Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna

Eusko Jaurlaritzak lehiakortasuna hobetzeko hainbat datu jarriko ditu merkatarien esku, orain arte saltokien % 1ek soilik jasotzen zituztenak

2013.eko maiatzak 31

Euskadiko Merkataritzaren Behatokiak (Ikusmer) programa bat abiaraziko du gaur, 45.000 saltokiri hilero joeren, esperientzia berritzaileen eta egoeraren berri emateko

Itziar Epalza, Merkataritzako eta Turismoko sailburuordea: «Informazioa funtsezkoa da krisiari aurre egiteko»

Saltokien lehiakortasuna hobetze aldera, Eusko Jaurlaritzak, Merkataritzako Zuzendaritzaren bidez, ekimen bat jarri du abian Euskadiko Merkataritzaren Behatokian (Ikusmer), Euskadiko saltoki guztietara joerei, esperientzia berritzaileei eta egoerari buruzko datuak helarazteko.

Orain arte, Euskadiko 45.060 saltokien % 1ek baino ez zuen tresna hau erabiltzen; aurrerantzean, aldiz, erabilera handiagoa izatea nahiko lukete, krisiari eta kontsumoren murrizketari aurre egiteko informazio lagungarria ematen baitu.

Sektoreak barne-eskaerara jotzen du krisiari aurre egiteko; hala, bezeroak konfiantzaren, tratu onaren eta kalitatearen bidez erakartzen saiatzen da. Baina indartzeko eta hazteko beharra du; besteak beste, salerosketa elektronikoa hobetuz eta jarduteko aliantzak sortuz, udalerritik kanpo ere jarduteko aukera izan dezan.

Horregatik, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren eta Merkataritzako Zuzendaritzaren arabera, ezinbestekoa da merkatariek Ikusmer ezagutzea eta behatokiak eskaintzen dien informazioa behar bestetan erabiltzea.

Merkatariek buletin edo berripaper bat jasoko dute hilero, artikuluak, bideoak eta infografiak izango dituena, Ikusmerrek hautemandako joerak, albiste interesgarriak eta azterlan esanguratsuak bilduz. Gainera, hiru hilean behin, «Merkataritzaren inguruko datuak» izeneko atal bat jasoko du buletinak, hainbat adierazleren bilakaera azaltzeko: salmentak, Gizarte Segurantzaren afiliazioak, kontsumitzaileen konfiantza-indizea, eta abar.

Merkataritza bulegoek hilabetero informazioa zabalduko dute beraien eragin-eremu osoan, bazkide diren dendetan eta ez direnetan, eta newsletter hau jaso nahi duen guztiak, info@ikusmer.com helbidera mezua bidalita eska dezake.

Krisiari aurre egiteko informazioa

Euskadiko Merkataritzaren Behatokia, Ikusmer, 2007. urtean sortu zuten, merkataritza-banaketari buruzko informazioa biltzeko eta aztertzeko, lankidetza, enpresen bikaintasuna eta ezagutzaren kudeaketa lortzeko helburuz.

2010ean, Ikusmerrek aldatu egin zuen bere ikuspegia; etorkizuneko joerak aztertzen hasi, eta erreferentea bihurtu zen EAEko merkataritzaren lehiakortasuna hobetzeko informazioaren eta ezagutzaren arloan:

· Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza-banaketaren segimendua eginez.

· Espainiako eta Europako joerak bilduz, informazio estatistikoa sortuz, jasoz eta aztertuz.

· Emaitzak merkataritza-enpresen sarearen lehiakortasuna hobetzera zuzenduz.

· Politika instituzionalen eraginkortasuna orientatuz.

· Kontsumitzaileen poztasuna lortzera zuzenduz.

Helburu horiek lortzeko, Ikusmerrek:

  • Merkataritzaren arloko ezagutzen gordailua kudeatzen du, erakunde publikoek eta pribatuek (EUSTAT, INE, EUROSTAT...) sortzen duten informazioa bilduz, horiekin konektatzeko eta horien segimendua egiteko tresnak behar bezala antolatuz.
  • Merkataritzari buruzko informazioa sortzen eta kudeatzen du, jasotzen duen informazioa aztertuz, egoerari eta joerei buruzko inkestak eginez, txostenak eta azterlanak idatziz, eta EAEko sektorea behatzeko tresnak diseinatuz.
  • Industriaren eta zerbitzuen sektoreetako beste behatoki batzuekin sinergiak ezarri ditu.
  • Informazio eguneratua zabaltzen du, www.ikusmer.com webgunean eta gizarte-sare ospetsuenetan (facebook.com/Ikusmer, twitter.com/ikusmer, pinterest.com/Ikusmer, slideshare.net/Ikusmer, youtube.com/ikusmer). Tresna horiek oinarrizkoak dira Euskadiko merkatariek sektoreari eragiten dioten albisteen berri izateko.

Dena den, informazio hori ez zitzaion sektorearen gehiengoari iristen. Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren berregituraketari esker, saltokiek, aurrerantzean, buletin bat jasoko dute hilero, merkataritzari buruzko barometroarekin, diagnostiko-mahaiak eta joerei buruzko ikerketekin batera. Hala, zuzeneko harremana izango dute Ikusmer behatokiarekin, eta erakundeak eraginkortasun handiagoz erantzungo die establezimenduen beharrei.

Ikusmerrek egindako azterlanen artean, ondoko hauek nabarmen daitezke:

Euskadiko merkataritzari buruzko barometroak

Egoerari buruzko txostenak

Eskaerari buruzko barometroak

Diagnostiko-mahaiak

Azterlan hauek:

  • Saltokien ordutegia. EAEko familiei egindako inkesta
  • Kontsumitzaileen erosketa-ohituren eta lehentasunen aldaketei buruzko azterlana
  • Euskadiko merkatariek e-Commerce-ri buruz daukaten ikuspegia
  • Euskadiko merkataritzaren finantzaketa-beharrei buruzko azterlana. Ikusmer, Euskadiko Merkataritzaren Behatokia
  • Euskadiko merkataritzak gizartean duen eraginari buruzko azterlana. Ikusmer, Euskadiko Merkataritzaren Behatokia
  • Etorkizuneko joerak: e-Commerce. Ikusmer, Euskadiko Merkataritzaren Behatokia
  • Kontsumitzailearen merkataritza-esperientziaren balioespenari buruzko azterlana. Ikusmer. Euskadiko Merkataritzaren Behatokia
  • Merkataritzarekin lotutako behatokien sarea. Ikusmer, Euskadiko Merkataritzaren Behatokia
  • Merkataritzako berrikuntzari buruzko azterlana. Ikusmer, Euskadiko Merkataritzaren Behatokia
  • EAEko familien gastuaren eta kontsumitzaileen ohituren egiturari buruzko azterlana. Ikusmer, Euskadiko Merkataritzaren Behatokia
  • EAEko elikaduraren eta drogeriaren sektoreetako prezioen analisia.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)