Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregik: «Hausnarketa estrategiko bat egitea beharrezkoa da, Zaisak eta inguruak urrats gehiago emateko»

2013.eko ekainak 03


• Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak eta Irungo alkateak aduana inguruaren eta Jaizkibelgo korridore logistikoaren etorkizuna aztertu dute

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren aburuz, Zaisaren eta Jaizkibelgo korridore logistikoaren (Donostia, Pasaia eta Irun) inguruko hausnarketa estrategiko egoki bat egiteko garaia da, Irungo aduana-inguruaren garraio eta logistika potentzial handia garatzeko.

Oregi, Irungo alkate José Antonio Santano, Lurralde Politikako sailburuorde Izaskun Iriarte eta Zaisako gerente Luis Corta, besteak beste, aduanako plataformaren bilera batean izan dira, bertako bilakaera ekonomikoa aztertzeko eta etorkizun hurbilean hedatze estrategiko eta ekonomikorako zer aukera dauden jorratzeko.

«Kokaleku geografiko bikainari eta bertako kudeaketari esker, Zaisak etorkizun handia du; ezin dira ahaztu, gainera, inguruko azpiegiturak ere: batetik, Pasaiako eta Bilboko portuak, eta, bestetik, hemendik gutxira Europako zabalera estandarrean iritsiko diren trenbide-zerbitzu berriak karga-hausturarik gabe. Horrek esan nahi du lanerako modua nabarmen aldatuko dela», adierazi du Ana Oregik.

Eusko Jaurlaritzaren eta Irungo Udalaren hitzorduan erabaki dute «Espainiako Gobernuari gogoraraztea oraindik ere berritzeke eta modernizatzeke dauzkala Santiago zubiaren inguruko trenbideak, Irungo mugan».

«Beste lurralde-agertoki bat planteatzen dugu, lehenbailehen hausnarketa estrategiko bat eskatzen duena», adierazi du Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak.

Hitzorduan aduana-inguruko enpresa handietako ordezkariak ere izan dira, baita Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politikako sailburuorde Izaskun Iriarte eta Garraioetako zuzendari Imanol Leza ere.

ZAISA plataforma logistikoa Irunen dago, Iberiar penintsula eta Europa barrualdea lotzen dituen gunean. Bertan elkartzen dira Europako ardatz atlantikoko joan-etorriak, bai errepidez egiten direnak, bai trenbidez egiten direnak. Hiru gune bereizi ditu Zaisak, eta 400.000 m2 baino gehiago garraio- eta logistika-jardueretarako. Hala, sektoreko 140 enpresa baino gehiago daude bertan, eta 1.500 profesionalek egiten du bertan lan. Urtean, 3.000.000 tona merkantzia baino gehiago garraiatzen eta kudeatzen dituzte. Horiek horrela, Zaisa da Euskal Autonomia Erkidegoan sektore horretako enpresa gehien elkartzen duen tokia, bai eta Europa hegoaldeko garrantzitsuenetako bat ere.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Beste gonbidatu batzuk
  • J.A.Santano