Berriak Herri Administrazioa eta Justizia

Eusko Jaurlaritzak 20 milioi euro emango dizkio Gasteizko udalari Euskadiko erakune komunen egoitza izateagatik

2013-05-31

• Gasteizko Udalak X. legealdiko urte bakoitzeko 5 milioi euro jasoko ditu. 
• Gasteizko Udalak hiria baldintza egokietan edukitzeko, herritarren eta bisitarien segurtasuna bermatzeko eta zerbitzu publikoak hobetzeko erabili beharko du dirua

Gobernu Kontseiluak Gasteizko Udalari EAEko erakunde komunen egoitza izateagatik zuzeneko diru-laguntza bat ematea aztertuko du eta onartuko du, egokitzat jotzen badu.

Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailak eta Gasteizko Udalak hitzarmen bat sinatuko dute laster. Horren bidez, Jaurlaritzak legealdiko lau urteetako bakoitzean bost milioi euro emango dizkio Gasteizko Udalari.

Diru horrekin, Gasteizko Udalak ohiko gastuak estali beharko ditu, adibidez, hiria baldintza egokietan edukitzea, herritarren eta bisitarien segurtasuna bermatzea eta hiriko zerbitzu publikoak hobetzeko udal aurrekontuko I. eta II. kapituluetako gastuak.

Laster sinatuko den hitzarmenaren arabera, Gasteiz EAEko erakunde komunen (Eusko Jaurlaritza, Legebiltzarra, Arartekoa, Kontu Auzitegia, etab.) egoitza izateak gastu batzuk eragiten ditu: ekitaldi publikoetako segurtasunarekin, espazioen zaintzarekin, hirigintzako obrekin, ondare historikoaren babesarekin eta hiriaren irudia hobetzearekin lotutakoak, besteak beste. Eta horrek ondorioak ditu udal aurrekontuetan.

Hitzarmena sinatzearen bidez, Eusko Jaurlaritzak erakutsi nahi du X. legealdian Gasteiz EAEko erakunde komunen egoitza izatearekin konpromisoa duela.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)