NIK Patrika Digitala
Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
qrcode

Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako eta Bizkaiko hamar gune naturalak izendatu ditu Natura 2000 Sarean

2013-06-04

• Aurretik, Arno, Izarraitz, Pagoeta, Garate-Santa Barbara, Hernio-Gazume eta hamalau ibai zein itsasadarrek dute izendapen hori
• Natura 2000 Sareak euskal lurzoruaren % 20 hartzen du
• Zortzi KBE eta bi HBEB

Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko zortzi gune natural izendatu ditu Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) gisa: Aiako Harriak, San Joan Gaztelugatxekoa, Urdaibaiko ibai-sarea, Urdaibaiko itsasertzak eta padurak, Urdaibaiko Kantauriko artadiak, Ulia, Jaizkibel eta Txingudi-Bidasoa. Era berean, Urdaibaiko itsasadarra eta Txingudiko badia Hegaztiak Babesteko Eremu Berezi (HBEB) izendatu ditu. Erabakiak euskal gobernuak -Iñigo Urkullu lehendakaria barne- Madariaga Dorretxeko Biodibertsitate Zentroan (Busturia) egindako bileran hartu dituzte.

Habitat naturalak eta basoko fauna eta flora kontserbatzeko Europako Erkidegoko hainbat zuzentarauk (Habitaten Zuzentaraua -Europako Parlamentua- eta Hegaztien Zuzentaraua) ezarritako atariko ikerketak eta lanak egin ondoren, Natura 2000 Sarea sortu da Euskadin. Europako sare ekologiko horren helburua biodibertsitatea mantentzea da, Europar Batasunaren intereseko basoko fauna eta flora eta habitatak kontserbatzeko esparru komun bat zehaztuz. Zuzentarauok Batasunaren intereseko habitatak eta espezieak zehaztu dituzte, bai eta horiek lehenetsi ere.

Natura 2000 Sarea EAEn ezartzeko lehenengo pausoak honako Gobernu erabaki hauen bidez eman ziren: 1997ko abenduaren 23koa, 2000ko azaroaren 28koa eta 2003ko ekainaren 10ekoa. Horietan sei gune izendatu zituzten Hegaztiak Babesteko Eremu Berezi, eta 52 gune proposatu Garrantzi Komunitarioko Leku (GKL) gisa aitortzeko. GKL horiek Europako Batzordera eraman ziren, eta guztiak onartu ostean, GKL izendatu zituzten, Euskadi barne hartzen duten Atlantikoko nahiz Mediterraneoko eskualde biogeografikoen barruan. Europako Batzordearen erabakiok eguneratuak izan dira, eta gaur egun, Natura 200 Sareak Euskadiko azaleraren % 20 baino gehiago hartzen du.

Ana Oregik gogoratu duenez, «Europako Batzordeak aurrerapauso hura eman ondoren, Habitaten Zuzentarauan bertan sei urteko epea aurreikusi zen leku horiek berberak Kontserbazio Bereziko Eremu gisa hartzeko. Izendapenarekin batera, beharrezko kontserbazio-neurriak eta kudeaketa-tresnak onartu behar ziren. 2010eko irailean EAEko 46 GKL (guztira 52 proposatu ziren) eta sei HBEB aitortzeko eta dagozkien neurriak onartzeko prozesua adostu zen. Horietako batzuk dagoeneko izendapena jaso dute eta halaxe argitaratu da Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean. KBE hauek izan dira: Arno, Izarraitz, Pagoeta eta Hernio-Gazume».

Kontserbazio Bereziko Eremuen inguruko prozeduraren barruan interes sozial eta ekonomikoen zenbait eragile garrantzitsurekin batera egin den partaidetzazko prozesua aurrera eraman da.

Aiako Harriak Irun eta Oiartzun arteko mendigune bat da, Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugan kokatuta. Artzaintzarako zoru lauak dituzten basoez osatuta dago neurri handi batean, eta harri-irtengune ugari ditu. Horretaz aparte, pagadi azidofilo eta harizti heldu daude, eta horien kontserbazio-egoera dela eta, Batasunaren intereseko basoko fauna ere aurki dezakegu bertan; aipagarrienak mehatxatutako saguzarrak eta ornogabe saproxilikoak dira. Leku garaietan bazkalekuak eta sastrakak ditugu, bai eta esfagnale batzuk eta bestelako landare interesgarriak ere.

Harri-irtenguneetan harkaiztegi silizeoetako flora kasmofita hazten da, guztiz ezohikoa Europa zein EAEn. Flora horren barruan oso interesgarriak diren hainbat espezie daude. Aipatzekoa da Soldanella villosa, eremu oso mugatuan hazten den endemismoa. Era berean, mendiguneak kalitate handiko ibarbasoak biltzen ditu. Horietan, urarekin lotutako faunak presentzia handia du, izokinen (Salmo salar) arrabalekuak, Pirinioetako desmanak (Galemys pyrenaicus) eta bisoi europarra (Mustela lutreola) ezartzeko gune egokiak baitaude.

Ulia eta Jaizkibel mendiak Kantauri itsasoko itsasertzean daude, eta Donostia, Pasaia, Lezo eta Irun mendean hartzen dituzte. Itsaslabar eta itsasbazterrak aurki ditzakegu, baina horiez gain, ingurune gazi eta haizetsuetako fruticosa eta landareen komunitateak eta flora kasmofitika silizikolaren zenbait espezie bizi dira. Jaizkibelek mikrohabitat ugari hartzen ditu, zeinetan EAEn oso arraroak diren espezieek babes hartzen baitute. Ulian, aldiz, Armeria euskadiensis endemismoa aurki dezakegu. Itsas-hegaztien presentzia handia da -habiagile bitxiak ere badaude- guneotan, eta biak oso garrantzitsuak dira hegaztien migrazioan. Arrazoi horiek direla medio, Natura 2000 sareko gune gisa izendatu dituzte.

Txingudi-Bidasoa Bidasoa ibaiaren bokalean kokatutako Hegaztiak Babesteko Eremu Berezi bat da, nazioarte mailako garrantzia duten hezeguneen Ramsar zerrendaren barruan dagoena. Fauna eta floraren aldetik balio eta interes handikoak diren padurak ditu, Batasunaren intereseko habitatekin erlazionatuta daudenak -horietako batzuk oso arraroak EAEn-. Horrez gain, habitatoi lotutako Batasunaren intereseko espezie mehatxatuak bizi dira, hala nola Zoostera noltii, Gasterosteus aculeatus (arrain hiruarantza), Salmo salar (izokin arrunta), Alosa alosa (kolaka) eta Bufo calamita (apo lasterkaria). Halaber, gune estrategiko baliotsua da hegaztientzat, migrazioan negu- eta atseden-toki gisa erabiltzen baitute, eta EAEko hezegunerik garrantzitsuena, Urdaibairen atzetik. Estuario horrek 290 hegazti-espezie baino gehiago hartzen ditu, horietatik 63 Hegaztien Zuzentarauaren I. eranskinean jasota daudenak. Besteak beste, aliotak (Gavia sp.), mokozabala (Platalea leucorodia), koartzatxo txikia (Egretta garzetta), arrano arrantzalea, (Pandion haliaetus) eta ur-benarriza (Acrocephalus paludicola).

KBE eta HBEB izendatu berri dituzten Urdaibai eta San Joan Gaztelugatxeko eremuek Batasunaren intereseko habitat eta espezieak dituzte, eta atseden hartzeko eta elikatzeko tokiak dira aldizka EAEra iristen diren hegazti migratzaileentzat. Gune horietan, ibai-sareak berebiziko eginkizuna du Natura 2000 Sarearen koherentziaren barruan, lotura ekologikoarentzat oso garrantzitsua baita. Funtzio hori luzetara -sare hidrografikoan zehar- nahiz zeharka adierazten da, ibaiertzeko basoen eta harizti eta artadien arteko loturetan, baina baita eremu menditsuagoetan ere, estuarioan eta kostaldean.

 

7 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @AinesSurfrider
    2013-06-05

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco designa diez nuevos espacios protegidos en el ámbito de la Red Natura 2000 https://t.co/mMH3rEK4kg @sfesuratlantico

  • Argazkia SN Robot
    @SFEsuratlantico
    2013-06-05

    Comentario de Twitter:
    RT @AinesSurfrider: El Gobierno Vasco designa diez nuevos espacios protegidos en el ámbito de la Red Natura 2000 https://t.co/mMH3rEK4kg @sfesuratlantico

  • Argazkia SN Robot
    @EndikaVazquez
    2013-06-05

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco designa diez nuevos espacios protegidos en el ámbito de la Red Natura 2000. http://t.co/QKY8EEpbNu

  • Argazkia SN Robot
    @uraEJGV
    2013-06-05

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako eta Bizkaiko hamar gune naturalak izendatu ditu Natura 2000 Sarean. http://t.co/Nvc28sJoUT

  • Argazkia SN Robot
    @Udalsarea21
    2013-06-04

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako eta Bizkaiko hamar gune naturalak izendatu ditu Natura 2000 Sarean. http://t.co/Nvc28sJoUT

  • Argazkia SN Robot
    @aherreras
    2013-06-04

    Comentario de Twitter:
    PRT @Irekia_News: GobVasco designa 10 nuevos espacios protegidos en el ámbito d la Red #Natura2000; http://t.co/p4VVol6QFz @ActivaRedNatura

  • Argazkia SN Robot
    @euskadinnova
    2013-06-04

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako eta Bizkaiko hamar gune naturalak izendatu ditu Natura 2000 Sarean. http://t.co/Nvc28sJoUT

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan