Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak alderdi politiko guztiekin «harreman ona» izatea eta «ahalik eta akordio zabalenetara heltzea» du desio

2013.eko ekainak 04

Iñigo Urkullu lehendakariak positiboki baloratu du atzo EAJ eta PSE alderdien artean izandako bilera, eta, hala, «herriarentzako akordio zabalak lortzeko aurrerapausoak ematea suposatzen duen oro positiboa» dela nabarmendu du.  Azkenean EAJk PSErekin akordio bat lortzen baldin badu, ez dela akordio itxia izango ere gaineratu du Urkulluk. Izan ere, lehendakariak nabarmendu duenez, alderdi politiko guztiekin «harreman ona» izatea eta «ahalik eta akordio zabalenetara heltzea» du desio. Ildo horretan, akordioak onuragarriak liratekeela eta euskal gizarte osoari egonkortasuna emango lioketela gaineratu du Urkulluk, «ez soilik Eusko Jaurlaritzari, baizik eta erakunde guztiei».

Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela eta, Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan duen Gobernu Kontseiluak Urdaibaiko Erreserban egin du gaurkoan bere asteroko batzarra. Behin bilera amaituta, lehendakariak komunikabideen aurrean hitz egin du.

ETAren desarmea, «baldintzarik gabe eta lehenbailehen»
ETAren desarmearen inguruan ere hitz egin du Urkulluk, eta, nabarmendu duenez, erakundeak «baldintzarik gabe eta lehenbailehen» entregatu behar ditu armak. Gaineratu duenez, bai bera lehendakari bezala bai Eusko Jaurlaritza erakunde gisa «egin daitekeen guztia» egiten ari dira desarmea eman dadin, eta aurrerantzean ere horrela jarraituko dute.

Batasuneko bozeramaile ohi Arnaldo Otegiren, LABeko idazkari nagusi ohi Rafa Diezen eta Bateragune auzian espetxeratutako beste hiru pertsonen defentsak Auzitegi Konstituzionalaren aurrean eskatutako babes helegitearen inguruan ere hitz egin du Iñigo Urkulluk. Hala, Auzitegi Konstituzionalak auzia lehenbailehen ebaztea eskatu du lehendakariak eta kondenatutakoetako inor ez litzakeela «arrazoi honegatik» kartzelan egon behar nabarmendu du.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2013.06.04)

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)