Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Euskal erakundeek Nekazaritza Politika Bateratu berriaren gainean erabakiak hartu eta politika aplikatzeko modua erabakitzeko ahalmena izatea eskatu diote Madrili

2013.eko ekainak 03
  • Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko zein Gipuzkoako foru aldundiek baterako adierazpen bat izenpetu dute NPBaren Erreforma (2014-2020) aplikatzeko moduaren gainean hartuko duten jarrera ezartzeko.

· Erakundeek laguntza zuzenen alorrean eskualde administratiboen eredua ezartzeko eskatu diote gobernu estatalari, bai eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bitartez (FEADER) landa garapenerako ematen diren laguntzen aplikazioan hartu beharreko estrategia, helburu eta neurriekin lotuta erabakiak hartzeko erabateko ahalmena izatea ere.

Euskal Autonomia Erkidegoak Nekazaritza Politika Bateratuaren erreforma aplikatzeko moduaren gainean duen jarrera helarazi dio Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko Ministroari adierazpen baten bitartez.  Adierazpen hori Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko zein Gipuzkoako foru aldundien arteko akordio baten emaitza da; izan ere, indarrak batu egin dituzte euskal lehen sektorearen errealitate sozioekonomikoa aintzat hartu ez eta errealitate horretara egokitutako politikak garatzea eragozten duen estatuko eredurik ez inposatzeko eskatzeko.

Dokumentuak gogora ekartzen du Europako Parlamentuaren eta NPBaren erreformari buruzko Kontseiluaren Erregelamendu Proposamenean nekazariei zuzenean egiten zaizkien ordainketetan aplikatu beharreko arauak ezartzen direla eta arau horien arabera Estatu Kideek ahalmena dutela oinarrizko ordainketa erregimena eskualde mailan aplikatzeko.   Era berean, FEADERen bitartezko landa garapenerako laguntzari dagokionez, ezartzen du Estatu kideek beren lurralde osorako programa bakarra edo eskualdekako programen multzoa aurkeztu dezaketela.

Horregatik guztiagatik, euskal erakundeek Estatuko Administrazio Orokorrari eskatzen diote NPBaren hurrengo aldirako egingo duen planteamenduan zuzeneko laguntzen alorrean eskualde administratiboen eredua ezartzeko Euskadirako, estatuko banaketan gure erkidegoari dagokion diru zenbatekoan oinarrituta. Era berean, FEADEReko laguntzen aplikazioan estrategiak, helburuak eta neurriak erabakitzeko erabateko ahalmena edukitzea eskatzen zaio, erkidegoaren errealitate sozioekonomikora egokitu ahal izateko.

Aukera horien inguruan hartuko den erabakiak eragin zuzena izango du Autonomia Estatutuan Mendi, Nekazaritza, Abeltzaintza, Sustapen, Garapen Ekonomiko eta Jarduera Ekonomikoaren Plangintzarekin lotuta Euskadiri ematen zaion eskumena gauzatzeko moduan.   Gaur egun NPBaren esparruan programatuta dagoen gastu publiko bakarra diru sarrera autonomikoetatik dator, beraz, Autonomia Erkidego honi dagokio eta berari bakarrik, gainera, finantzaketa publiko hori zein egitura sektorialetan gauzatuko den zehaztea.

Dokumentua Arantza Tapia Ekonomia Garapen eta Lehiakortasuneko Sailburuak, Irene Pardo Bizkaiko Nekazaritza diputatuak eta Jon Peli Uriguen Gipuzkoako Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismoko diputatuak izenpetzen dute, eta bertan egiten den proposamena erlazioa duten beste eremu batzuetara zabaltzen da, esaterako Berrikuntzara, Merkatuen Antolakunde Bateratu bakarrera edo Ardoaren laguntzarako programa nazionalera.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau