Euskaraldia
Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
qrcode

Euskadiko komertzioek urtean zortzi jaiegunez eta astean 72 orduz ireki ahal izango dute eta bi eskaintza-aldi izango dituzte, baina ez dute erabateko liberalizazioa izango, Madrilgo Gobernuak proposatuta bezala

2013-06-05

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Merkataritza Jardueraren Legea aplikatuko du ordutegietan eta sustapen-salmentetan, sektorearen are gehiago ez ahultzeko eta eskumenak defendatzeko

Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Itziar Epalzak gaur eman dio erabakiaren berri Merkataritzaren Aholku Batzordeari, eta azken horrek txalotu egin du hartutako neurria

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Merkataritza Jardueraren Legea aplikatuko du; hala, urtean zortzi jaiegun eta igandetan irekiko dira komertzioak, astean 72 orduz, eta bi eskaintza-aldi izango dituzte neguan eta udan. Horrenbestez, Madrilgo Gobernuak proposatutako 20/2012 Errege Lege Dekretua, ordutegiak eta salmenta bereziak erabat liberalizatzen dituena, ez da aplikatuko.

Jaurlaritzak helegitea ipini zion apirilean dekretu horri, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenak urratzen dituela iritzita. Jaurlaritzaren aburuz, aipatutako dekretuak sekulako kaltea egiten dio euskal merkataritza-sarearen zatirik handienari; izan ere, beren ezaugarriak kontuan hartuta, nekez ireki daitezke astean 90 orduz eta urtean gutxienez hamar jaiegunez, eta beherapenetan, sustapenetan eta saldoen salmentan erabateko liberalizazioa aplikatu.

Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Itziar Epalza Merkataritzako Aholku Batzordearekin elkartu da gaur goizean. Batzorde horretan sindikatuak, kontsumitzaileak, udalak eta bestelako erakundeak daude ordezkatuta. Epalzak hartutako erabakia satisfazio handiz entzun dute.

«Merkatari txiki eta ertainek egoera larria bizi dute: batetik, ordutegiak eta merkealdiak liberalizatzen ari dira kontsumoa gainbehera doan garaian, Rajoyren Gobernuak hartutako neurriaren ondorioz, eta merkatari txikientzat oso kaltegarria da, salmentak murriztu egiten baitira baina gastuak handitu ordu gehiagoz ireki beharragatik, eta, bestetik, funtzionarioei aparteko ordainsaria kenduta kontsumora bideratzen den dirua murriztu dute. Hori guztia ikusirik, Konstituzio Auzitegian ipinitako helegitea ebatzi bitartean, Eusko Jaurlaritzak egungo araudiari eutsiko dio Euskadin», azaldu du Epalzak.

Euskal merkataritza-sektorea, liberalizazioaren aurka

Sektorearen ordezkari Pedro Campok gogorarazi zuen txikizkakoen euskal sektoreak ohar larri bat egin zuela: martxoan Estatuan baino beherakada handiagoa izan zuen Euskadin sektoreak, bost puntu handiagoa, eta 2012an % 5,2 gutxiago fakturatu zuten. Urte horretan, 849 denda txiki itxi zituzten (guztizkoaren % 2,92), 1.314 lanpostu galdu ziren (% 1,67), eta, zenbaki absolututan, fakturazioa 120 milioi euro txikiagoa izan zen.

Camporen esanetan, merkataritza liberalizatzeak ez du lagunduko bizi duten egoera zaila hobetzen, eta Epalzak baieztatu zuen Eusko Jaurlaritzak eskura dituen neurriak hartuko dituela euskal merkataritza-sarearen betiko ezaugarriari eusteko: dibertsifikazioari. «Euskomerren hitzetan –nabarmendu zuen sailburuordeak–, desarauketaren inguruko aurreikuspenik latzenak ordutegien eta merkealdien liberalizazioa egin duten erkidegoetan ari dira betetzen, Madrilen esaterako.»

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)