Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Jaurlaritzaren ordezkariak Bilbon gertatutako genero-indarkeria kasua gaitzesteko elkarretaratzean izan dira

2013.eko ekainak 04

Josu Erkorekak, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak, bere elkartasuna erakutsi du indarkeria matxistaren aurka hainbat herritar afrikarrek deitutako protesta-elkarretaratzean, eta adierazi du kasuaren dramatikotasunak zirraraturik utzi dituela guztiak.


Erkorekak erantsi du elkarretaratze isila arrazoi bat gehiago dela gizartea kontzientzia dadin, eta herritarren esku-hartze aktiboa oinarrizkoa dela indarkeria matxistari eraginkortasunez aurre egin ahal izateko.


Herri Administrazio eta Justiziako sailburua eta Eusko Jaurlaritzako bozeramailea denak nabarmendu du esku-hartze aktiboa, kasu honetan, erabakigarria izan dela kasua ezagutu zedin, eta garrantzi handikoa izan daitekeela antzeko beste batzuk bistara atera daitezen, gisa honetako kolektiboak bereziki erasanerrazak baitira, gizartean ikusten ez diren pertsonak direlako: «emakumeak dira, beltzak, eta prostituzioan aritzen direnak; alegia, oharkabean pasatzen dira herritar arruntarentzat».


Honela mintzatu da Erkoreka: «Egundoko indarkeria eta bidegabekeria itzelak jasaten dituzten subjektu pasiboak dira, eta horrek zaintza areagotzera eta aktiboki mobilizatzera akuilatu behar gintuzke, eta ez salaketa egitera soilik, baizik eta, ahal dugun neurrian, gisa honetako bortizkeriaren aurka borrokatzera, horrelakorik berriro gerta ez dadin».


Elkarretaratze isila arratsaldeko sei eta erdietan hasi da, eta bertan izan dira Josu Erkoreka (Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburua), Juan María Aburto (Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua), Jon Darpón (Osasuneko sailburua) eta Izaskun Landaida (Emakundeko zuzendaria).


Hamabost minutuko isilaldiaren ondoren, adierazpen bat irakurri dute, «gizarteko pertsona zaurgarrienetako batek» pairatutako erasoa salatuz: «Emakume horiek, erasotzailearen biktima izateaz gainera, gizartearen aurrean ikusezin izatera kondenatuta daude».

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)