Berriak Lehendakaritza

Euskal gizartearen gehiengoak uste dute ingurumena zaintzea beharrezkoa dela, nahiz eta kostu ekonomikoak ekarri

2013.eko ekainak 03

Garoña zentralari dagokionez, ixtearen aldekoa da gehienen jarrera (%62), Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Gabineteak Ingurugiroari eta Energiari buruz egin duen azterketa baten arabera

Euskal gizartearen gehiengoak, %60k, informatutzat jotzen dute beren burua ingurumeneko gaiei buruz. Gainera, ingurumena zaintzeari garrantzi handia ematen diote; izan ere, 10 pertsonatik 8k uste dute ingurumena zaintzea beharrezkoa dela, nahiz eta kostu ekonomikoak ekarri.

Bat-batean iritzia emateko eskatuz gero, berriz, airearen kutsadura da ingurumenarekin lotutako arazorik garrantzitsuena (%38), eta, jarraian, klima-aldaketa (%11), kutsadura oro har (%9), uraren kutsadura (%8) eta etxeko hondakinen tratamendua (%7), hurrenez hurren.

Ingurumena babestea eta kutsaduraren kontrako borroka "berehalako arazotzat eta arazo larritzat" jotzen dutenen kopurua %79tik %72ra apaldu da, 2004. urtetik hona. "Etorkizunerako arazotzat" hartzea, aldiz, %16tik %25era igo da.

Euskal herritarren %57 ingurumena babesteko politikak bultzatzearen aldekoak dira, testuinguru ekonomikoa gorabehera; %35 mantentzearen alde daude; eta %4k soilik murriztu nahiko lituzkete horrelako politikak.

Euskadin ingurumena babesteko egiten ari denari dagokionez, herritarren %15ek uste dute asko ari dela egiten, %57k nahikoa deritzote, %18k gutxi deritzote eta %10ek ez dakite edo ez diote galdera honi erantzun.

INGURUMENAREN BABESA ETA EGUNEROKO BIZITZA

Euskal gizartearen gehiengoak dioenez, badu ingurumena errespetatzeko jokabideren bat: %78 oinez edo bizikletaz joaten dira edo garraio publikoa erabiltzen dute beren herrian mugitzeko, %75ek garbiguneak erabiltzen dituzte edo udalera deitzen dute etxetresnak edo gailu elektronikoak botatzeko, %64 ingurumen-arrazoiengatik ura aurrezten saiatzen dira eta %48k jokabide bera dute berokuntzarekin edo aire girotuarekin.

Kontsumitzeko ohitura iraunkorrak ez dira hain ohikoak: %42k produktu birziklatuak erosi ohi dituzte, %31k gutxi ontziratutako produktuak eta %19k produktu ekologikoak.

Nahiz eta 10 pertsonatik 8k ez duten ingurumenaren aldeko ekimenetan parte hartzen (hondartzak edo parkeak garbitzen, edo zuhaitzak landatzen), euskal biztanleriak bere ohituretan sartzen du ingurumenaren babesa eta, are gehiago, %78 ohiturak aldatzeko prest egongo lirateke, ingurumenarekin adeitsuagoak izateko.

ETXEKO HONDAKINEN BANAKETA ETA BIRZIKLAPENA

Euskal biztanleriaren gehiengo handiak, %83k, esaten du hondakin guztiak edo ia guztiak banatzen dituela birziklatzeko asmoz eta %13k hondakin batzuk bakarrik bereizten dituztela. %3k soilik diote inolako hondakin-motarik ez dutela bereizten, gehienbat, lekurik ezagatik.

Hondakin guztien birziklatzearen ehunekoa igo egin da 2004tik. Beira da gehien banatzen den hondakin-mota, hain zuzen ere, biztanleriaren %93k bereizi ohi dute, %5ek batzuetan egiten dute eta %1ek soilik ez du inoiz bereizten.

Gainera, %75ek pentsatzen dute hondakinak bereizteak beharrezkoa izan beharko lukeela Euskadi osoan, baina biztanleria osoaren %27k soilik pentsatzen du zehagarria izan beharko lukeela.

ENERGIA

Euskal gizartearen gehiengoak (%67k) pentsatzen du, energia-moten artean, eguzki-energia, haize-energia eta ur-energia bultzatu beharko liratekeela.

Energia nuklearrari dagokionez, %53k uste dute esaten den baino handiagoak direla haren arriskuak, %22k deskribatzen diren bezalakoak direla, %14k esaten den baino txikiagoak, eta %12k ez dakite edo ez dute erantzun. Zehazki, Garoña zentralari dagokionez, ixtearen aldekoa da gehienen jarrera (%62), %20k nahiago lukete martxan jarraitzea eta %19k ez dakite edo ez dute erantzun.

Herritarren %23k erregai fosilak amaitzea oso arazo larritzat jotzen dute eta %51k larritzat. Gai horri aurre egiteko orduan, %60 ordezko beste energia-iturri batzuk bilatzearen alde daude gure kontsumoa eta bizimodua mantentzeko, eta %32k uste dute gure bizimodua aldatu eta kontsumoa murriztu beharko dugula. Bestetik, 10 pertsonatik 7k uste dute ibilgailuek gasolina edo diesela baino energia-mota eraginkorrago bat erabiliko dutela etorkizunean.

Euskal biztanleriaren %58k ez du ezer entzun "haustura-hidraulikoa" edo "fracking" deritzon gasa ateratzeko teknikari buruz. Horri buruz entzun dutenen artean (biztanleria osoaren %41), %53 kontra agertu dira, %9 alde, %16 ez alde ez kontra eta %22k ez dakite edo ez dute erantzuten. Hartzeko neurriei dagokienez, frakingari buruz entzun dutenen %61k pentsatzen dute arriskuak aztertu egin behar direla, %28k uste dute debekatu egin behar dela, %2k bultzatu egin behar dela eta %9k ez dakite edo ez dute erantzun.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko