguak hobetzen ditugu, uren kalitatearen eta tratamenduaren alde lan egiten dugu, uren saneamendu- eta arazketa-sareetan inbertitzen dugu eta uholde-arriskua murrizteko proiektuak eta ekimenak lantzen ditugu. Gainera, soinu-kutsadura murrizteko ahaleginak egiten ari gara, eta, hori lortzeko, zarata murrizteko ekintza-planak babesten ditugu eta arau-neurriak hartzen ditugu. Horrez gain, airea gero eta hobea izateko lanean dihardugu eta atmosferara egiten diren isurpenen eta klima-aldaketaren kontra borrokatzeko neurriak ezartzen ditugu.

Hirugarrenik, natura-ingurunearen jasangarritasuna eta kontserbazioa bultzatzen ditugu, eta Europako araudiak Euskadiko eremurako zehaztutako aurreikuspenak txertatzen ditugu. Ildo horretatik, Agenda 21en eta berariazko programen bidezko ingurumen arloko heziketa ezinbesteko tresna da gizarte-ereduan aldaketa lortzeko, eta honako hauek saihesteko: energia- eta material-baliabideak xahutzea, biodibertsitatea galtzea, kutsatzaileak atmosferara isurtzea, natura-baliabideak gaizki kudeatzea eta zoriontasuna kontsumoarekin identifikatzen duen garapen-eredua indartzea. Ingurumen-arloko boluntariotzarekin konprometituta gaude; izan ere, ingurumen-babesarekin eta -hobekuntzarekin sentsibilizatuta dauden pertsonak behar ditugu.

Beste ikuspuntu batetik, ingurumenean eragiten duten politika publikoen koordinazioa handitzen dugu, bai sailen artean, bai erakunde artean, eta sektore pribatuen integrazioa eta herritarren partaidetza sustatzen ditugu. Betiere, administrazio bakoitzaren eskumenak eta pertsonekiko konpromisoa errespetatuta.

Hortaz, Eusko Jaurlaritzak jasangarritasunaren ikuspegia txertatzen du Euskadiri dagozkion politiketan, eta IV. Ingurumen Esparru Programa egin du hori oinarri hartuta, Garapen Jasangarriari buruzko Euskal Ingurumen Estrategian (2002-2020) aurreikusitako konpromisoak garatzeko.

Azkenik, Eusko Jaularitzak bat egin du Nazio Batuen Erakundearen ekainaren 5erako proposamenarekin; hots, janaria barra-barra gastatzeari eta janaria ekoizteko beharrezkoak diren energiari eta natura-baliabideei buruz hausnartuko du.

Kanpaina horrek (Pentsatu. Elikatu. Aurreztu) jardutera deitzen gaitu, eta gogorarazten digu elikagaien ekoizpen globalak bizitzeko egokia den azaleraren % 25 hartzen duela, ur-kontsumoaren % 70 behar duela, baso-soiltzea % 80 eragiten duela eta gasen % 30 isurtzen duela. Jarduera horrek biodibertsitatea galtzea eta lurzoruko erabilerak aldatzea eragiten du.

Euskadiko sukaldaritza kalitatezkoa da, gure arrantza-, nekazaritza- eta abere-produktuak bikainak dira, eta kultura gastronomikoa are hobea. Egia da. Baina, hemen ere badugu beharrik, eta, askotan, Europa aurreratueneko beste herrialde batzuetan bezala, elikagaiak xahutzen ditugu. Gure ohituren zentzu etikoa eta kritikoa berreskuratu behar dugu, eta kontsumo arduratsua bermatu.

Ingurumenarekiko konpromisoak, bai pertsona gisa, bai gizarte gisa, anbizio handikoa izan behar du. Euskadik ingurumenarekiko, hau da, gure inguruaren biodibertsitateari eta kalitateari eustearekiko konpromiso berritua eta handitua ospatuko du ekainaren 5ean, indarrez eta ilusioz ospatu ere.

Eusko Jaurlaritzaren partez, eskerrik asko egunero horren alde lan egiten duzuenoi.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau