Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika

Oregi Hondarribiko portuko belaontzietarako plataforma martxan jartzeko ekitaldian izan da

2013.eko maiatzak 31

• Udalak kudeatuko ditu portuko aparkalekuak
• Hobekuntzak argiztapenean eta sarbideetan
• Sailburua eta alkatea arrantzale-kofradian izan dira

Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua eta Aitor Kerejeta Hondarribiko alkatea Gipuzkoako herriko portuan izan dira gaur goizean, belaontzietarako arrapala eta plataforma martxan jartzeko ekitaldian, J80 mailako Espainiako bela txapelketaren harian.

Oregik esan duenez, «Hondarribiaren ezaugarri nagusia itsasoarekiko lotura da, bai arrantza sektoreagatik, bai kirol eta aisialdi sektoreengatik; hogeitaka motorrezko itsasontziren eta belaontziren amarratzeko eta Hendaiako mugakideekin nabigatzeko lekua da. Portu eredugarria da izan; aparteko baliabide turistiko eta ekonomikoen iturri da Hondarribiarentzat, eta Europar Batasuna sustatzen ari den itsas turismoaren kokaleku izateko aukera asko ditu, duela egun gutxi Itsasoaren Europako Egunaren ildotik Maltan egindako biltzarrean adierazi zen bezala».

Oregi, Kerejeta alkatea, Hondarribiko Klub Nautikoko ordezkariak, Almudena Ruiz de Angulo Eusko Jaurlaritzako Azpiegituretako zuzendaria eta Edurne Egaña Euskadiko Kirol Portuetako (EKP) zuzendaria lagun zituela, Hondarribiko arrantzale kofradian eta EKPren instalazioetan egon da.

Arrapala berria Hondarribiko bela-eskolaren ondoan, arrantza-portuko zabalguneen hego-mendebaldean kokatutako azpiegitura da. Garai batekoa, jende askok erabiltzen zuena, gazteek gehien bat, egoera oso txarrean zegoen, bai erakinei zegokionez, bai plataformaren erabilerari zegokionez; 50 m-ko luzera zuen eta 25 m-ko zabalera, eta arrapala erantsi bat, ontzi arinak igo eta jaisteko.

Kirol erreferentzia
Hondarribiko udalak bere gain hartu zituen bela-eskola kokatzeko beharrezko eraikuntza-elementuak gauzatzeko lanak. Kirol honetan trebatzeko behar bezalako bitartekoz hornitzea zen xedea, hala nola hainbat mailatako txapelketak antolatu ahal izatea. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Portu-azpiegituretako zuzendaritzak plataforma handitu eta berritzeko lanak gauzatu ditu. Obrak egiteko, guztira, 447 mila euro inbertitu dira.

Arrapala berriaren obren bidez, Klub Nautikoaren egungo plataforma handitu da; 40 m gehiago luzeran eta 19,75 m gehiago zabaleran. Plataforma berria egungo eremuaren kota berdinean eraiki denez, gorabeherarik gabeko espazio oso bat lortu da.

Gainera, ontzi arinak lehorreratzeko arrapala egin da (11,8 m-ko zabalera, 47 m-ko luzera eta % 12,6ko pendiza) eta pantalanera sartzeko eskaileretan eskudel bikoitza ipini da. Halaber, egungo argiztapen-lerroa luzatu da, kale-argi gehiago ipinita.

Plataforma zaharraren azalera ez zen nahikoa eta, gainera, maila bat baino gehiago zuen. Behin-behineko eraikuntza batzuk zeuden bertan eta portuko hegoaldeko kontradikearen alboan eraiki zen, ibaiertzeko moilarekiko perpendikularrean. Irisgarritasun oneko eremua da; Marina auzotik autoz, bizikletaz edo oinez iristea erraza da. Eskola inguruan kokatutako aparkalekua eta arrantza-portura iristen den bidegorria dira eremuak eskaintzen dituen zerbitzuak.

Udalak kudeatuko ditu portuko aparkalekuak
Oregik Hondarribiko udalari emaniko baimena berretsi du. Hala, Ramón Iribarren pasealekuko, Europa pasealekuko eta Hondarribiko Portuko Benta eremuko jabari publikoa okupatu ahalko du, 3 urtez aparkalekuak kudeatu eta ustiatzeko, 2013ko ekainetik hasita. Udal-kudeaketak egun Euskadiko Kirol Portuen erabiltzaileei eskaintzen zaizkien lekuak gorde beharko ditu. Guztira, 1.180 aparkaleku dira.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Edurne Egaña-EKP, Aitor Kerejeta-Alcalde de Hondarribia