Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Greba orokorra bestetan baino «eragin txikiagoa» izaten ari da

2013.eko maiatzak 30

ELA eta LAB sindikatuek Hego Euskal Herrian deitutako greba orokorraren eragina iazko irailaren 26koarena baino txikiagoa da. Juan María Aburtok baieztatu duenez, sektore pribatuan, jarraipena % 18,7koa da, eta iraileko greba orokorrean % 20koa izan zen. Zehazki, Aburtok adierazi du Bizkaiko enpresa pribatuetan, jarraipena % 10,8koa dela, Gipuzkoakoetan, % 43,1ekoa, eta Arabakoetan, % 11, 5ekoa.  Sektore publikoari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileen % 22,31k greba egin dutela adierazi du sailburuak; irailekoan, berriz, proportzioa handiagoa izan zen, % 29,84, alegia. Beste erakunde batzuek emandako datuak aintzat hartuta, esan daiteke sektore publikoan batez besteko jarraipena % 20koa izaten ari dela, duela zortzi hilabeteko greban baino % 5 txikiagoa.

Goizaren erdialdean, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan María Aburtok greba orokorraren inguruko bigarren balorazioa egin du. Sailburuak komunikabideek egindako galderei erantzun die Eusko Legebiltzarrean, non osoko bilkura egin baitute gaur.

Juan María Aburtok grebaren kutsu politiko handia nabarmendu du, bere esanetan, bultzatzaile nagusia ezker abertzalea izan baita. Sailburuaren ustez, grebaren bidez ez da lan-gatazkarik konponduko, blokeatutako hitzarmenena kasu, eta ez da lanbide arteko akordioaren inguruko negoziaziorik sustatuko.

Oso gertakari gutxi
Gertakariei dagokienez, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak beste greba batzuetan baino gutxiago izan direla ziurtatu du. Ez da atxiloketarik egin, baina hemezortzi pertsona identifikatu dituzte, beste langile batzuk mehatxatzeagatik.  Aburtoren bidez, Eusko Jaurlaritzak elkartasuna adierazi nahi izan die greba dela-eta gaur «anormaltasunak» izan dituzten guztiei.

Goizean, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak lehenengo balorazioa egin du. Bertan aditzera eman duenez, «nolabaiteko normaltasuna» da nagusi egunean. Adierazpen horietan gogoratu du Euskadiko 400 lan-hitzarmenak indarrean egongo diren azken eguna uztailaren 7a izango dela, 38 egun barru, hain zuzen. Aburtok esan duenez, egun horretan, «delikatua» izan daitekeen egoera konpontzeko alde bakoitzak zer egin duen baloratu beharko dute langileek.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)